Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak bide-segurtasunari eta mugikortasunari buruzko txostena argitaratu du, genero-ikuspuntutik aztertuta

2016.eko martxoak 07

Hurrengo esteka honetan eskuragarri: http://bit.ly/1TDPegO

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak «Genero-ikuspegia eta bide-segurtasuna» azterlana argitaratu du bere webgunean (www.trafikoa.eus). Berdintasun-kontuak aztertzen dituen Murgibe aholkularitza-enpresari agindu zion lana. Bide Segurtasun eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorreko 2015-2020 aldiko Plan Estrategikoaren ildo nagusietako bati lotoruik egin dute azterlana, hain zuzen ere: «ad hoc azterlanen eta azterketen bidez istripu-arrisku handiena duten kolektiboei buruzko informazioa hobetzea».

Azterlanak, berrikusketa bibliografikoa, jokabide-patroien azterketa eta Euskadiko eta Europako istripu-datuen azterketa biltzen ditu, eta genero-ikuspegitik egin dute, hau da, bide-segurtasunari dagokionez, emakumeen eta gizonen beharrak eta baliabideak kontuan hartuta, eragina izan dezaketen beste aldagai batzuekin batera (adina, minusbaliotasuna, jokabideak, balioak, emozioak, hezkuntza...). 

«Bide-segurtasunaren arloan, oro har, emakumeok gizonek baino zuhurtzia handiagoz jokatzen dugu, arrisku txikiagoa hartuta.Zehapenen, istripuen eta hildakoen datuak erreparatuta ikus daiteke –esan du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok–. Azterketa honen helburua errealitate horren atzeko arrazoiak eta egoerak aztertzea izan da».

Aurretik, Trafiko Zuzendaritzak «Bide Segurtasuna eta Generoa» izeneko monografikoa argitaratu zuen, eta 2014ko azaroan izenburu bereko jardunaldi bat antolatu zuen Emakundek egindako Berdintasunaren XI. Foroan.

Monografikoan agerian geratu zen istripuen eta sexuaren arteko lotura estua zela. Adibidez, 2013an, Euskadin izandako zirkulazio-istripuetan hildakoen % 84 eta larri zauritutako % 71 gizonezkoak izan ziren; emakumezkoak, berriz, hildakoen % 16 eta larri zauritutakoen % 29 soilik. (2015ean, zirkulazio-istripuetan hildakoen %79 eta larri zauritutako %74 gizonezkoak izan ziren).

Ondorioak eta proposamenak

Gaur argitaratu duten azterlana prestatzeko beste herrialde batzuetan (Australia, Estatu Batuak, Frantzia, Jordania, Suitza...) sortutako azterlanak kontsultatu dituzte, eta egiaztatu dute, bide-segurtasunari dagokionez, emakumeek gizonek baino zuhurtzia handiagoz jokatzen dutela oro har, eta horren arrazoia ez da gutxiago gidatzen dutela, jokabide seguruagoak dituztela baizik.

Euskadin gertatutako istripuei buruzko datuekin ziurtatu daiteke abiapuntua ez dela orekatua. Izan ere, 2014ko abenduaren 31an, Euskadin zeuden 1.239.026 gidarietatik % 59 gizonak ziren eta% 41 emakumeak. Kaltegarritasun maila guztietako istripuekin zerikusia duten pertsona gehienak gizonezkoak dira (% 70). Joera hori ez da denborarekin aldatu; 2014an, istripuetan hildakoen % 79 gizonak izan ziren. (2015ko datuek joera bera mantentzen dute). Istripuetan zerikusia izan duten gidarien kasuan, gizonen kopurua askoz handiagoa da, eta emakumeak gehiago agertzen dira bidaiari gisa.

Hildakoei buruzko Europako datuei erreparatuta, proportzioa antzekoa da: % 70 gizonak eta % 30 emakumeak.

Azterlanak jasotzen dituen gomendioen eta proposamenen artean, aipatzekoak da, batetik, genero-ikuspegia aztertzeko beharra bide-segurtasunarekin lotutako datu estatistikoen bilketan eta azterketetan (adina, faktore psikologikoak, sozialak eta kulturalak edota bestelako aldagaiekin batera sexua ere ikertuz), eta, bestetik, sentsibilizazio-kanpainak bereizita sortzea, gizonentzat eta emakumeentzat kanpaina ezberdinak, alegia.

Bide-hezkuntzari buruzko atalean, ikastetxeetako eta autoeskoletako sentsibilizazio-programetan genero-ikuspegia txertatzea proposatu dute, batez ere, gizonek jokabide arriskutsuak saihesteko eta emakumeek ibilgailuak hobeto ezagut ditzaten.

Azkenik, bide-segurtasuneko plangintzetan eta programetan genero-ikuspegia txertatzea gomendatu dute.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GARALEX_EHU
    2016.eko martxoak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @rgartzia: Bide-segurtasunari eta mugikortasunari buruzko txostena, genero-ikuspuntutik aztertuta... https://t.co/xI5YgJeKLn

  • @rgartzia
    2016.eko martxoak 07

    Comentario de Twitter:
    Bide-segurtasunari eta mugikortasunari buruzko txostena, genero-ikuspuntutik aztertuta... https://t.co/xI5YgJeKLn

Komunikabideek behera kargatzeko