Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak bere ekarpena egin du Europar Batasunaren turismo-politikaren lehen urratsetan

2010.eko irailak 13

Euskadin burutzen ari den turismo-industriaren politika eta estrategia aurkeztu dizkio Europako Batzordeari Eusko Jaurlaritzak, bere ekarpena eginez Europar Batasunaren turismo-politikaren lehen urratsetan. 

Une historikoan gertatu da Erkidegoko gobernuarekin izandako lan-bilera, Lisboako Ituna indarrean hasi eta gero lehen aldiz ezarri baita Europar Batasunaren turismo-jarduera biltzen duen oinarri juridikoa.

Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak eta Eusko Jaurlaritzaren Turismoko zuzendari Isabel Muelak, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren laguntzarekin (zehazki, Bruselako Euskadiren Ordezkaritza), gaur aurkeztu dizkiete Europako Batzordeko zuzendari Pedro Ortúni eta Industriako Europako Komisarioaren kabineteari bultzatzen ari diren ekintza eta ekimenak euskal turismo-sektorea lehiakorragoa eta iraunkorragoa izan dadin, eta Euskadi turismo-helmuga nagusi bihur dadin, eta atzerrian horrela sustatzea betiere.

Turismo-sektorearen lehiakortasuna, iraunkortasuna eta kalitatea, eta turismo-industriak eskualdearen garapen eta garapen ekonomikorako egiten duen ekarpenaren onespena, baita eskualdeen eta ikerketa-zentroen arteko jardunbide egokien sareen eta trukearen onespena ere, izan dira Europako Batzordearekin izandako elkarraldiko alderdi garrantzitsuetako batzuk.

Eusko Jaurlaritzak zein Europako Batzordeak lankidetza-bide bat zabaldu dute EBren benetako turismo-politika bat finkatzeko eta turismo-politika bat bere-berean onesteko.

Europako Batzordearen datuen arabera, EBren BPGaren % 4 baino gehiago sortzen du turismo-sektoreak, eta euskal BPGaren % 5,3 da. Sektoreak hazkunde etengabea izan du azken urtean Euskadin, eta gauzak horrela, 2010. urtea euskal turismoaren historiako urterik onena ari da izaten. Gainera, turismo-sektorearen lehiakortasunari buruz eginiko lehen azterlanak (MoniTur) adierazten duenez, Espainiako autonomia-erkidego hobekien prestatuena da Euskadi.

Brusela, 2010eko irailaren 13a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan