Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu ditu Guardiako urmaelak (Gobernu Bilera 2016-03-01)

2016.eko martxoak 01

Europako erakundeek Europar Batasunean biodibertsitatea babesteko egin duten apustu nagusia den Natura 2000 Sarean egongo dira aurrerantzean

Euskadiko Natura Sarea Batasunaren intereseko 52 lekuk (BIL) osatzen dute. Horietako 46 (% 88) dagoeneko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu dituzte

Ana Oregi, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua: «Besteak beste, Natura Sareari esker, Euskadin babestua dagoen lurraldea % 10etik % 21era pasa da»

Gobernu-kontseiluak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu ditu gaur Guardiako urmaelak, Natura 2000 Sarearen barruan. Horrela, Arabako Errioxako eremu hori Europako naturagunean sartuko da. Europako erakundeek Europar Batasuneko lurraldeetan biodibertsitatea babesteko egin duten apustu nagusia da Natura 2000 Sarea.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik esan duenez, «Batasunaren intereseko habitat naturalak eta fauna eta flora basa-espezieak kontserbazio-egoera mesedegarri batean zaintzea eta lehengoratzea. Era berean, basa-hegaztiak eta hegazti migratzaileak eremu horretan egon, biziraun eta ugaldu ahal izatea bermatuko du, Europako lurraldearen biodibertsitatearen kontserbazio-jarduerekin bat eginez».

Natura 2000 Sarea 27.384 espaziok osatzen dute eta Europar Batasuneko lurraldearen % 18,14 hartzen du; orotara, 1,1 milioi km2-ko azalera. Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Sarea Batasunaren garrantzizko 52 lekuk (BGL) osatzen dute. Horietako 46, hots, % 88, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu dituzte dagoeneko, eta 8 Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (BBE). Euskadiko Natura 2000 Sareko 60 naturaguneek 150.000 hektarea hartzen dituzte gutxi gorabehera. Alegia, lurraldearen % 20,5 inguru.

«Jaurlaritza lanean ari da Arreoko lakua/Caicedo de Yuso, Valderejo/Sobrón/Artzena mendilerroa (KBE batean elkartutako bi BIL), Aizkorri-Aratz, Gorbeia eta Aralar Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko. Leku horien guztien izendapena datorren udan amaituko da», Ana Oregik esan duenez.

Haren hitzetan, «Natura 2000 Sarearen parte diren lekuak Europako natura-ondare baliotsuenaren lagin gisa hautatu dituzte, eta kontinenteko toki osasuntsuenak dira, ingurumenari dagokionez. Natura 2000 Sarearen parte izatea ingurumen-osasun ona izatearen ziurtapena da». Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak azaldu duenez, «Natura 2000 Sareari esker, Euskadin, lurraldearen % 10 babestetik % 21 babestera pasa gara».

Guardiako urmaelak Arabako Errioxako herri horren inguruko lau hezegune dira. Guardiako ekialdean eta hegoaldean daude, Arabako lurralde historikoan. KBEren azalera 79,72 hektareakoa da, garai batean BIL izendatu zena baino nabarmen handiagoa (45,2 ha), eta Biotopo Babestuaren mugakidea da.

Hiru hezegune (Carralogroño, Carravalseca eta Musco) aldi baterako urmael endorreikoak dira, jatorri eta funtzionamendu naturalekoak. Laugarrena (Prao de la Paúl), aldiz, antzina istildutako gune baten gainean sortutako urtegi txiki bat. Carralogroño eta Carravalsecako urmaelak arian-arian desagertutako hezeguneak dira, laborantzarako lehortu baitziren; gaur egun, halako gutxi gelditzen dira. Halakoxea litzateke Muscoko urmaelaren kasua: drainatu, lehortu eta landatu egin zuten, beste hiru hezeguneak biotopo babestu izendatu zituzten arte. Geroztik, Musco lehengoratzeari ekin zioten.

1995ean, Biotopo Babestu izendatu zituzten Carralogroño, Carravalseca eta Prao de la Paúleko urmaelak. Muskoko urmaela, garai hartan, drainatuta, lehortuta eta landatuta zegoen. Lurrak, gainera, jabe pribatuen esku zeuden. Horregatik guztiagatik –eta nahiz eta Guardiako urmael multzoaren parte izan–, hasiera batean, ez zuten Biotopo Babestuaren barruan sartu; bai, ordea, haren aldirietako babes-gunean. Hala ere, Biotopo Babestutik kanpo geratu arren, etorkizunean bertan sartzeko planak egin ziren, urmaela lehengoratzeko programa bat egin baitzen.

