Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Oiartzungo Beloaga gaztelua eta Arkaleko gotorlekua hartzen dituen eremu arkeologikoa Kultura Ondasun deklaratu da (Gobernu Bilera 2016-03-01)

2016.eko martxoak 01

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Oiartzungo (Gipuzkoan) Beloaga gaztelua eta Akaleko gotorleku-multzoa hartzen dituen eremu arkeologikoa Kultura Ondasun (monumentu-multzo kategoriarekin) deklaratzen duen Dekretua.

Interes historiko eta arkeologiko handiko aztarnategia osatzen du eremu hoenk, eta bere baitan hartzen ditu, erdi aroko gazteluaren aurriez gain, XIX eta XX. mendeetan inguru horretan izandako jarduera militarren aztarnak ere.

Arkaleko haitzak arku formako gailur menditsuak dira, eta Oiartzun aldera datorren Irundiko sarrera ixten dute. Beraz, puntu estrategikoa izan da Gipuzkoan. Horrexegatik dago, hain zuzen ere, gailurrean aztarna arkeologikorik gehien.

Gailurrean erraz ikus daitezke defentsa-egitura osatzen duten lauki itxurako barrutiak. Egitura hauek zenbait puntutan haitz naturala baliatzen dute, eta manposteriazko harresi sendoek tartean gelditzen diren hutsuneak ixten dituzte. Harresi hauek sendoagoak dira hegoaldean.

Erdi aroko gazteluaren aurriak, eta haren gainean XIX. mendean liberalek eraikitako Arkaleko gotorlekua ageri dira gailurrean. Egun oraindik ikusgarri dauden hondakinik gehienak azken gotorleku horrenak dira. Horma sendoak argi asko ikusten dira urrunetik ere. Goiko parteko plataformak turuta itxurako irteera bat du ekialderantz. Dirudienez, gune horri itxiera ematen zion eta egun desagertuta dagoen tiratzaileen gune bat zegoen bertan, munizioarentzako biltegi eta guzti.

Mendia iparretik hegora zeharkatuz, beherago, malda leunagoa den inguruan, bi sarrera irekitzen dira haitzean, bi aho bailiran. Mendia alderik alde zeharkatu ondoren, bi behatokitan dute amaiera: bata bukatua dago, eta bestea zulatua baina bukatu gabea. Barneko pasabideetan arrapalak, eskailerak eta gelaxkaren bat ikus daitezke. Zenbait tartetan hormak hormigoiz estalita ageri dira. Galerietako baten sarreran armadako ingeniarien ezkutua dago arkuaren erdigunean. Behatokiaren iparraldeko irteeran behaketa-postuetako bat hormigoiz egina da, bunkerra bailitzan. Beste irteerak haitzuloa dirudi, zulaketa lanak eginak egonagatik ere, ez baitu beharrezko erremate eta egitura militarrik.

Eremu arkeologikoa Kultura Ondasun deklaratzen duen Dekretuak, era berean, beronen zedarritzea eta babes erregimena ere ezartzen ditu. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Kultura Ondasun hau Sailkatutako Kultura Ondasunen katalogoan inskribatuko du (Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren baitakoa).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko