Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Urkullu lehendakariak zuzenduko du “Mundura begira-Miirando al mundo” deritzon jardunaldia, Euskal Nazioartekotze Partzuergoaren lehenengo ekintza bateratua, hiru foru ahaldunak tarteko direla

2016.eko martxoak 02

300 enpresa baino gehiago SPRI-ren kanpoko sare osoarekin bilduko dira Bilbon, Euskadik bost kontinenteetako merkatuetan dituen negozio-aukerarik onenak aztertzeko

Nazioartekotze bokazioa duten 300 enpresak baino gehiagok, euskal erakundeek esportazioari eskaintzen dioten laguntza-azpiegitura osoa tarteko duen ezohiko topaketa batean parte hartuko dute martxoaren 16an, asteazkenez. Nazioarteko aditu ospetsuak eta kanpoko presentzia duten euskal enpresen ordezkariak partaide dituela, ‘Mundura Begira – Mirando al mundo’ deritzon jardunaldi honek halakoxe inflexio-puntua ekarriko dio Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru foru aldundiek, hiru merkataritza ganberek eta Eusko Jaurlaritzak osatutako Euskal Nazioartekotze Partzuergoari (ENP).

Ekitaldia Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da, Urkullu lehendakaria buru dela, eta aparteko aukera eskainiko die kanpoko merkatuen alde apustu egin duten euskal enpresei. Ekitaldian, halaber, Arabako Ahaldun Nagusia (Ramiro Gonzalez), Bizkaiko Ahaldun Nagusia (Unai Rementeria) eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusia (Markel Olano) izango dira, baita hiru lurraldeetako merkataritza-ganberetako presidenteak ere (Gregorio Rojo, José Ángel Corres eta Pedro Esnaola, hurrenez hurren).

Alde batetik, lehen eskuko informazioa jaso ahal izango dute, han-hemenkako herrialdeetan 15 bulego eta bost kontinenteetan banatutako berrogeita hamar bat eragile dituen Eusko Jaurlaritza-SPRIren kanpoko sarearen eskutik. Era berean, txostengile lana egingo duten nazioarteko zazpi analista ospetsuren agerraldiak entzuteko aukera izango dute, eta amaitzeko, Eusko Jaurlaritzak zehaztuak dituen lehentasunezko merkatuetan —AEB, Mexiko, Txina, Alemania eta esploratu beharreko Hego Afrikako lehentasunezko merkatua— ezarrita dauden zenbait euskal enpresaren lekukotasunak ezagutuko dituzte.

‘Mundura Begira - Mirando al mundo’ jardunaldia da, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru lurralde historikoetako foru aldundien eta merkataritza ganberen ekimen bateratuaren ondorioz 2014an sortutako Euskal Nazioartekotze Partzuergoak (ENP) antolatu duen munta handiko lehenengo topaketa. Partzuergoa, bertako kide diren erakundeek euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko erabiltzen dituzten estrategien koordinazioa eta gobernantza hobetzeko asmoz sortu zen. Partzuergoak nazioartekotze-fase desberdinetan —esportazioak, merkatu-analisiak, merkataritza-harremanak, kanpoko ezarpenak, etab.— euskal enpresei laguntzeko programak eta laguntzak biltzen dituen Katalogoa aurkeztuko du.

Lehentasunezko bost merkatu hedapen-fase desberdinetan

Jardunaldi honen bidez, ezagutzera emango zaie enpresariei ENPk eskaintzen duen zerbitzu-katalogoa, eta horrekin batera, nazioartekotze-prozesuetan dauden gaur egungo joerei buruz eztabaidatu eta egungo harremanen heldutasunari zein aukera berriak esploratzeko premiari erreparatuta, lehentasunezkotzat jo diren bost merkatuak zehatz-mehatz aztertu ahal izango dituzte, herrialde horietan espezializatuta dauden adituen laguntzaz:

- Alemania: automobilgintza, makina-erreminta eta energia sektoreekin lotutako 86 euskal ezarpen ditu (horietatik 17 ezarpen produktiboak dira).

- Txina: makineria eta ekipo mekanikoa, metalurgia eta produktu metalikoak eta material elektrikoa gisako sektoreekin lotutako 170 ezarpen (79 produktiboak).

- Estatu Batuak: energia eta automobilgintza sektoreekin lotutako 91 ezarpen (34 produktiboak).

- Mexiko: automobilgintza, aeronautika eta energia sektoreekin lotutako 180 ezarpen (68 produktiboak).

- Hego Afrika: energia, automobilgintza, ontziratze eta paketatze sektoreekin lotutako bederatzi ezarpen (bost produktiboak). Herrialde honi arreta berezia egingo zaio aurrerantzean, euskal enpresarentzat oraindik garapen-bidean dauden aukerak esploratu ahal izateko.

 

(*) Hemen informazio gehiago

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    [KANPO HARREMANAK] @IUrkullu-k zuzenduko du “Mundura begira-Mirando al mundo” deritzon jardunaldia ➡ https://t.co/680u32krQ9 #BasqueCountry

  • @Gob_eus
    2016.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    [ACCIÓN EXTERIOR] El lehendakari @IUrkullu presidirá la jornada “Mundura begira-Mirando al mundo” ➡ https://t.co/Ga282DxrUq #BasqueCountry

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)