Guardiako urmaelak mahastiak nagusi diren inguru batean kokatuta daude, Guardia ardogintzaren udalerri nagusietako bat izanik. Jarduera horrek eragina izan du urmaelen ekosisteman. Izan ere, isurialdeko arroetako landaredi naturalak oso urriak dira (gaur egun, ia abeltzaintzarik ez dagoenez, albizti, belardi eta sastrakadi bakan batzuk besterik lursail publiko edo landutako lursail diren horietan. Nekazaritza-ekosistema irekien intereseko hegaztien bizilekua dira) eta mahastizaintzaren eraginez sedimentuak, ongarriak eta gai fitosanitarioak heltzen dira urmaelen kubetetara, urak garraiatuta.

Arazo horiek gorabehera, Carralogroñok eta Carravalsecak (Musco lehengoratze-fasean dago oraindik) sistema endorreikoetako ezaugarri batzuei eusten diete, tartean, euriari lotutako ur-erregimena, urmaelak bete eta husten diren garaiak, eta horren eraginez sortzen den gatz-arrastoa, paisaia eta ekologia aldetik balio handia duena.

Ingurune halofilo horiek Ebro ibarreko sistema endorreikoetako landare-taldeak eta flora-espezieak haztea ekarri du, horien hedapen-eremuaren iparraldeko mugatik oso gertu. Urmaelak beraiek, beteta daudenean, gune garrantzitsua dira uretako hegaztientzat (anatidoak, ardeidoak eta limikoloak), bertara joaten baitira negu-pasan edo jatera.

Bestalde, Prao de la Paúl urmaelak ezaugarri endorreikoak galdu ditu eta ur gezako aintzira baten moduan funtzionatzen du. Karpa edo ibai-karramarro amerikarra bezalako espezie exotikoak sartzeak arazo ekologikoak sortu dituen arren, hegazti habiagileen populazioak hor dirau (ardeidoak, lezkadiko hegaztiak eta zingira-mirotzak), oro har, lehortuta dagoen ingurune batean. Urmaelak multzo bakar baten erako portaera dute, eta bertan elkarreragiten dute batik bat hegazti, anfibio eta ugaztun espezie erabiltzaileek (noizean behin igarabak eta bisoi europarrak ere agertzen dira).

Gainera, Habitaten Zuzentarauan jasotako Batasunaren intereseko 5 habitat mota aurkitu dira gutxienez, horietako bi lehentasun-izaerakoak. Gutxienez, 12 hegazti-espezie bizi dira urmaelen inguruan, eta askotan egoten dira beste hegazti migratzaile asko bertan. Espezie mehatxatuen EAEko katalogoari dagokionez, bertan jasotako galzoriko 4 espezie, 4 espezie kaltebera, 8 espezie bakan eta interes bereziko 8 espezie bizi dira urmaeletan edo inguruan. Horregatik guztiagatik hautatu zen espazio hori Natura 2000 Sarearen parte izateko.

Guardiako urmaelen Kontserbazio Bereziko Eremuak eta Biotopo Babestuak osatzen dute Guardiako urmaelen BILa, baina gehien bat publikoak diren lursail batzuekin handituta, eskala eta katastroa egokitu eta gero. Lursail horietan landaredi naturalaren hondar batzuk daude (albitzak, belarrak eta sastrakak), hiru urmaelak elkarrekin lotzen dituztenak, Prao de la Paúl nahikoa zabalerarekin inguratzeaz gain.

Gainera, Guardiako urmaelen Biotopo Babestuaren eta Guardiako urmaelen KBEren inguruan babes-gune bat definitu da, 284,40 ha-ko azalerakoa. Babes-gune horrek lau urmael endorreikoen arro hidrografikoak osorik hartzen ditu (puntu batzuetan zabalagoa ere bada, intereseko habitatak barne hartzeko) eta, Prao de la Paúlen kasuan, bertako lursailen banaketara eta errealitatera moldatu da. Biotopo Babestua eta KBE izateaz gain, Guardiako urmaelak nazioarteko garrantziko hezeguneei buruzko Ramsar Hitzarmenean jasota daude 1996tik.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IngurumenEJGV
    2016.eko martxoak 03

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Eusko Jaurlaritzak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu ditu Guardiako urmaelak... https://t.co/o0IL5xRChl

  • @Gob_eus
    2016.eko martxoak 01

    Comentario de Twitter:
    #Natura2000Sarea Eusko Jaurlaritzak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu ditu Guardiako urmaelak ➡ https://t.co/dRGk1gus1f

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)