Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Kontserbazio Bereziko Eremu-KBE izendatu du Izki, Arabako Mendialdean (Gobernu Bilera 2016-03-01)

2016.eko martxoak 01

Europako erakundeek Europar Batasunean biodibertsitatea babesteko egin duten apustu nagusia den Natura 2000 Sarean egongo dira aurrerantzean

Euskadiko Natura Sarea Batasunaren intereseko 52 lekuk (BIL) osatzen dute. Horietako 46 (% 88) dagoeneko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu dituzte

Ana Oregi, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua: «Besteak beste, Natura Sareari esker, Euskadin babestua dagoen lurraldea % 10etik % 21era pasa da»

Gobernu-kontseiluak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu du gaur Arabako Mendialdean dagoen Izki espazioa, Natura 2000 Sarearen barruan. Gainera, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (BBE) ere izango da. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik esan duenez, «Batasunaren intereseko habitat naturalak eta fauna eta flora basa-espezieak kontserbazio-egoera mesedegarri batean zaintzea eta lehengoratzea».

Natura 2000 Sarea 27.384 espaziok osatzen dute eta Europar Batasuneko lurraldearen % 18,14 hartzen du; orotara, 1,1 milioi km2-ko azalera. Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Sarea Batasunaren garrantzizko 52 lekuk (BGL) osatzen dute. Horietako 46, hots, % 88, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu dituzte dagoeneko, eta 8 Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (BBE). Euskadiko Natura 2000 Sareko 60 naturaguneek 150.000 hektarea hartzen dituzte gutxi gorabehera. Alegia, lurraldearen % 20,5 inguru.

«Jaurlaritza lanean ari da Arreoko lakua/Caicedo de Yuso, Valderejo/Sobrón/Artzena mendilerroa (KBE batean elkartutako bi BIL), Aizkorri-Aratz, Gorbeia eta Aralar Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko. Leku horien guztien izendapena datorren udan amaituko da», Ana Oregik esan duenez.

Ana Oregiren iritzian, «Natura 2000 Sarearen parte diren lekuak Europako natura-ondare baliotsuenaren lagin gisa hautatu dituzte, eta kontinenteko toki osasuntsuenak dira, ingurumenari dagokionez. Natura 2000 Sarearen parte izatea ingurumen-osasun ona izatearen ziurtapena da». Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak azaldu duenez, «Natura 2000 Sareari esker, Euskadin, lurraldearen % 10 babestetik % 21 babestera pasa gara».

Izkiko Natura 2000 naturagunea (ES2110019) Euskal Autonomia Erkidegoko hego-ekialdean dago, Arabako Mendialdean. Mugakide ditu honako hauek: Gasteizko mendiak, ipar-ekialdean; Berron ibaia, ekialdean; Toloñoko mendilerroaren beheko aldeko bailarak, hegoaldean; eta Trebiñu, mendebaldean. Ihuda eta Ega ibaien isurialdeen barruan sartzen da gunea, Zadorra-Trebiñuko eta Egako unitate hidrografikoen barruan, hurrenez hurren, eta Ebro ibaiko mugapean.

KBEk eta Hegaztientzako BBEk muga berberak dituzte. Europako Batzordeak hasieran onartu zituen mugetan aldaketak egin dira, bai eskuragarri dagoen kartografia eguneratu delako, bai kontserbazioaren xede diren habitatak edo espezieak kontserbatzeko irizpideak aplikatu direlako. Horren ondorioz, KBE/BBEren azalera BILena baino 470 ha handiagoa da. Guztira, 9.482,10 hektareako azalera du (gehieneko altitudea: 1.173,73 m; gutxieneko altitudea: 572,51 m; batez besteko altitudea: 805,29 m).

Gainera, 100 metroko babes-zerrenda bat sortu da Natura 2000 Sareko naturagunearen inguruan, sailkatutako hiri-lurzoruak kanpo utzita. Izkiko KBE/BBEk hiru udalerritako eta 13 administrazio-batzarretako lurrak hartzen ditu. Bernedon dago Natura 2000 Sareko naturagunearen eremu zabalena. Handietan bigarrena da Arraia-Maeztuko udalerria. KBE/BBEko lurren % 5 baino zertxobait gehiago baino ez daude Kanpezun. Administrazio-batzar hauen lurren erdia baino gehiago Natura 2000 Sareko naturagunean dago: Apinaiz, Maeztu, Arluzea, Kinta, Durruma Kanpezu, Urarte eta Urturi. Bestalde, Korresko Administrazio Batzarraren lurralde oso-osoa ere naturagunearen barnean dago.

