Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Hilaren 15ean hasiko da azalera-eskubideko etxebizitzen lurzorua erosteko prozesua

2010.eko irailak 14

Eskabideak aurkezteko epea azaroaren 15ean amaitzen da

Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren baitan adostutakoari jarraituz, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, azalera-eskubideko erregimenean  erositako eta 2003ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoak diren etxebizitza babestuen jabetza osoa erosteko prozesua irekiko du bihar.

Beraz, babes ofizialeko etxebizitza bat azalera-eskubideko erregimenean duten eta etxebizitza hartzen duen lurzorua erosiz etxebizitzaren jabetza osoa eskuratu nahi duten titularrentzat eskabideak aurkezteko epea irekiko da.

Horrela bada, azalera-eskubideko babes ofizialeko beren etxebizitzaren jabe oso izan nahi dutenek, ezarritako 75 urteak igaro ondoren administrazio publikoari itzuli beharrik ez izateko, bi hilabeteko epea izango dute (azaroaren 15era arte alegia), babes ofizialeko etxebizitzaren lurzorua erosteko eskabidea izapidetzeko.

Izapidea egiteko, titularrek hainbat baldintza bete beharko dituzte, etxebizitzaren mota eta diru-sarreren mugei dagokienean.

Hona etxebizitzen jabetza osoa eskuratzeko baldintzak:

         Babes ofizialeko etxebizitza erregimen orokorrekoa nahiz erregimen berezikoa edo etxebizitza sozial izan ahalko da.

         Etxebizitzak azalera-eskubidearen erregimenean esleitutakoa behar du izan; horrek esan nahi du etxebizitzaren titularrak etxebizitza gehienez ere 75 urtez baliatzeko eskubidea duela eta epe hori igaro ondoren Eusko Jaurlaritzari itzuli behar diola, horrek inolako kalte-ordainik itzuli beharrik izan gabe.

         Babes ofizialeko etxebizitzaren kalifikazioak aldi baterakoa izan behar du, hau da, epe jakin bat igaro ondoren (20 urte), librea izango diren etxebizitza babestua behar du izan.

         Aldi baterako kalifikazioaren egunak, hau da, babes ofizialeko etxebizitza hori eraikitzeko administrazio-izapideak hasteko egunak, 2003ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa izan behar du.

         Eskatzaileen 2009ko zerga-ekitaldiko gehieneko diru-sarrerak honakoak izatea: erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzen edo etxebizitza sozialen titularrenak,. gehienez ere 25.000 euro; Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen titularrenak, gehienez ere, 39.000 euro.

Eskatzaileen diru-sarrera horietan babes ofizialeko etxebizitzaren titular guztien diru-sarrerak sartzen dira, indarrean dagoen araudiaren arabera haztatuta.

Aukera hori goian aipatutako etxebizitzek osatutako jabe-erkidegoetan dauden merkataritzako lokalen eta etxebizitzei atxikita ez dauden eranskinen jabeei ere eskaintzen zaie.

Eskabideak aurkezteko epea 2010eko irailaren 15ean hasi eta azaroaren 15ean amaituko da.

LURZORUA EROSTEKO BALDINTZAK:

Lurzorua erosteak esan nahi du, babes ofizialeko etxebizitzak aldi baterako kalifikazioa izan ordez, hau da, urte batzuetarako bakarrik, babes ofizialeko etxebizitzaren kalifikazio iraunkorra izango duela. Hau da, etxebizitza betirako babes publikokoa izango da.

Erosi behar den lurzoruaren balioa honela kalkulatuko da:

1.         Eraikin osoaren balioa kalkulatuko da: eraikina osatzen duten elementu guztien balioak batuko dira (etxebizitza eta horiei atxikitako eranskinena, merkata¬ritzako lokalena eta atxikita ez dauden eranskinena).

2.         Eraikina hartzen duen lurzoru osoaren balioa¬ren kalkulatuko da: horretarako, eraikinaren ba¬lio osoaren % 10 hartuko da lurzoruaren balio gisa.

3.         Lurzoruaren balio osoa, etxebizitza bakoitzari jabetza horizontalaren barruan dagokion partaidetza-kuotaren arabera banatuko da.

4.         Kopuru horri BEZaren % 18 gehituko zaio.

Etxebizitzen titularrek ordaindu behar duten diru kopuruaren berri emango dien jakinarazpen bat jasoko dute.

Eusko Jaurlaritzak ordaintzeko erraztasunak eskainiko dizkie lurzorua erosi nahi dutenei; 2010eko finantza-esparruaren baitan finantza-entitateekin adostutakoari esker, eta kopuru eta prezioei dagokienean mailegu interesgarriak eskainiko dizkie. Horregatik interesa dutenek epe luzerako eta interes baxuko finantzaketa lortzeko aukera izango dute, eragiketaren eta izapidetze-gastuen % 100 ordaindu ahal izateko.

