Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eskola Hiztun Bila jardunaldiak eskolan hizkuntza jarrerak nola landu aztertu du

2016.eko martxoak 02

400 ikastetxetako Hizkuntza Normalkuntza Arduradun Teknikoak elkartu ditu jardunaldiak Gasteizen

Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordea ere parte hartzaile zela burutu da gaur goizez Gasteizen Eskola Hiztun Bila XIX Jardunaldia. Aurten “Hizkuntza jarrerak eskolan nola landu” leloarekin, 400 ikastetxetako Hizkuntza Normalkuntza Arduradun Teknikoak bildu dira Gasteizko Europa Biltzar Jauregian.

Goizeko 9etan hasi eta arratsaldeko 14:30etan jardunaldiaren ebaluazioa egin arte, lan taldetan antolaturik jardun dute parte hartzaileek, eta bi tailer nagusik ardaztu dute goiza: “Irten hizkuntzaren armairutik” izenburuarekin burutu da lehen tailerra, eta “Hizkuntza-korapiloak” lelopean bigarrena. (*)

2015eko urriaren 20an, gai honen inguruan (hizkuntza jarreren inguruan) zenbait adituren ekarpena entzuteko aukera izan zuten, eta oraingoan hausnarketari ekin diote. Horretarako, antzeko ezaugarriak dituzten ikastetxeetako Hizkuntza Normalkuntza Arduradun Teknikoek, lan taldetan bildurik, euren egunerokotasunean ematen diren hainbat egoeratan hizkuntza jarrerak nola landu aztertu dute, ikasleekin ez ezik, baita irakasle eta gurasoekin ere. Horretarako kasu errealetan oinarritu dira.

Eskola Hiztun Bila jardunaldiak hemeretzigarren edizioa izan du aurtengoa. Azken hiru urtetan lehen eguneko saioa adituen ekarpenak entzun eta kontrastatzeko aukera izan ondoren, bigarrenean teknikoen arteko elkartruke, eztabaida eta hausnarketari eman zaio lekua. Bigarren saioa era honetan antolatzeak  suposatzen duen aurrelana handia izan arren jaso diren balorazio onek horrela egiten segitzea eskatzen dute.

Ulibarri programa

Eskola Hiztun Bila jardunaldiak Ulibarri programaren barruan kokatzen dira: Jardunaldi hauen helburu nagusia da Ulibarri programan dauden ikastetxeetako Hizkuntza Normalkuntza Arduradun Teknikoek egiten duten lana gero eta hobeto ulertu eta burutzeko, bere begirada aberastea da. Horretarako, aztergai esanguratsu batzuei buruz iritzi eta ekarpen interesgarriak entzutea, kontrastatzea eta horien inguruan hausnarketa egitea proposatzen zaie.

Ulibarri programa, ikastetxeetako hizkuntza normalkuntza programa da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren barruan kokatzen da, Nolega (Normalizazio Legearen Garapena) atalaren barruan. 1996-1997 ikasturtean abiatu zen, eta programaren helburu nagusia ikastetxeetan hizkuntza normalkuntza lantzea da. Horretarako, programak ikastetxe osoa eta bere ingurua hartzen du eragin-esparrutzat.

 

(*) Atxikitako PDF dokumentuan ikus daiteke egitaraua

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)