Izkiko KEB/HBEBen titulartasun publikoko lur gehiena Erabilera Publikoko Mendien barruan sartzen da, eta lehen aipatutako Administrazio Batzarrak eta beste erakundeak dira halakoen titularrak. Guztira, erabilera publikoko mendien 34 eremu daude, eta 9.078,47 ha hartzen dituzte (hau da, Natura 2000 gunearen % 95,74).

Izkiko gunearen ezaugarri nagusia hau da: baso-masa zabal bat da, hareazko lautada batean kokatua. Izki ibaiaren adarrek eratutako sakan txikiek zeharkatzen dute lautada, ibaiak mendebaldetik ekialdera zeharkatzen baitu gunea. Askotariko landare-formazioak eratzen dira, litologiak eta orientazioak direla-eta: horien artean, aipatzekoa da ameztia, Europako zabalenetakoa baita» Era berean, Izkin, Batasunaren intereseko 30 habitat mota daude: horietatik 10, lehentasunekoak habitatak dira. Habitat horietan, intereseko flora- eta fauna-espezie asko bizi dira.

Flora-espezieen artean, nabarmentzekoa da Olandinako urmaeleko nenufar zurien populazioa. Euskadiko bakarra da, eta iberiar penintsulako handiena. Faunari dagokionez, Izkin bizi diren ornogabeen artean, intsektu saproxilikoak eta odonatoak aipatu behar dira. Anfibioen 12 espezie daude Izkin. Espezie mehatxatuen EAEko katalogoan jasota daude horietako hiru: baso-igel jauzkaria, apo lasterkaria eta iberiar apo pintatua. Izkiko KBE/BBEko eremuko ugaztunen artean, honako hauek aipatu behar dira: kiropteroen artean, arratoi-belarri handia, Bechstein saguzarra, saguzar biboteduna eta ferra-saguzar handia; eta mustelidoen artean, bisoi europarra eta igaraba.

Hegaztiei dagokienez, okil ertainaren presentzia da bereziki aipagarria. Espezie horretako 750 animalia baino gehiago daude Izkin, eta horrek garrantzi berezia ematen dio naturaguneari penintsularen barruan, okilen familiako espezie horri dagokionez. Bestalde, Izki interes bereziko eremuen barruan dago ugatzari, sai zuriari eta sai arreari dagokienez.

9 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @fgtez
    2016.eko martxoak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @javiluzuriaga: El Gobierno Vasco declara como Zona Especial de Conservación-ZEC a Izki en Montaña Alavesa https://t.co/HA0du1BTAq

  • @natourinG
    2016.eko martxoak 06

    Comentario de Twitter:
    RT @javiluzuriaga: El Gobierno Vasco declara como Zona Especial de Conservación-ZEC a Izki en Montaña Alavesa https://t.co/HA0du1BTAq

  • @javiluzuriaga
    2016.eko martxoak 06

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco declara como Zona Especial de Conservación-ZEC a Izki en Montaña Alavesa https://t.co/HA0du1BTAq

  • @geoparkea
    2016.eko martxoak 04

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu ditu Izki eta Laguardiako urmaelak #Araba #Ingurumena https://t.co/DBOjHFKDYt

  • @uraEJGV
    2016.eko martxoak 04

    Comentario de Twitter:
    RT @IngurumenEJGV: Irekia - El Gobierno Vasco declara como Zona Especial de Conservación-ZEC a Izki en Montaña... https://t.co/n8L1VvAUA9

  • @uraEJGV
    2016.eko martxoak 04

    Comentario de Twitter:
    RT @IngurumenEJGV: Irekia - Eusko Jaurlaritzak Kontserbazio Bereziko Eremu-KBE izendatu du Izki, Arabako... https://t.co/i6NAVsIhCv

  • @IngurumenEJGV
    2016.eko martxoak 03

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Eusko Jaurlaritzak Kontserbazio Bereziko Eremu-KBE izendatu du Izki, Arabako... https://t.co/i6NAVsIhCv

  • @IngurumenEJGV
    2016.eko martxoak 03

    Comentario de Twitter:
    Irekia - El Gobierno Vasco declara como Zona Especial de Conservación-ZEC a Izki en Montaña... https://t.co/n8L1VvAUA9

  • @Gob_eus
    2016.eko martxoak 01

    Comentario de Twitter:
    #Natura2000Sarea Eusko Jaurlaritzak Kontserbazio Bereziko Eremu-KBE izendatu du Izki, Arabako Mendialdean ➡ https://t.co/GhMipVlE8i

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)