Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna

ZABALIK DAGO NARDIZ SARIETARAKO HAUTAGAIAK AURKEZTEKO EPEA

2016-02-27

 

  • Nekazaritza, arrantza, elikagaigintza edo basogintzaren sektoreetan ibilbide luzea eta eredugarria egiteagatik nabarmendu diren pertsona edo kolektiboen lana balioesten du gizartearen aurrean
  • Sariak datorren maiatzaren 10ean banatuko dira Gasteizen ospatuko den ekitaldian non Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izango den

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak Gonzalo Nardiz Sarietara hautagaitzak aurkezteko epea ireki du; sariak 2003an sortu zituen exekutibo autonomoak lehen Nekazaritza sailburuaren omenez, eta beraien helburua da nekazaritza, arrantza, elikagaigintza edo basogintzaren sektoreetan ibilbide luzea eta eredugarria egiteagatik nabarmendu diren pertsona edo kolektiboen lana balioestea gizartearen aurrean. Epea martxoaren 11ra arte dago irekita.

Sariak nekazaritzan, arrantzan, elikagaigintzan edo basogintzan egindako lanagatik nabarmendu den pertsona edo kolektibo bati edo gehiagori emango zaizkio, epamahaiaren iritziaren arabera. Hautagaiak aurkezteko, gutxienez Euskal Herriko bi agente sektorialen babesa eduki beharko da (erakunde profesionalak, fundazioak, sindikatuak, kooperatibak) edo partikularrena, eta hautagai izendatutako pertsonaren edo kolektiboaren onarpena ere bai.

Eskakizunak

Sarietarako aurkezten diren hautagaietako bakoitzarekin batera memoria bat bidali behar da, proposamena egiten dutenek babestuta. Memorian hautagai proposatzen den pertsonaren edo kolektiboaren ibilbide profesional zehatza jasoko da eta, horretaz aparte, modu berezian azpimarratuko dira beraien garrantzia eta eraginagatik hautagaia aparteko egiten duten alderdiak.

Hautagaitzak, eskatutako dokumentazioarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Landa eta Itsasertz Garapenerako Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira. www.euskadi.eus

Epaimahaiak apirilaren 30a baino lehen emango du epaia, eta saridunek saria jasoko dute maiatzaren 10ean ospatuko den jendaurreko errekonozimendu-ekitaldian non Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izango den.

Gonzalo Nardiz

Gonzalo Nardiz Bengoetxea Eusko Jaurlaritzaren lehen Nekazaritza Sailburua izan zen, bai eta 1936ko urriaren 7an sortu eta Jose Antonio Aguirreren Lehendakaritzapean izan zen kabinete hartako kiderik gazteena ere. Garai hartan abeltzaintzaz, basoez eta mendiez arduratu zen. Euskadirako autohornitze kotarik handienak lortzea eta bertako abeltzaintzako eta basoetako aberastasuna zaintzea izan zituen helburu bere jardunean. Albaitaritzako arauak aldarrikatu zituen eta gerra zonaldeetan zeuden lurrak errentan eduki eta lantzen zituztenei errentak ordaintzeko luzamenduak eman zizkien.

1939an Francoren tropek irabazi ondoren, Gonzalo Nardizek, Gobernuko beste kideek bezala, erbesterako bidea hartu zuen, eta han 40 urte eman zituen. Parisen eta Mexikon bizi izan zen eta 1946az geroztik Donibane Lohizunen. Franco hil ostean Nardiz Euskal Herrira bueltatu zen. Erbesteko Eusko Jaurlaritza desegin eta gero, Gernikako Estatutua onartu zenean, Gonzalo Nardiz jarduera politiko guztitik aldenduta egon zen.

2003ko urriaren 25ean Bilbon hil zen, 97 urte zituela.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)