Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 8ko kanpainak nesken eta mutilen artean desberdintasunak eragiten dituzten mezuen gainean ohartaraziko du

2016.eko martxoak 08
  • Aurtengo leloa, «Berdintasun eza ez da berez sortzen, egin egiten dugu», berdintasuna lantzeko aldarria da
  • Gobernu Kontseiluak onartu du 42,7 milioi euro bideratzea desgaitasuna duten pertsonen eta baztertuta dauden taldeen enplegua sustatzera

Aurtengo martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, Emakundek arreta jarri du neskek eta mutilek egunero jasotzen dituzten mezu sexistetan, generoen arteko botere-harremanak bere horretan betikotzen dituztelako. Horrela azaldu du gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak astearteroko prentsaurrekoan.

Kanpainaren leloa honakoa da: «Berdintasun eza ez da berez sortzen, egin egiten dugu. Aldatu dezagun. Egin dezagun berdintasuna». Kanpainak salatzen du neskek, besteak beste, edertasunari, ontasunari, diskrezioari, zaintzari eta otzantasunari buruzko mezuak jasotzen dituztela, eta mutilek, berriz, agresibitateari, arrakastari, anbizioari edo sentimenduak ukatzeari buruzkoak.

Kanpainak martxoaren 1etik 15era iraungo du eta helburua da egunez egunekoan dauden desberdintasunak hautematea. Aurreko kanpainetan erabilitako claimari eutsi zaio, «Berdin gehiago da», berdintasunak gizarte osoari onura ekartzen diolako ideia azpimarratzeko.

42,7 MILIOIDESGAITASUNA DUTEN PERTSONEN ENPLEGUA SUSTATZERA

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak lau laguntza-lerro onartu ditu, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak proposatuta, desgaitasuna eta laneratzeko zailtasun handia duten pertsonen lan-aktibazioa sustatzeko. Lanbidek kudeatuko ditu laguntza horiek eta, guztira, 42,7 milioi eurokoak izango dira.

Hauen artean, aipatzekoa da Eusko Jaurlaritzak 30 milioi euro bideratuko dituela lehen laguntza-lerrora, hain zuzen enplegu-zentro berezien bitartez desgaitasuna duten pertsonen laneratzea errazteko.Laguntzok desgaitasuna duten pertsonek betetako lanpostuen soldata-kostuak bakarrik finantzatuko dituzte.

MADRILEN EZ DAGO SOLASKIDERIK

Era berean, kazetariek Madrileko inbestidura-prozesuari buruz egindako galderei erantzunez, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gogora ekarri du  Espainian gobernu egonkorra eratzeko akordioak lortu ezinik «pasatzen den egun bakoitza galdutako egun bat gehiago da». Erkorekak azpimarratu duenez, inoiz baino beharrezkoagoa da solaskide bat egotea Madrilen, partekatutako alderdietan Estatuarekin batera lan egiteko. «Egunez egun gero eta larriagoa da solaskide ezak eragindako kaltea, arazoak pilatzen ari direlako», ziurtatu du.

2016-03-08ko gai-zerrenda

Prentsa-txostena

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GlaciarBlue
    2016.eko martxoak 08

    Comentario de Twitter:
    La campaña del 8 de marzo del Gobierno Vasco llama la atención sobre los mensajes que reciben chicas y chicos y ... https://t.co/yDm0Agp6W9

  • @Gob_eus
    2016.eko martxoak 08

    Comentario de Twitter:
    [2] Gai nabarmena ➡ Martxoaren 8ko kanpaina: nesken eta mutilen artean desberdintasunak eragiten dituzten mezuek ➡ https://t.co/kijOIo8RFM

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)