Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Korreseko gaztelua hartzen duen eremu arkeologikoa, Arraia-Maeztun, kultura ondasun deklaratu da (Gobernu Bilera 2016-03-07)

2016.eko martxoak 08

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Arraia-Maeztuko (Araban) Korreseko Gaztelua hartzen duen Eremu Arkeologikoa Kultura Ondasun (monumentu-multzo kategoriarekin) deklaratzen duen Dekretua.

Korresko Gaztelua hartzen duen Eremu Arkeologikoa Arabako Korres herrian dago, Soila mendiaren tontorrean (Arraia-Maeztu udalerria). Gorengo aldean, gaur egun oraindik begiz ikus daitezkeen egiturak kontserbatzen dira. Erdi Aroko gazteluaren egiturak dira: nabarmentzekoak, uharka eta omenaldi-dorrea izan litekeena. Beherago, gotorleku honen babes-harresia osatzen  zuten beste egitura edo horma altu batzuk ere ageri dira. Mendebaldeko maldaren oinean berriz, eremu zabalago bat ixten duen babes-egitura bat ikus daiteke. Ziurrenik, haitzaren oinean eraikitako egitura honek gotorleku garrantzitsu baten babesean eratu zen herrixka hartu zuen bere barnean.

Aztarnategi honetan ez da landako arkeologia-indusketa lanik egin oraingoz, baina lurrazalean agerian dauden aztarna garrantzitsuek –izan egiturak, izan materialak- argi uzten dute eremu honek zer nolako interesa duen Goi Erdi Aroko kokalekuak hobeto ezagutzeko.

Eremu arkeologiko honentzat ezarri den zedarritzeak barnean hartzen ditu bai gotorlekua bera, eta baita Erdi Aroan beronen inguruan sortu zen herrixkaren gunea ere. Zedarritze hau, neurri handi batean, orografiak berak ezartzen dituen muga naturalekin bat dator, gaztelua kokatua dagoen haitzaren inguruko amildegiek eta malda zorrotzek markatzen baitute.

Eremuari eman zaion babes mailak, kontserbazio mailak, kontserbatu beharreko monumentua kaltetuko lukeen jarduerarik ez dela bertan burutuko bermatzen du, beti ere salbuetsirik, bertako egitura edo aztarnak sendotu nahiz zaharberritzera bideraturiko jarduerak, eremu honetan gizon-emakumeek iraganean izan zuten aktibitatea hobeto ezagutzeko lagungarri badira. Korreseko Gaztelua hartzen duen Eremu Arkeologikoan burutu beharreko edozein jarduerak Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena beharko du.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Kultura Ondasun hau Sailkatutako Kultura Ondasunen katalogoan inskribatuko du (Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren baitakoa).

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko