Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Gobernu-Kontseiluak Gernika-Markinako eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partziala onartu du (Gobernu Bilera 2016-03-01)

2016.eko martxoak 01

Kontseiluak Gernika-Markinako eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partziala onartu du. Idazten ari ziren bitartean indarrean zegoen udal-plangintza jasoko du aipatutako plan horrek, betiere informazioa emateko asmoarekin. Hortaz, plangintza horren partetzat hartuko dira hura indarrean jarri arte egiten diren aldaketak.

Lurralde Plan Partzial honen arabera, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren antolaketa eta kudeaketa legeria sektorial espezifikoan jasotako tresnen arabera egingo da, eta lurzoru urbanizaezinaren kalifikazioa, erabilera-, jarduera- eta eraikuntza-erregimena aratuko ditu Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak.

Urdaibai Biosfera Erreserban, ekipamendu eta kokalekuen proposamenak Lurralde Plan Partzialean identifikatutakoak izango dira, baita azpiegituren eskemak ere. Gernika-Markinako eremu funtzionaleko udalerrietako hirigintza-dokumentuak Lurralde Plan Partzialaren xedapenetara egokitu beharko dira, baldin eta plana indarrean jartzen denean plan orokorrak edo arau subsidiarioak formulatu, berrikusi edo aldatzeko prozesuetan badaude.

Baldin eta Lurralde Plan Partzial hau indarrean jartzen denean plangintza orokorreko tresnen eta horiek garatzeko tresnen lehen onarpena egin bada, eta hirigintzaren kudeaketako tresnak izapidetzen ari badira, eta oraindik behin betiko onarpena jaso ez badute, udalek plangintza orokorreko eta hori garatzeko tresnak Lurralde Plan Partzial honen xedapenetara egokitu ahal izango dituzte, kudeaketa-tresnen izapideak berriz hasiz. Edozein kasutan ere, udalen hirigintza-arloko plangintza orokorra plan honen xedapenei egokitu beharko zaie, hura indarrean jarri eta bi urteko epean, gehienez ere.

Lurralde Plan Partziala Lurralde Antolakuntzari buruzko Legean aurreikusitako formulazio- eta tramitazio-prozesu luze baten emaitza da. Prozesu horren faseetan (aurrerapena, hasierako, behin-behineko eta behin betiko onarpena), lurraldeko herri-administrazioek (tokiko administrazioak, foru-administrazioak eta autonomia-erkidegokoak) parte hartu dute, baita eremu funtzional horretako gizartearen ordezkaritza zabal batek ere.

Gernika-Markinako eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partzialak udalerri hauek biltzen ditu: Ajangiz, Amoroto, Arratzu, Aulesti, Bermeo, Berriatua, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Etxebarria, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Gizaburuaga, Ibarrangelu, Ispaster, Kortezubi, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendata, Mendexa, Morga, Mundaka, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Murueta, Muxika, Nabarniz, Ondarroa, Sukarrieta eta Ziortza-Bolibar.

Plan honen helburua eremu funtzionalaren lurralde-antolamendu jasangarria hamasei urterako zehaztea da, haren lurralde-egitura eta eredua ezarriz. Planari egokitu beharko zaizkio udal-plangintzak, Lurralde Plan Sektorialak eta eremu funtzionalean eragina duten bestelako jardunak.

Lurralde-eredua oinarrizko baldintzen izaera duten helburu hauen inguruan egituratzen da: a) Eremu funtzionaleko populazioa mantentzea. b) Bizitoki-guneak kontzentratzea. c) Garapen ekonomikoa sustatzea, horren oinarri den ekoizpen-espazioa sortuz eta antolatuz d) Berezitasunei eustea eta bultzada ematea, naturaren eta paisaiaren balioen aldetik. e) Garraioen arteko intermodalitate erosoa eta eraginkorra lortzea. f) Bizikletaren erabilera eta oinezkoentzako ibilbideak sustatzea. g) Energia berriztagarrien aprobetxamendua sustatzea. h) Herritarren ekipamendu-beharrak asetzea. i) Andeatutako guneak berroneratzea eta erabilera ezegokia edo ausazkoa duten guneak birmoldatzea. j) Landa-ondareko eraikinak zaintzea eta balio historikoa edo/eta kulturala duten guneak birgaitzea. k) Historia, kultura edo arkitektura aldetik balioa duen ondarearen kontserbazioa sustatzea, balio turistiko bezala.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko