Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Oregi: «Araba Erdiguneko balizko trenbide-zerbitzua ezartzeko bideragarritasun-azterketaren arabera, biztanleriaren % 64rentzat ez litzateke batere erabilgarria izango eta erabilera-tasa eskaintzaren % 10 baino gutxiago izango litzateke»

2016-03-02
  • «Bailara orduetan, erabilera-tasak izugarri txikiak izango lirateke, % 2tik beherakoak.»
  • «Zenbait tartetan, Agurain eta Altsasu artekoa kasu, erabilera-tasa % 1 eta % 5 artekoa izango litzateke.»
  • Ondorioek erakusten dute erakarritako eskaera eta erabilera-tasak oso txikiak izango liratekeela; erabiltzen ez diren geralekuak berriz irekitzeko proposamenak erabilgarritasun eskasa izango lukeela; maiztasunak homogeneoak ez izateagatik, ustiapena negatiboa izango litzatekeela; Vitoria-Gasteizera trenez iristeko irtenbidean eragin negatiboa izango lukeela; eta estimatutako ustiapen-defizit handia izango lukeela.
  • Administrazioen artean lan egiten jarraitu behar dugu, hau da, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundi eta udalen artean, Araba Erdiguneko eta Vitoria-Gasteizko garraio publiko eta mugikortasunerako konponbidea ezartzeko.
  • Gaur egun, interes orokorreko trenbide-linea estatuaren eskumenekoa da, eta horretarako Adif eta Renfe baliatzen ditu.

Vitoria-Gasteiz, 2016/03/01

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik Araba Erdigunean balizko trenbide-zerbitzua ezartzeko eta horren errentagarritasun sozioekonomikoaren bideragarritasun-azterketa aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, gaur arratsaldean. Horren arabera, proiektuak neurriz kanpoko kostua edukitzeaz gain, ibar horretako biztanleriaren % 64rentzat ez litzateke batere erabilgarria izango eta erabilera-tasa eskaintzaren % 10 baino gutxiago izango litzateke, eta % 2tik beherakoak, bailara orduetan. Zenbait tartetan, Agurain eta Altsasu artekoa kasu, erabilera-tasa % 1 eta % 5 artekoa izango litzateke.

 Ana Oregik Legebiltzarreko batzordean aurkeztu duen txosten teknikoaren arabera, Arabatran izeneko proposamenak, garraioaren ikuspuntutik, ez luke eraginik izango eta Vitoria-Gasteizko hegoaldeko trenbide-espazioen liberazioa kolokan jarriko luke. Azken helburu hori trenbideak lurperatuz lortuko da. Legebiltzarrean aurkeztu ondoren, sailburuak txostena Añanako, Vitoria-Gasteizko eta Laguardiako kontzejuetara, udalerrietara eta koadriletara eta Arabako Foru Aldundira bidaliko du.

 «Korridoreko erabiltzaile gehienak Vitoria-Gasteizko hiriguneko zatietan ibiliko lirateke; horrenbestez, proiektu honetan eragin txikia izango lukete. Izan ere, egun badaude hiriguneko joan-etorrietan kapilaritate handiagoa duten aukerak eta horregatik, kaptazioa txikia da», azaldu du Oregik.

 Iazko apirilean, Legebiltzarrean, Ana Oregik Araba Erdiguneko Trenbide Korridorearekin lotutako hainbat kudeaketa egingo zituztela esan zuen, eta Adifek eta Renfek kudeatzen duten Altsasu-Gasteiz-Miranda ardatzaren mugikortasuneko eta errentagarritasun sozioekonomikoko azterketa zehatz batean horrek izan zitzakeen aukerak azaldu zituen.  Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, ETSren eta Euskotrenen bidez, sailburuak gaur aurkeztu duen bideragarritasun sozioekonomikoko azterlana prestatu du. 

«Hainbat garraiobidek estaltzen dute gaur egun Miranda de Ebro-Gasteiz-Altsasu korridorea. Ibilgailu pribatua da lehenetsitako aukera (% 80,5) eta autobusak (% 17) eta trenak (% 1,1) jarraitzen diote», nabarmendu du Oregik. «Korridorea hamahiru udalerrik osatzen dute eta biztanleriaren % 94 Vitoria-Gasteizen, Miranda de Ebron eta Altsasun biltzen dira; ia % 80, Arabako hiriburuan. Hiru udalerri horiek alde batera utzita, Agurainek biztanleen % 30,7 biltzen du, Alegria-Dulantzik % 18 eta Iruña Okak (Langraitz) % 19,3. Guztiek Vitoria-Gasteizekin aldiriko trenen bidezko lotura dute», esan du.

