Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Hezkuntza Batzordea (2016/03/08)

2016.eko martxoak 08

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak EAEko Hezkuntza Sistema Hobetzeko Plana aurkeztu du Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean.  Planaren helburu nagusia da, hezkuntza sistemak ekitatearen eta kalitatearen aldetik bikaintasunerantz aurrera egiteko beharrezko neurriak planteatzea eta garatzea.

Planaren baitan jasotzen diren neurriek, gainera, Heziberri 2020 Planak ikaslearen irteera profilean definiturik dituen konpetentziak eskuratzeko ekarpena egin beharko dute. Izan ere, Hobetzeko Plana bera ere, Oinarrizko Hezkuntzarako Curriculum Dekretuetan jasorik dagoenez, Heziberri 2020 Planaren parte da.

Planak oso kontuan hartzen du hezkuntzak Euskadin izan duen ibilbidea, eta euskal hezkuntza sistemaren egungo diagnostikoan oinarritzen da. Horrela bada, erreferentziazko dokumentuen artean dago ISEI-IVEIk eginiko “Hezkuntza bikaintasunerantz” txostena. Era berean, nazioarteko zenbait erakunderen txosten eta gomendioak ere oinarrian ditu, hala nola, UNESCOrenak, edo Europako Batzordearenak.  

EAEko Hezkuntza-Sistema Hobetzeko Planak sei lerro estrategiko ezartzen ditu, ekitatearen eta kalitatearen aldetik bikaintasunerantz aurrera egiteko funtsezko jotzen direnak. Lerro estrategiko bakoitzeko helburuak, hobetzeko alorrak eta adierazleak  ezartzen dira.

Lerro estrategikoak

1.- Eskola komunitatearen formazioa: Planak formazioa proposatzen du, bai hasierakoa bai etengabekoa, irakasleek beharrezko konpetentzia-profila lor dezaten, eta formazioa zuzendaritza taldeentzat ere, ikastetxeen etengabeko hobekuntza eraginkortasunez gida dezaten. Era berean, familiek ikastetxeetan parte hartze handiagoa izateko abaguneak bultzatzen dira. 

Lerro estrategiko honetan hobetzeko arloen artean jasotzen dira: etorkizuneko irakasleei eskatu beharreko konpetentzien definizioa hobetzea, irakasleen konpetentzia-profilaren arabera; ikasleen irteera-profila aintzat hartzea irakasleentzako formazio-jarduerak diseinatzerakoan; edo hezkuntza-jarduera eta jokaera arrakastatsuak hedatzea, eskola komunitate guztiak bertatik ikasteko aukera izan dezan.

2.- Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunari erantzuna: Hainbat ikerketak argi eta garbi adierazten dute eskola inklusiboak eskola-arrakasta dakarrela. Lerro honetan, hobetzeko honako arlo hauek jasotzen dira: aniztasuna balio gisa kontuan hartzea, errepikatzaileen indizea minimizatzea edo balio erantsi handiagoa duten metodologiak sendotzea, besteak beste.

3.- Elebitasuna, hezkuntza eleaniztunaren baitan: elebitasuna sendotzea, ikasleek bi hizkuntza ofizialak era egoki eta eraginkorrean erabiltzeko konpetentzia izango duela bermatzea. Horri beste helburu bat gehitzen zaio: ingelesean bederen nahikoa ezagutza izango duten pertsona eleaniztunak lortzea.

Hobetzeko arloan ezartzen dira: A ereduan euskarazko irakaskuntza handitzea; ingelesezko irakaskuntza zabaltzea; eskolak ingelesez emateko gai izango diren irakasle kopurua ugaritzea.

4.- Ikasmaterialak eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak: Heziberri 2020 Planak jasotzen duen planteamendu didaktiko eta metodologikoarekin bat datozen material didaktikoak eta edukiak sortzea eta zabaltzea; Sare_Hezkuntza Gelan proiektuen bidez, ikastetxeen eraldaketa teknologiko-pedagogikoari bultzada ematea, hezkuntza proiektuak hobetzea xede.

