Berriak Segurtasuna
Eu

% 5,26 delitu gutxiago izan ziren Donostian 2015ean

2016.eko martxoak 07
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Hiriko delitu-tasa 2014koarekin alderatuta 3,5 puntu txikiagoa izan zen

Delinkuentzia % 5,26 txikitu zen iaz Gipuzkoako hiriburuan aurreko urtearekiko, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren jarduerak jasotzen dituzten estatistika bateratuen arabera. 2015ean 11.960 delitu erregistratu ziren (2014an, 12.624). Datu horiek esan nahi dute mila biztanleko delitu-tasa 64,30ekoa dela, 2014ean baino 3,5 puntu txikiagoa. Etxebizitzako indarkeriazko lapurretak % 25,72 jaitsi dira, eta beste lokaletako indarkeriazko lapurretak % 47,67, aurreko urteko datuekiko.

Ondarearen aurkako delituak

2015ean Donostian erregistratu ziren delitu guztien % 81,5 ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkakoak izan dira. Delitu mota hori % 4,5 txikitu da, 2014an 9.923 salaketa jarri baitziren eta 2015ean 9.476, hau da, 500 delitu gutxiago.

Kategoria horretako ia delitu guztien kopurua txikitu da. Bereziki aipatzekoa da gauzetan indarra erabiliz etxebizitzetan egindako lapurreta delituen kasua. Izan ere, 836tik 621era gutxitu dira (% 25,72 gutxiago). Atal hori delituaren arabera bereizita, ikusiko dugu jaitsierarik handiena etxebizitzei atxikitako lokaletan (garajeak, trastelekuak eta patioak) egindako indarkeriazko lapurretetan gertatu dela, % 47,67 gutxiago izan baitira. Zenbaki errealetan, horrek esan nahi du 2014an erregistratu ziren 430 kasutatik 2015eko 225era pasa dela. Gauzetan indarra erabiliz etxebizitzetan egindako lapurreten kasuan, jaitsiera % 2,46koa da, 406tik 396ra.

Indarkeria edo larderia erabiliz egindako lapurretek ere behera egin dute (% 5,6), Udaltzaingoak eta Ertzaintzak modu bateratuan martxan jarritako «Gaueko Aisialdiaren Ekintza-Planari» esker.

Ebasketetan ere beherakada nabarmena gertatu da, 5.809tik 5.189ra pasa baitira. Horrela, 2014ko datuekiko jaitsiera % 10etik gorakoa da. Antzeko jaitsiera-portzentajea ageri zaigu motordun ibilgailuen lapurreta-delituetan. 2014an 243 kasu erregistratu ziren, eta 2015ean 219, hau da, ia % 10 gutxiago.

Maukek, bestelako lekuetan egindako lapurretek eta kalte-delituek, ordea, gora egin dute (% 16,53, % 17,10 eta % 5, hurrenez hurren).

Indarkeriazko delitugintza

«Indarkeriazko delitugintza» bezala sailkatzen ditu Eurostatek lesio-delituak, sexu-erasoak eta indarkeria edo larderia bidez egindako lapurretak, gizartean sortzen duten alarma dela-eta. Horiek ere % 12ko beherakada izan dute 2014ko datuekiko, 822tik 723ra. Hiru delituetan gertatu da jaitsiera: lesio-delituak 505etik 437ra pasa dira, sexu-erasoak 33tik 18ra eta indarkeria edo larderia erabiliz egindako lapurretak 284tik 268ra.

Sexu-erasoen kasuan jaitsiera % 45ekoa izan da. Delitu gehienak alor pribatuan gertatu ziren, horrek poliziari prebentzio-lana egiteko dakarzkion zailtasunekin.

Kaleei dagokienez, eta batik bat Donostiako erdigunera jende asko joatea eragiten duten gertakari edo ekitaldiak daudenean, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak etxera bueltatzeko dispositibo bateratuak antolatzen dituzte, batik bat periferiako auzoetan, etxera itzultzen ari diren pertsonen segurtasuna bermatzeko.

Bi hilketa

Giza hilketaren delituek jaitsiera garrantzitsua izan dute, % 33koa, baina datu negatiboa da bi hilketa gertatu direla. Bi kasuak argitu zituen poliziak eta ustezko hiltzaileak atxilotu zituzten. Irailaren 17an, Buenavistan, aurretik ere arazo psikiatrikoak izan zituen gazte batek ustez bere aita hil zuen hainbat labankadaz. Bost egun beranduago, irailaren 22an, eztabaida gogor baten ondorioz zenbait bizilagunen deiak jaso eta gero, Ertzaintzaren patruila batek hildako gizon baten gorpua aurkitu zuen Intxaurrondon, eskuak loturik eta ahoa estalita zituela. Etxe berean beste gizonezko bat aurkitu zuen poliziak, eta atxilotu, hilketaren ustezko egile bezala. Droga-trafikoak eragin zuen hilketa, antza. Ustezko bi hiltzaileak kartzelara sartu zituzten.

Bestalde, tortura-delituek eta osotasun fisikoaren aurkako delituek % 24ko beherakada izan dute. Talde horretan sailkatzen dira familia-arloko ohiko tratu txarren delituak.

Osasun publikoaren aurkako delituak eta bide-segurtasunaren aurkako delituak barne hartzen dituzte segurtasun kolektiboaren aurkako delituek. Atal horretan ere jaitsiera bat izan da (% 4koa), gehien bat alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzeagatiko delituek % 28 behera egin dutelako (345 2014an eta 246 2015ean).

Ordena publikoaren aurkako delituak % 20 jaitsi dira, azken urteetako joerari eutsiz eta, azkenik, «beste delituak» izenpean sailkatzen diren delituak ere 294tik 235ra pasa dira (tipologia anitzeko delitu asko biltzen ditu epigrafe horrek).

Delitugintza, auzoka

Delitugintzaren inguruko datuak auzoka aztertuz, ondorioztatzen da jaitsiera orokorra izan dela ia guztietan. Bereziki aipatzekoa da karga handiena duten auzoetan, hala nola, Amaran, Erdialdean, Grosen edo Alde Zaharrean, ere beherako joera erregistratu dela. Aitzitik, igoera txikiak izan dira Altza-Herreran, Amaran, Mirakruz-Bidebietan, Miramonen, Igeldon eta Zubietan. Azken hiru auzoetan, ordea, esan behar da egindako delitu-kopurua oso txikia izan dela edonola ere.

Sasoikako delitugintza

Beste urte batzuetan bezala, udan eta, batik bat, abuztuan delituen gorakada bat erregistratu da. Izan ere, Donostia hiri turistikoa da eta hilabete horietan biztanle-kopurua ere handitu egiten da.

Auzipetu gutxiago

Bi polizia-indarrek emandako datuen arabera, auzipetutako pertsonen kopurua % 5 jaitsi da, inputatuen jaitsierak eraginda.

Ondarearen aurkako delituengatiko atxiloketen igoera nabarmendu behar da: 475 atxiloturekin, % 50eko igoera izan da.

Helburu estrategikoak

Donostia Europako Kultur Hiriburu izendatu dute 2016. urterako, eta horrek are gehiago handitzen du Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren ardura segurtasunaren arloan.

Prebentzio aktiboa oinarri hartuta, bi polizia-indarrak ekintza-plan bateratuak ugaritzen ari dira, ekintzen eraginkortasunean oinarritutako segurtasun-maila handiagoak lortzeko eta eskura dauden baliabideak hobeto erabiltzeko.

Testuinguru horretan, 2016ko lehen hilabeteetan, prebentzio-plan bateratuak abiarazi dira. Helburu nabarmenak lortu dira, batik bat, alor hauetan: lapurretak saihestea saltokietan Gabonetan eta beheraldietan; lapurretak, ebasketak eta erasoak saihestea gaueko aisialdi-guneetan; eta sexu-erasoak eta indarkeria erabiliz egindako lapurretak saihestea San Sebastian eguneko, kaldereroetako eta inauteriko ospakizunetan.

Era berean, martxoan ekintza-plan gehiago jarriko dira martxan, bat etxebizitzetako lapurreten aurka eta bestea gaueko lapurretak saihesteko saltokietan.

Era berean, prebentziozko patruilak egiten jarraituko du poliziak, bai autoz eta bai oinez. Azken modalitate hori indartu egingo da, ahalik eta eremu geografiko handienean jarduteko eta, horrela, azkar erantzun ahal izateko eta herritarrengana hurbiltzeko.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2016.eko martxoak 07

    Comentario de Twitter:
    Donostia registró en 2015 un descenso del 5,26% en el conjunto de los delitos... https://t.co/SgRj46eeJl

  • @GlaciarBlue
    2016.eko martxoak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [DELINKUENTZIA] % 5,26 delitu gutxiago izan ziren Donostian 2015ean ➡ https://t.co/4tayTIpQSR

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Martin Ibabe, Babes Zibileko zinegotzia, Patxi Ardanaz, Donostiako Ertzainburua, eta Mikel Santamaria, Donostiako Udaltzainburua.