Berriak
Eu

Donostiak Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitzaren balioak bultzatu ditu Belgikako hiriburuan

2010.eko irailak 13

 

Donostiako alkateak, Odón Elorzak, Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitzaren programak dituen balioak aurkeztu ditu Belgikako hiriburuan. Bruselan, Elorza ez ezik Patxi Lazcoz Vitoria-Gasteizeko alkatea ere izan da. Elorzaren esanetan, "Gasteizeko eta Donostiako alkateak Bruselan izatea ez da kasualitate bat, izan ere, horrek ondo baino hobeto erakusten du euskal hirien europazaletasuna, eta horien artean Bilbo ere sartzen dut".

Donostia 2016an kultur hiriburu izateko finalisten artean izango ote den jakiteko aste gutxi falta direla (hautagaitzaren defentsa irailaren 28an izango da), alkatea Aldaketaren kultura eta politikei buruzko Europako II. Konferentzian izan da (Brusela, irailaren 6 eta 7a), Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen egoitzan. Europako foro horretan, Donostiako alkateak, Kulturako zinegotziarekin -Denis Itxaso- eta hautagaitzaren kultur arduradunarekin batera -Santi Eraso-, Donostiako hautagaitzaren "balioak, indarra eta herritarren energia" nabarmendu ditu.

Europako Konferentzia hau Europako Kontseiluak antolatu du, Erkidegoko erakundeen partaidetzarekin. Ehunetik gora aditu bildu dira bertan, herri agintarien eta Europako kultur sareen ordezkariak, kultur politikak eta egungo erronkak aztertzeko asmoz.

Bi euskal alkateak elkarrekin prentsaurreko bat ematekoak ziren Euskadik Bruselan duen Ordezkaritzan, baina azkenean Elorzak bakarrik eman ahal izan zuen, bere taldearekin eta Marta Marínekin, Euskadik Bruselan duen ordezkariarekin, batera. Frantzian izandako garraio greba orokorraren eraginez, arazoak izan ziren Europako aire-zirkulazioan eta, ondorioz, Patxi Lazcoz, Vitoria-Gasteizeko alkatea, beranduago iritsi zen Bruselara.

Datorren irailaren 28an, Donostiak bere hautagaitza defendatuko du adituen epaimahai baten aurrean. Kultura Ministerioak irailaren 30ean iragarriko ditu -Espainiako 16 hautagaien artean- lehenengo fasea gainditu duten hiriak. Bestetik, 2011n, 2016ko Europako Kultur Hiriburu izango den Espainiako hiria izendatuko da.

Eta 2016an, Espainiako hiri bat eta Poloniako hiri bat izango dira Europako Kultur Hiriburu.

Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko hautagitzari buruzko informazio gehiago: www.sansebastian2016.eu

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan