Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Lanbidek eta Petronorrek etorkizuneko operadoreak ingurumen kudeaketaren arloko profesionaltasun ziurtagiriaz hornitzea adostu dute

2016.eko martxoak 02

Petronorrek ingurumen kudeaketaren arloko profesionaltasun ziurtagiriaz hornituko ditu bere etorkizuneko operadoreak, Lanbidek ofizialki onartutako ziurtagiriaz. Hala jakinarazi dute gaur Ángel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak, Emiliano López Atxurra findegiko presidenteak eta Juanma Seco Somorrostro Prestakuntza Zentroko zuzendariak.

Euskadin berritzailea den eta prestakuntza duala biltzen duen proiektu baten barruan sortu da ziurtagiria. Petronorrek, 1999. urteaz geroztik, plantako operadoreak trebatzeko 16 ikastaro garatu eta bukatu ditu, zuzeneko 372 lanpostu sortuz.

Ángel Toña sailburuak azaldu duenez, epe ertaineko aurreikuspenen arabera, lan-eskaria gero eta espezializazio-maila handiagoko eskulanez osatuta egongo da. Hori dela eta, tarteko kualifikazio-maila duten langileak beharko dituzte enpresek. Inguruabar horretan, lanbide-heziketa duala funtsezkoa da, lantokian bertan espezializazioa eskuratzeko aukera ematen duelako, lan-jarduera errealen bitartez. «Gisa honetako akordioei esker, laneratze-prozesua eraginkorragoa izan daiteke, eta, horrenbestez, bide erakargarria iruditzen zaigu», adierazi du.

Operadore lanpostuari lotutako gaitasunak hiru multzo handitan sailka daitezke: prozesuko eragiketei berariaz lotutako gaitasunak, lanpostuarekin zuzeneko zerikusia duten lan arriskuen identifikazioari eta prebentzioari lotutakoak, eta egiten den eragiketa bakoitzean burutu beharreko ingurumen kudeaketari dagozkionak. Kontuan eduki behar da, bestalde, merkatuak, oro har, eta petrolioaren eta petrolio-deribatuen inguruko guztiak, bereziki, egoera aldakorra dutela. Halako egoera bereziaren aurrean beharrezkoa eta hil ala bizikoa da moldatzeko gauza izatea, datorrenari lehiakortasunez aurre egin ahal izateko.

Horregatik, Petronorrek, bere operadoreek segurtasun eta ingurumen gaietan duten gaikuntza hobetu nahian, beste urrats bat egin du operadoreentzako ikastaroen diseinuan, industria mundurako balio duen titulu ofizial bat lortu baitu.

PRESTAKUNTZA DUALEAN OINARRITUTAKO PROIEKTU BERRITZAILEA

Ikastaroaren lehenengo faseak operadore bihurtzeko behar den prestakuntza teorikoa du oinarri. Fase horretaz gainera, Petronorrek, Somorrostro Prestakuntza Zentroarekin eta Lanbiderekin batera, abian jarriko du bigarren prestakuntza-fase bat; Euskadin berritzailea den prestakuntza, txandakako prestakuntza duala jasotzen duena ekimen pribatukoa den eta ofizialki onartuta dagoen profesionaltasun ziurtagiri batean. Ikastaroko 25 pertsonak proiektuan parte hartzen eta titulua eskuratzen lehenengoak izango dira.

Formatu dualean burutuko da ikaskuntza, txandakako araubidean, modu koordinatuan uztartuz Somorrostro Prestakuntza Zentroko lan teorikoagoa (420 ordu) eta findegiko lanpostuko prestakuntza praktikoa (500 ordu). Hasieratik amaieraraino, prozesu osoan bi prestakuntza motak uztartu eta “txandakatu” egiten dira. Gainera, Petronorrek soldata-beka batzuk emango dizkie ikasleei ikastaro osoan zehar.

Prestakuntza prozesu hori joan den urtarrilaren 25ean hasi da eta uztailaren amaiera aldera amaituko da. Guztira 920 orduko ikastaroa izango da. Behin ikastaroa amaituta, Lanbidek Ingurumen Kudeaketako Profesionaltasun Ziurtagiria emango die hura gainditzen duten pertsonei.

Proiektu berritzaile horretaz gain, Petronorrek goi mailako prestakuntza ziklo bat diseinatu du, formatu dualekoa, konpainian lan egiten duten enpresa kontratista nagusiekin batera. 

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IkaslanBizkaia
    2016.eko martxoak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Lanbide y Petronor acuerdan cualificar a futuros operadores con certificación profesional en gestión medioambiental➡ https://t

  • @IVAC_EEI
    2016.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Lanbide y Petronor acuerdan cualificar a futuros operadores con certificación profesional en gestión medioambiental➡ https://t

  • @Gob_eus
    2016.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    Petronorrek ingurumen kudeaketaren arloko profesionaltasun ziurtagiriaz hornituko ditu bere etorkizuneko operadoreak➡https://t.co/4OtV0JNGxa

  • @Gob_eus
    2016.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    Lanbide y Petronor acuerdan cualificar a futuros operadores con certificación profesional en gestión medioambiental➡ https://t.co/JBxbOVxYHH

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Emiliano López Atxurra, Petronorreko Presidentea eta Juan Manuel Seco, Somorrostroko Formazio zentroaren zuzendaria