Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Turismo-eskaintza sendoa aurkeztuko du Euskadik Berlingo ITB Ferian, lehen aldiz stand propioa paratuta

2016.eko martxoak 09
  • Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak gaur goizean inauguratuko du Euskadiren gunea, azken bost urteetan % 15 hazi den Alemaniako merkatuan interesa pizten duten hiriburuak, Arabako Errioxa eta gainerako helmugak sustatzeko.
  • DSS2016ren hiriburutza aurkeztuko du Eneko Goia alkateak gaur goizean, Alemaniako prentsaren, enpresen eta turismo-arloko profesionalen aurrean egingo den irekiera-ekitaldia osatzeko.

Euskadik presentzia handiagoa izango du gaurtik larunbatera bitartean turismoaren sektoreko mundu osoko profesional nagusiak Berlinen bilduko dituen ITB Azokan. Lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzak, turismoan eskumena duten erakundeekin eta Basquetour, Euskadiko Turismo Agentziarekin batera, stand propioa paratuko du azoka horretan, gaur goizean inauguratuko duena Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak.

Ondoren, Donostiako alkate Eneko Goiak Alemaniako prentsaren, enpresen eta turismoaren sektoreko profesionalen aurrean DSS2016 Europako Kultur Hiriburutza aurkeztuko du. Hala, euskal ordezkaritzak Euskadi Basque Country helmugaren eskaintza nabarmenaraziko du lehentasunezkoa duen merkatu hartan.

Euskadiren standak lan-eremu bat izango du, sektoreko enpresei eskainia, eta informazio-gune handia, euskal helmuga turistiko nagusiak sustatzeko, tartean, hiru hiriburuak edo Arabako Errioxa. Gainera, euskal mitologiari aipamen egingo zaio, aurtengo apustuaren bereizgarria hori denez; eskaintza turistikoa kondairazko herrialdea denaren magiari eta erakargarritasunari lotzea: Euskadi Basque Country.

Alemaniako merkatua garrantzitsuenetako bat da euskal turismo-sektorearentzako; izan ere, Euskadira datozen turisten jatorriari erreparatuta, Alemania da laugarren turista-igorle nagusia, Frantzia, Erresuma Batua eta Estatu Batuen atzetik. Azken bost urteetan, Euskadira iritsitako turista alemaniarren kopurua % 15 hazi da, eta Jaurlaritzak merkatu horretan hautemandako hazkunde-marjina ustiatzen jarraitzeko helburua du.

ALEMANIAKO TURISTEN ETORRERA

  1. 1.   Alemaniatik etorritako turista kopuruaren bilakaera 2011-2015 aldian

2015ean, orotara, 81.321 iritsiera eta 168.706 ostatu-gau erregistratu ziren Euskadiko turismo-establezimenduetan, Alemaniatik etorritako turistei dagokienez.

Azken bost urteetako bilakaerari dagokionez, Alemaniatik etorritako turista kopurua % 15 hazi da, eta gurean egindako ostatu-gauak, bestalde, % 16.

Alemaniakoak turista guztien % 2,9 dira; hau da, Alemaniakoa laugarren atzerriko merkatu garrantzitsuena dugu, Frantzia, Erresuma Batua eta Estatu Batuen atzetik.

Azken bost urteetan, turista alemaniarren kopuruak gora egin izan du maiatza eta iraila bitartean.

Era berean, 2015ean, bitarte horretan bertan aurre urteetan baino turista alemaniar gehiago iritsi zen.

  1. Euskadi aisialdi-arrazoiak direla medio bisitatu duten Alemaniako turisten profila eta portaera

Euskadira iritsitako turisten jatorria. Euskadi bisitatzen duten turista alemaniarrak, gehienbat, Bavariakoak (% 21), Berlingoak (% 19) eta Baden-Wuttenbergekoak (% 16) dira.

Arrazoiak. Euskadira etortzeko arrazoi hauek aipatzen dituzte turista alemaniarrek: city break, gastronomia eta ardoak, kostaldea eta bertako udalerriak bisitatzeaz gain.

Bidaia antolatzeko informazioa zer-nola bilatzen duten. Euskadirako bidaia antolatzeko, Internet erabiltzen dute % 51k, eta % 47k lagunen eta senideen bitartez egiten du.

Erreserbak. Euskadi bisitatu duten turista alemaniarren % 17k bidaia osoa edota pakete turistikoren bat erreserbatu zuten, eta % 53k, berriz, bestelako zerbitzuak.  Aurretiazko erreserba horiek gehienbat Internet bidez egin ziren, % 51. Aurrez aurre egindakoak % 32 izan ziren. Nagusiki, ostatua (% 99) eta garraioa (% 67) erreserbatu zituzten.

Garraiobidea. Euskadira iristeko, turista alemaniar gehienek hegazkina baliatzen dute, % 60. Autoz dator, ordea, % 38a.  Behin Euskadin, % 34 oinez mugitzen da; % 30 garraiobide publikoen bidez; eta % 24 bere autoarekin.

Gastua. Euskadira etorritako turista alemaniar batek 360 euro gastatzen ditu bidaian; 94 euro pertsonako eta eguneko. Gastua honela banakatzen da: % 44 otorduetan; % 38 ostatuan; % 11 bertako garraioan; % 6 erosketetan; eta % 1 museo-sarreretan.

Batez besteko egonaldia Euskadin. Turisten % 53ren kasuan, bidaiak ez du Euskadi beste norakorik; % 23k ostatu-gauak egiten dituzte beste nonbait Euskadikoen aurretik eta ondoren; % 10ek, Euskadikoen aurretik bakarrik; eta % 15ek, Euskadikoen ondoren bakarrik. Euskadin 4,7 ostatu-gau egiten dituzte batez beste.

Bidaideak. Bidaideei dagokienez, turista alemaniarren % 38 bikotekidearekin etortzen da; % 20, familiarekin; eta % 18 lagunekin.

Euskadi helmuga turistiko gisa baloratzea. Euskadi bisitatu ondoren, % 91ren balorazioa oso positiboa da.

Senideei eta lagunei gomendatzea. Turisten % 90ek Euskadi helmuga turistiko gisa gomendatuko dute.

 

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko martxoak 09

    Comentario de Twitter:
    Euskadi refuerza su oferta turística en la Feria ITB Berlín, acudimos por 1ª vez con stand propio ➡ https://t.co/TPF8et5Cgr #BasqueCountry

  • @Gob_eus
    2016.eko martxoak 09

    Comentario de Twitter:
    Turismo-eskaintza sendoa aurkeztu du Euskadik Berlingo ITB Ferian, lehen aldiz stand propioa paratuta➡https://t.co/gPIVrj4Ebn #BasqueCountry

  • @i_Euskadi
    2016.eko martxoak 09

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Euskadi refuerza su oferta turística en la Feria ITB Berlín, acudimos por 1ª vez con stand propio ➡ https://t.co/sdFuS8tPEd #Ba…

  • @bilbaometropoli
    2016.eko martxoak 09

    Comentario de Twitter:
    Euskadi refuerza su oferta turística en la Feria ITB Berlín, a la que acude por 1ª vez con stand propio https://t.co/y92W3sghYV vía @Irekia

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)