Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Aquitaine.eus / Akitania-Euskadi Euroeskualdeak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Kultur Erakundeak elkarlanerako kultur egitasmo berria aurkeztu dute

2016.eko martxoak 01

Aquitaine.eus

 

Akitania-Euskadi Euroeskualdeak,

Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Kultur Erakundeak

elkarlanerako kultur egitasmo berria aurkeztu dute

 

Eusko Jaurlaritzak eta Aquitaine-Limousin-Poitou-CharentesEskualdeak osatzen duten Akitania-Euskadi Euroeskualdeak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Kultur Erakundeak sinatu berri duten lankidetza hitzarmena aurkeztu dute gaur prentsaren aurrean.

Hitzarmenaren bitartez sinatzaileak lankidetzan ariko dira bi norabidetan: batetik, Ipar eta Hegoaldeko euskal kultur sortzaileen lanak Akitaniako diziplina ezberdinetako jaialdi eta ekitaldietan erakutsiko dituzte; bestetik, Akitaniako eta Euskadiko kultur sortzaile eta eragileen arteko mugaz gaindiko harremanak eta elkarlana sustatuko dituzte.  

Mikel Antón Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendariak azaldu duenez Euroeskualdearen Plan Estrategiko berriaren (2014-2020) lanketak  agerian utzi zuen elkar ezagutza sustatzearen beharra. Zeregin horretan kulturak garrantzi berezia duela eta, esan du, Planak hizkuntzen ezagutza eta sustapena eragingo du eta kultura kooperaziorako ardatz bilakatuko da.  Lan ildo horretan kokatu du Antónek Aquitaine.eus egitasmo berria, “euskaraz egindako proiektuen presentzia era berezian” sustatuko duena; bi urteetarako abiatu den proiektuak 67.500 euroko aurrekontua izango duela ere adierazi du.

Mathieu Bergé Aquitaine-Limousin-Poitou-Charenteseskualdeko kontseilariaren hitzetan,  egitasmoa mugaz gaindikoa bat izateaz haratago, Euroeskualde mailakoa ere bada. Izan ere,  kontuan hartuta Akitania eskualdea handitu egin dela berriki iparraldetik (Poitou-Charentes eta Limousin gehituz) eta hegoaldetik laster Nafarroa kide berri bilakatuko da, Euroeskualde berriak 9 milioi biztanle eta Europako lurraldeko %2a izango ditu aurki. “Berezko politikak izateko moduko neurria”, Bergéren hitzetan. Testuinguru honetan Etxepare eta EKE bezalako Europa mailako eragileekin lanean hasteak dakarren aurrerapausoa azpimarratu du.

EKE Euskal Kultur Erakundeko zuzendari Pantxoa Etxegoin ere oso pozik agertu da, hitzarmen berriak EKEk eta Etxeparek azken urteetan burutu duten elkarlanaren onarpena delako. “Gainbalio bat nahi dugu ekarri Euroeskualde berri horretan –esan du-: euskal kultura hor egongo dela bermatzea eta egiazko trukaketa bat gauzatuko dela”. Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak Nafarroa gehitzearen garrantzia ere azpimarratu du,  “euskararen eremu  ere izanik, Institutuak bertako euskarazko kultura ere nazioartean sustatzen duelako”. Sortzaileak hitzarmenaren muinean daudela ere nabarmendu du, eta haien ekarpenak jasotzeko prestutasuna adierazi du. “Hau hasiera baino ez da”.

 

Elkarlan berri honen baitan oraingoz 2016. urterako antolatu duten programaren nondik norakoak ere azaldu dituzte Pantxoa Etxegoinek eta Aizpea Goenagak aurkezpenean:

 

  • MARTXOAK 7-10. DFERIA azokako programako lau antzezlan itzuli dituzte frantsesera, Akitaniako programatzaileek goitituluen ikus ditzaten. Lan dira: “Musu bat” (Tanttaka); “Oskara” (Kukai Dantza); “Zergaitik Jamil?” (Tartean Teatroa) eta “Jokoz kanpo” (Borobil Teatroa).

 

  • MARTXOAK 8. Akitania-Euskadiko instituzio eta kultur erakundeen topaketa bat antolatu dute Donostian, lankidetza sustatzeko.

 

  • APIRILAK 1-3. ESCALE DU LIVRE Bordeleko Liburu azokan, frantsesera itzulitako lanak dituen euskal idazle batek parte hartuko du programan.

 

  • MAIATZAK 19-22. Leioako UMORE AZOKA kaleko arteen nazioarteko azokan, euskal-akitaniar programatzaile eta profesionalen arteko topaketak antolatuko dituzte.

 

  • ABUZTUAK 4-6. FEST´ARTS Kaleko Arteen Nazioarteko Jaialdiaren baitan, euskal konpainia batek egonaldi artistiko bat egingo du Libournen. Jaialdiko egitarauan hiru euskal talde izango dira, gutxienik ere, eta euskal-akitaniar programatzaile eta profesionalen topaketak ere antolatuko dituzte.

 

  • UDAZKENEAN, Bordeaux-Cenoneko LE ROCHER DE PALMER kulturguneak euskal musika programatuko du: hiru alor desberdinetako hiru kontzertu izango dira -jazz, elektronikoa, folk-tradizionala-. Erakusketa bat ere ekoiztuko dute eta lau eguneko herri-musika  tailer-ikastaroak eskainiko dituzte eskoletan eta kulturgunean.

 

  • AZAROTIK AURRERA. Euskal dantzari buruzko SOKA erakusketa Akitaniako hainbat hiritan erakutsiko da. 2016ko azaroan Pau hirian izango da ikusgai.

 

 

 

 

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @etxepareEU
    2016.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Akitania-Euskadik, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Kultur Erakundeak elkarlanerako kultur egitasmo berria ➡ https://t.c

  • @eke_eus
    2016.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    RT @Aquitaineuskadi: Aquitaine.eus@Aquitaineuskadi Euroeskualdeak@etxepareEU @eke_eus elkarlanerako kultur egitasmo berria aurkeztu dute ht…

  • @elisa_sdem
    2016.eko martxoak 01

    Comentario de Twitter:
    RT @Aquitaineuskadi: Aquitaine.eus@Aquitaineuskadi Euroeskualdeak@etxepareEU @eke_eus elkarlanerako kultur egitasmo berria aurkeztu dute ht…

  • @Aquitaineuskadi
    2016.eko martxoak 01

    Comentario de Twitter:
    Aquitaine.eus@Aquitaineuskadi Euroeskualdeak@etxepareEU @eke_eus elkarlanerako kultur egitasmo berria aurkeztu dute https://t.co/5Vypoxslau

  • @Aquitaineuskadi
    2016.eko martxoak 01

    Comentario de Twitter:
    Aquitaine.eus@Aquitaineuskadi @etxepareEU @eke_eus han presentado su nuevo proyecto cultural de colaboración https://t.co/MVfGC3fXgX

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Mathieu Bergé, Pantxoa Etxegoin