Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

EGOD egitasmoaren eta Euskararen gaineko Diskurtso Partekaturako Zoru Komunaren aurkezpenak Bilbon

2016.eko martxoak 08

Hezkuntza arloko eragileei eta elkargo profesionaletako kideei azaldu zaie egitasmoa

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Iñaki Martínez de Luna soziolinguistak EGOD egitasmoa eta euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komunaren oinarria aurkeztu dituzte Bilbon izandako bi bileratan. Lehen bilera goizean izan da, Euskadiko Artxibo Historikoan, irakaskuntza alorreko ordezkariekin. Besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko, Tecnun Unibertsitateko, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko, Udako Euskal Unibertsitateko, AICE-IZEA elkarteko eta Sortzen Ikasbatuaz Elkarteko ordezkariak egon dira.

Irakaskuntzako ordezkariekin eginiko bilkura bukatuta, arratsaldean, elkargo profesional ezberdinetako ordezkariekin bildu dira Baztarrika sailburuordea eta Martínez de Luna soziolinguista. Besteak beste, abokatuen, ekonomisten, kazetarien eta biologoen elkargo profesionaletako ordezkariekin bildu dira Euskadiko Artxibo Historikoan.

EGOD egitasmoa:

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak legealdirako lan-programa aurkeztu zuen legealdi hasieran. Lan-programa horretako konpromiso eta eginkizunen artean nabarmendu zenetariko bat izan zen,  euskal gizartean euskarari buruz dauden diskurtsoen lanketa egitea, eta diskurtso ezberdinen arteko kontrastea eta eztabaida bultzatzea, ahalik eta parte hartze zabalenarekin”.

Euskararen Aholku Batzordeak, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak hala proposatuta, 2013-2014 aldirako lan programa onartu zuen eta programa horretako eginkizunetariko bat, hain zuzen ere, honelaxe definituta onartu zen: “euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea”. Eginkizun hori garatzearen ardura Euskara 21 Batzorde-atalaren esku jarri zen.

Eginkizun hori aurrera eramateko ‘Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoaren lanketa’ (EGOD) izeneko egitasmoa jarri zen martxan. Egitasmo horren zuzendaria Euskara 21 Batzorde-atalaren zuzendaria bera da, Iñaki Martínez de Luna. EGOD egitasmoak euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea du helburu.

Horrela izendatu dira bost diskurtsoak: Errespetuarena, Balio pragmatikoarena, Sustatzailea, Aldarrikatzailea eta Mesfidatia.

Euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komuna:

EGOD egitasmoaren barruan egindako ikerketetatik ateratako informazioa landuz, Hizkuntza Politikarako sailburordetzak diskurtso ezberdinen arteko intersekzioa izan litekeenaren eduki zehatzak definitu ditu. Intersekzio hori izan daiteke, hain zuzen ere, euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komunaren oinarria.

Aurretiaz aipatu diren bost diskurtsoak zenbait esaldiz (33 esaldi, guztira) osatuta daude eta esaldi bakoitzak onarpen maila ezberdina du. Intersekzio edo zoru komun hori definitzeko, esaldi hauetatik edota ikerketako bestelako galderetatik ateratako ideietatik %66,6tik gorako babesa dutenak hartu dira. Beraz, esaldiak aukeratzeko, ezinbestez, bi hereneko babesa izan behar dute. Onartutakoak hogeita bat izan dira. Beraz, aparteko lan honi esker, definituta geratzen dira gutxienez gizarteko bi herenek ontzat ematen dituzten ideiak.

 

*Informazio osagarria, atxikitako PDF dokumnetuan eskuragarri

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Martinez de Luna