5.- Ebaluazioa eta ikerketa: hezkuntza prozesuan eta emaitzetan eragiten duten elementuen ebaluazioa eta ikerketa. Beraz, lerro estrategiko honen helburuak ikasleen, irakasleen eta hezkuntza-sistemaren ebaluazioa ditu ardatz.

Lerro honetako hobekuntza arloen artean, nabarmena de irakasleen ebaluazioaren eremua, eta bereziki, irakaslearen konpetentzia-profilaren ezaugarrietan oinarrituta, irakasle-lanbiderako sarbidean eman beharreko pausoak.  

6.- Ikastetxe publikoen autonomian sakontzea: ikastetxe publikoen autonomia eta nortasuna handitzea, ez soilik esparru pedagogikoan, baita kudeaketari eta administrazioari dagokionean ere, ikastetxearen helburuak lortu ahal izateko. Hobetzeko arloan dago, besteak beste, ikastetxeen malgutasun handiagoa, nork bere ikasleei egokitutako programak garatu ahal izateko.

Adierazleak

Hobekuntza Planak, era berean, helburuen lortze maila egiaztatu ahal izateko adierazleak ere ezartzen ditu:

-Adierazle estrukturalak, Europako gomendioak jarraituz ezarriak:

  • Eskola-uzte goiztiarraren tasa: %10etik behera 2020-2021erako
  • BDHko graduatu titulua lortu duten ikasleen tasa, %90etik gora 2020-21erako
  • Egokitasun-tasa (adinagatik dagokion ikasmailan dauden ikasleen portzentajea), %80tik gorakoa 2020-21erako

-Konpetentzien hobekuntza-mailaren adierazleak, PISAren arabera: maila baxuko (%15etik behera 2021erako) eta maila bikaineko (%10etik gora 2021erako) ikasleengan arreta ipiniz.

-Oinarrizko konpetentzien hobekuntza-mailaren adierazleak, ikaslegoaren irteera profilaren arabera, ebaluazio-eredu propioaren bitartez: oinarrizko konpetentzia diziplinarrak neurtzen dira. Orain arte neurtu izan ez diren zenbait konpetentzia neurtzen hasten da, Heziberri 2020 Planak jasotzen baitu hauek ere neurtu beharra.

Hezkuntza-sistemak edo ikastetxe batek ebidentziak izan behar ditu, ikasleen irteera-profila betetzen dela edo hobetzen ari dela esango dioten ebidentziak. Adierazle hauei esker, jomugan hartutako helburuen aurrerapen edo lorpen maila ezagutu ahal izango da. Hobetzeko, ezinbestekoa da neurketa horiek egitea.

Era berean, Hobetzeko Planak ikastetxeen esku ipintzen ditu zenbait laguntza-tresna edo gida ere. Tresna hauek lagungarri izango zaizkie ikastetxeei Heziberri 2020 Planaren hezkuntza eredua eta curriculum-dekretuak garatzeko eta ikasgeletara eramateko. Batetik, ikastetxeetako proiektuak egiten edo egokitzen lagunduko duten gidak daude: hezkuntza proiektuak, curriculum proiektuak, hizkuntza proiektuak… Dagoeneko hainbat ikastetxetan indarrean dauden proiektu horiekin batera, Ikastetxe Publikoen Autonomian sakontzeko Proiektuak ere aurreikusten dira (6. Lerro estrategikoarekin bat eginez). Bestetik, ikasgelan aplikatzeko gidak ere ipintzen dira ikastetxeen esku, irakasleei euren eguneroko jardunean orientabidea emango dieten tresnak.

Gaur Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean aurkezturiko Plana bat dator Nazio Batuen Elkarteak 2030erako ezartzen dituen helburuekin (Garapen Jasangarriaren Helburuak: Gure Mundua Eraldatzeko 17 Helburu). Zehazki, 4.helburuak zera dio: Hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatzea, eta bizitzan zehar ikasteko aukerak guztientzat sustatzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)