ARGIBIDEAK

Prozesu guztia ahal den neurriak errazteko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak informazioa eskuratzeko hainbat kanal sortu ditu argibide gehiago edo zalantzak argitzeko beharra dutenentzat:

- Jabekideen erkidegoei higiezinen jabetzako administratzaileen bilera izateko aukera emango zaie; horretarako, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak hitzarmen bat sinatu du, eta hitzarmen horren arabera, administratzaileek hitz eman dute bilerak egingo dituztela jabekideen zalantzak argitzeko eta, interesdunak nahi izanez gero, gestioak egiteko, eskatzaileei kudeaketa-gastuak kobratu gabe.

- Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak

-  012 Zuzenean, Eusko Jaurlaritzaren arreta publikorako telefonoa.

Lurzorua erosteko eskaera. Izapideak

Baldintzak betetzen dituzten titularrek eskabidea Etxebizitzako Lurralde Ordezakaritzetan aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batera:

a)         Etxebizitzaren, merkataritzako lokalaren edo atxikita ez dagoen eranskinaren titular diren pertsona guztien NANaren fotokopia.

b)         Etxebizitzaren, merkataritzako lokalaren edo atxikita ez dagoen eranskinaren jabetza egiaztatzen duen Jabetza Erregistroaren ziurtagiria, eskabidea aurkeztu baino gehienez ere zazpi egun baliodun lehenago egindakoa.

c)         2009ko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpen osoaren fotokopia erkatua.

Eskabideak aurkezteko epea 2010eko irailaren 15ean hasi eta azaroaren 15ean amaituko da.

Eskabideen kudeaketa eta ebazpena

Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak eragiketaren azken prezioa (BEZa barne dela) jakinaraziko dio eskatzaileari, bai eta ordaintzeko modua eta epea, gehienez ere hilabetekoa izango baita.

Finantza-neurriak eskatu z gero, azken prezioarekin batera neurri horiek onartu zaizkion ala ez adieraziko duen ebazpena jakinaraziko zaio.

Behin azken prezioa ordaindutakoan, lurralde-ordezkariak etxebizitza hori babes ofizial iraunkorreko etxebizitza gisa kalifikatzeko ebazpena onartuko du.

Izapide guztiak amaitutakoan, Etxebizitzako lurralde-ordezkariak erosteko eskaerari buruzko ebazpen baieslea onartuko du; ebazpenean eskualdatzea formalizatu eta erregistratu ahal izateko behar diren datu guztiak jasoko dira, eta interesdunari eskritura publikoa egiteko deia egingo zaio.

Testuingurua

Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena eman zuen uztailaren 20an azalera-eskubidean eraikita dauden eta behin-behineko kalifikazioa 2003ko urtarrilaren 1a baino lehen jaso zuten babes ofizialeko hainbat etxebizitzak okupatzen duten lurzorua saltzeko.

Azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzen titularrek jabetza osoa eskuratu ahal izango dituzte eta ez dituzte 75 urtera galduko, betiere etxebizitzen kalifikazio iraunkorra ere eskatzen badute.

Gaur egun araubide orokorreko eta bereziko babes ofizialeko 20.221 etxebizitza daude, erosteko esleitutakoak eta azalera-eskubideak eskualdatutakoak, Eusko Jaurlaritzaren lurzoruan eraikita, eta horietatik 3.980 etxebizitza Araban daude, 9.052 Bizkaian, eta 7.189 Gipuzkoan.

Azalera-eskubidean eraikitako eta kalifikatutako etxebizitza guztietatik 11.859k aldi baterako kalifikazioa dute (2003a baino lehen kalifikatutakoak), eta 8.362k dagoeneko kalifikazio iraunkorra daukate (2003tik aurrera kalifikatutakoak).

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010erako Aurrekontu Orokorretan azalera-eskubide horien titularrei lurzorua eskualdatzeko aukera jaso zen. Lortzen diren diru-sarrerak alokairuaren aldeko politikak bultzatzeko erabiliko dira. Prozesu hau irekitzeko aukera, Etxebizitza Sailak 70 erakunde sozial eta ekonomikorekin , ekainaren 16an sinatu  zuen Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren baitan adostutako ekintzetako bat dugu.

Gaur onartutako neurri horri esker, azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzen titularrek jabetza osoa eskuratu ahal izango du, betiere etxebizitzen kalifikazio iraunkorra ere eskatzen badute, hau da, onartu beharko dute etxebizitza horiek betirako babestuak izatea.

Horrela bada, etxebizitza horiek babestutako etxebizitzen parkean jarraituko dute, eta hartara, epe luzera interes publikoentzat arazo sakona izan zitekeena ekidingo da, azalera-eskubidea iraungi, eta etxebizitza horien titularrak etxebizitza utzi beharrean gertatutakoan.

Etxebizitzak babestutako etxebizitzen parkean jarraitzeak ondorio garrantzitsuak izango ditu prezioen erregulazioan, eta aukera ematen du bigarren eta ondoren eskualdaketetan eskaintza handitzekoa, eta lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak ematen duen berme publikoarekin eta etxebizitza horien funtzio soziala kontrolatuz eta ikuskatuz.

Iruzkin bat
  • @elenaozcoz
    2012.eko martxoak 09

    Comentario de Twitter:
    Ajebask con el lehendakari. Está bien que escuchen a los #emprendedores y no sólo hablen de ellos. http://t.co/HNHZpLUQ

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan