Berriak Segurtasuna

Trafiko Zuzendaritzaren erreskate-garabien zerbitzuak A-8 errepidean gertatutako 608 gorabeheratan esku hartu zuen 2015ean; horietatik 272 istripuak ziren, eta 336, aldiz, matxurak

2016-03-02

Abisua jasotzen denetik arreta eman den arte, batez bestean, 13 minutu igarotzen dira

Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzaren A-8 autobideko ibilgailuak premiaz erretiratzeko garabi arinen asistentzia-zerbitzuak 608 istriputan esku hartu zuen iaz. Horietatik 272 istripuek eragindakoak izan ziren, eta beste 336 matxuren ondoriozkoak. Guztira izandako 608 kasuetatik 268tan, gidariek ezin izan zuten ibilgailua bide-bazterrera eraman. Tankera honetako istripu batek sei kilometro luzeko auto-ilarak sortzen ditu batez beste; hori dela, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak sustatutako zerbitzuak 1.608 kilometroko auto-ilarak saihestea lortu du (268 istripu bider 6 km).

«A-8 errepideko eguneko ibilgailu-intentsitatea handia da, eta zirkulazioan arazoak eta eragozpenak eragiten duen istripu orok eragin zuzena du pertsona askorengan» adierazi du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok, «Segurtasun Sailak antolatutako zerbitzu honek, trafikoa kudeatzeaz gain, milaka gidariren mugikortasuna errazten du, ilarak sortzea ekiditen duenez» gaineratuta.

Zerbitzua orain bost urte martxan jarri zenetik, 2.527 esku-hartze egin dituzte garabiek. Matxuren ondoriozko esku-hartzeak jarduera guztien % 50 izan ziren lehen urtean. Bigarren urtean, jarduera guztien % 59; goia zuten hurrengo urtean, % 59,5; % 59ra jaitsi laugarren urtean; eta % 55 izan ziren azken urtean.

Garabiak, gehienez lau, A-8 errepidean kokatzen dira, 110 (Basauri) eta 139 (Kantabriarekiko lurralde-muga) kilometro-puntuen artean, A-8ren aipatutako tartean zein haren sarbideetan, bi noranzkoetan, istripurik duten automobilak erreskatatzeko. Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzarekin adostuta, aldez aurretik erabakitzen ditu garabien kokalekuak: puntu estrategikoak dira, bi noranzkoetan bide-tarte handiak barnean hartzen dituztenak.

Erreskate-garabi batek Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik esku hartzeko abisua jasotzen duenetik zerbitzua eman behar duen gune zehatzera iristen den arte, batez beste, 13 minutu igarotzen dira.

Zerbitzuaren ohiko ordutegia 7:30etik 9:30era, goizez, eta 17:30etik 19:00etara, arratsaldez, izaten da, astelehenetik ostiralera; edonola ere, ordutegi hori malgua da eta istripua izateko estatistikoki aukera handiagoak daudenean aldatu egiten da. Istripua izandako ibilgailuak zerbitzuaren enpresa esleipendunaren instalazioetara eramaten dituzte, eta, ondoren, ibilgailuaren asistentzia partikularreko garabia joaten da bila.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)