 Txosteneko datuen arabera, eremu horretan (Vitoria-Gasteiz barne hartuta) egunean 10.500 bidaia egiten dituzte. Trenbide-korridoreko egungo bidaiari-eskaera egunean 390 bidaiarikoa da, eta % 50ek baino gehiago Miranda de Ebro eta Vitoria-Gasteiz arteko tartean ibiltzen dira.

 Hipotesi negatiboak

«Renfek korridorean ematen duen zerbitzuak ez du geltokien egitura finkoa. Izan ere, trenen maiztasuna ez da homogeneoa” azaldu du sailburuak, txostenari dagokionez. “Egungo tren-zirkulazioak eta horren eraginak mugatu egiten dute korridoreko zerbitzua indartzeko aukera. Ondorioz, hiriarteko zatian norabide bakoitzean sei bidaia gehituko lirateke, eta haien irteteko eta iristeko ordutegiak aldakorrak izango lirateke ”erantsi du Oregik.

 Korridoreko hirigunean, trenen maiztasuna 20 minutukoa izango litzateke. Korridorea erabiltzen duten gainerako trenekin koordinatu beharko litzateke zerbitzua (salgaiak, ibilbide luzea, abiadura handiko trenak); horrenbestez, azterketaren arabera, ezingo litzateke maiztasun homogeneoa bermatu. Eskaera-modeloaren emaitzei jarraikiz, egunean bi norabideetan 3.690 bidaia eskainiko lirateke. 

Vitoria-Gasteiz barneko joan-etorrietan bilduko lirateke bidaiaria gehienak, % 72 hain zuzen ere, eta hiriartean, % 28. Horrek esan nahi du bidaia guztien bi heren hiri barrukoak izango direla, eta besteak korridorean zeharkoak.

 «Dato kaleko estazioa lurperatzeko Eusko Jaurlaritzaren proposamenak eragin positiboa izango du egungo tren-zerbitzuan. Hala, Adifeko sarearen hiriguneko zatiari tranbia-erabilera emateko aukerarekin konparatuta, badaude bidaiari gehiago erakarriko dituzten eta gizarte-errentagarritasun handiagoa izango duten beste aukera batzuk, esaterako, tranbiaren lineak zabaltzea», esan du sailburuak.

 Ana Oregiren arabera, azterketaren ondorio txarrek badute azalpen bat: biztanleguneak sakabanatuta eta geralekuetatik urrun daudela.  Helburu ibarreko herritarren % 64rentzat, azpiegitura berriak ez luke erabilgarritasunik izango. Joan-etorrien % 8tan bakarrik erabiliko litzateke (% 34k trenez aldatu beharko luke, gainera). Biztanle gehien dituzten guneetako herritarrek erabiliko lukete batez ere Arabatran, hau da, Miranda de Ebrokoek eta Agurainekoek. Hala ere, zerbitzua ez litzateke bideragarria izango.

 «Korridoreko eskaintza egunean 2.790 lekukoa izango litzateke hiriarteko zatian eta 24.840 lekukoa Vitoria-Gasteizko zatian. Hala, Renfek egun ematen duen eskaintzari gehituta, erabilera-tasa % 10etik beherakoa izango litzateke. Bailara orduetan, gainera, tasa horiek izugarri txikiak izango lirateke», adierazi du Ana Oregik. 

Oro har, esan daiteke Miranda de Ebro eta Vitoria-Gasteiz arteko zatian erabilera-tasa handiena % 9koa izango litzatekeela eta Vitoria-Gasteiz eta Altsasu artean, % 3 eta % 7 artekoa. Hirigunean, bidaiari bolumena handiena izan arren, zerbitzuaren erabilgarritasuna eskasa izango litzateke eta eskaera potentziala hutsala.

 Ondorioak

Azterketaren ondorioek erakusten dute erakarritako eskaera eta erabilera-tasak oso txikiak izango liratekeela; erabiltzen ez diren geralekuak berriz irekitzeko proposamenak erabilgarritasun eskasa izango lukeela; maiztasunak homogeneoak ez izateagatik, ustiapena negatiboa izango litzatekeela; Vitoria-Gasteizera trenez iristeko proposatutako irtenbidean eragin negatiboa izango lukeela; eta estimatutako ustiapen-defizit handia izango lukeela. Sailburu Oregik ondorioztatu du datu horiek ikusita administrazioen artean lan egiten jarraitu behar dutela, hau da, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundi eta udalen artean, Araba Erdiguneko eta Vitoria-Gasteizko biztanleentzat garraio publiko eta mugikortasunerako konponbidea ezartzeko. Gaur egun, interes orokorreko trenbide-linea estatuaren eskumenekoa dela, eta horretarako Adif eta Renfe baliatzen dituela esan du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)