Berriak
Eu

Kontsumoari loturiko erreklamazioek % 10 egin dute behera euskadin 2015ean, 2014koen aldean

2016.eko martxoak 14

Martxoak 15, Kontsumitzailearen Mundu Eguna

Kontsumobidek zuzenean egin du lan erreklamazio gehien pilatu dituzten enpresekin azken urte honetan, eta horiei jarritako erreklamazioak nabarmen murriztea lortu du 

Aurreko urteetan legez, telekomunikazioen sektoreak pilatu ditu erreklamazio gehien, zehazki, 10etik 4.

Kontsumobidek sustatutako bitartekotzen % 43 aldeen arteko akordioarekin ebatzi da.

Kontsumoari loturiko erreklamazioen kopurua % 10 jaitsi da Euskadin 2015ean, aurreko urtearen aldean. Telekomunikazioen arloa da, aurreko urteetan bezala, erreklamazio gehien pilatu dituen sektorea, zehazki, 10etik 4.  Kontsumobidek bitartekotza gehiago sustatu ditu eta egin direnen % 43 aldeen arteko akordioaren bidez ebatzi ziren. Arbitrajeetan, berriz, % 80 ebatzi ziren kontsumitzailearen alde. 

Bestalde, Kontsumobidek eskainitako doako prestakuntza-ekintzen kopurua handitu egin zen 2015ean. 83.552 pertsonek parte hartu zuten horietan eta % 6 kontsulta gehiago erantzun ziren, gehienbat telekomunikazioaren arlokoak.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak egindako 2015 urteari buruzko jarduera-balantzeko datuak dira horiek, gaur, Kontsumitzailearen Mundu Egunaren bezpera, prentsaurrekoan ezagutarazi dituztenak Osasuneko sailburu Jon Darpónek eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendari Xabier Legarretak. Agerraldiaren hasieran, Osasuneko sailburuak bihar Kontsumitzailearen Mundu Eguna dela ekarri du gogora eta, azpimarratu duenez, «produktuak edo zerbitzuak kontsumitzen ditugunean dagozkigun eskubideak gogorarazteko eguna da biharkoa, baina baita dagozkigun betekizunak ez ahaztekoa ere».     

2015eko balantzeari dagokionez, Jon Darpón sailburuak nabarmendu duenez, «erreklamazioen kopuruak behera egin izana kontsumitzaileak modu arduratsuagoan kontsumitzen ikasten hasi izanari zor zaio, baina baita euskal enpresen erantzukidetasun-maila gero eta handiagoari ere, kontsumitzaileen eskubideak gehiago errespetatzen ari direnez». Hori guztia, gehitu duenez, «Kontsumobidek egindako lanaren isla da eta, hala, gure eskubideak eta betebeharrak ezagutzeko aukera ematen digu, sentsibilizatzeko, informatzeko, prestakuntza emateko eta erreklamazioak izapidetzeko ekintzen bidez, eta horren osagarri gisa, merkatua ikuskatzeko eta kontrolatzeko jarduera zehatzak egiten ditu».

Horrenbestez, Kontsumobideko zuzendari Xabier Legarretak Kontsumoko Euskal Institutuak abian jarritako lan-ildoa goraipatu du, zehazki, erreklamazio gehienen erantzule diren enpresekin hasitakoa, haiek murrizteko. Kontsumobide, azaldu duenez, enpresa horiekin bildu da hainbat aldiz urte osoan zehar eta neurri zuzentzaileak proposatu dizkie erreklamazioak eragin dituzten arloetarako, enpresotan alderdi horiek landu ditzaten, erreklamazio kopurua gutxitzeko. Legarretak adierazi du neurri horrek oso emaitza onak lortu dituela; esaterako, kasuren batean, erreklamazioak % 40 jaitsi dira.

Aldi berean, Kontsumobideko zuzendariak Kontsumobideko lantaldearen lana eta prestasuna nabarmendu ditu, kontsumitzaileak babesten dituztelako erosketa-ekintza ororen «aurretik, bitartean eta ondoren». Gaineratu du helburu horri eutsiko diotela aurrerako lanetan ere, betiere 2014-2018 aldirako Kontsumobideren Plan Estrategikoaren esparruan eta Kontsumoko Udal Bulegoekin eta aurrerantzean ere diruz lagunduko dituen hiru kontsumoko euskal federazioekin koordinatuta.

Jarduera-txostenaren arabera, 2015ean, guztira, kontsumoari loturiko 21.221 erreklamazio aurkeztu dira; horietatik % 57 (12.057) Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoetan (KIUB), % 38 (8.090) Kontsumobidek hiru hiriburuetan dituen lurralde-zerbitzuetan eta % 5 (1.074) kontsumitzaileen elkarteetan. Kontsumo-bulego guztietan egin zuen behera erreklamazio kopuruak. Bestalde, ia erreklamazio guztiak aurrez aurre aurkeztutakoak dira (% 99,42).

Sektoreka, telekomunikazioek (telefonia eta Internet) erreklamazioen % 38 eragin zituzten. Bigarren erreklamazio-eragile nagusia energia-zerbitzuen sektorea izan da, % 10, eta, ondoren, etxetresna elektrikoena (informatika eta ikus-entzunezkoak barne), % 7. Erreklamazioen arrazoi nagusiak hauek izan dira: fakturazio-akatsak, kontratua ez betetzea edo emandako zerbitzuaren gutxiegitasuna.

Kontsumoko erreklamazioak ebazteko bideei dagokienez, alegia, bitartekotza eta arbitrajea, bitartekotza aplikatutako erreklamazioen % 43 aldeen arteko adostasuna lortuta ebatzi ziren.

Arbitrajearen kasuan, 2015ean, 765 arbitraje-eskaera jaso ziren, 2014an baino % 22 gutxiago. Arbitrajearen ondorioz 382 laudo eman ziren, horietatik ia erdiak, 184, kontsumitzailearen alde; zeharo, 116 (% 30), eta zati batean, 82. Telefoniak izan du laudoetan auzi gehiena.

2015ean 384 enpresa gehiago batu ziren arbitraje-sistemara; horrenbestez, 14.080 enpresak egin dute bat Kontsumoko Arbitraje Sistemarekin.

Kontsultak

Orotara, Euskadin 41.548 kontsulta erantzun ziren 2015ean zehar, aurreko urtean baino % 6 gehiago. Kontsulta gehien eragin zituen sektorea telekomunikazioena izan zen. Kontsumobidek erantzundako kontsulta kopurua ia % 17 hazi da, eta KIUBek erantzundakoena, aldiz, % 6.

Prestakuntza

Kontsumobideren jardunean garrantzi handia du, halaber, prestakuntzak, prestakuntza-zentroen, ikastetxeen eta helduen zentroen bitartez eskaintzen denak. 2015ean zehar, % 4 hazi da doako prestakuntza-ekintzen kopurua; guztira, 4.905 ekintza gauzatu ziren, 83.552 parte-hartzaile izan zituztenak.

Zehazki, Kontsumobideren prestakuntza-zentroetan 2.087 ekintza gauzatu ziren, tartean, hitzaldiak eta ikastaroak, eta horietan 25.464 pertsonari eman zitzaien prestakuntza. 137 ikastetxetan kontsumoari buruzko 2.696 tailer eman ziren. Horietan, guztira, 54.074 ikaslek zein haien irakaslek eta 989 gurasok hartu zuten parte. Azkenik, helduei zuzendutako programa espezifikoari loturiko 122 hitzalditan eta prestakuntza-eskoletan 3.025 pertsonek hartu dute parte.

Zehapenak eta merkatuaren Kontrola

Iaz, 108 zehapen-espediente ireki ziren, jasotako erreklamazioen ondorioz, zein programatutako ikuskapen-kanpainen ondorioz. Telefonia-enpresei dagozkie irekitako zehapen-espediente gehien.

Halaber, Kontsumobidek merkatuaren kontrolako 4.017 ikuskaritza egin zituen, eta jakinarazpena egindako 9.216 produktu-unitate erretiratu.

Argibide gehiago: www.kontsumobide.eus

Vitoria-Gasteiz, 2016.eko martxoak 14

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)