Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Giza Eskubideen Nazioarteko IV. Biltzarra

2010.eko irailak 17

Bilboko Euskalduna Jauregiak Giza Eskubideen Nazioarteko IV. Biltzarra hartzen du

Gaurko hizlarien artean, Ramón Jauregui eta Benjamin Barber izango dira, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak, Idoia Mendiak, amaiera eman dio azken hiru egunotan Bilboko Euskalduna Jauregian egin den Giza Eskubideei buruzko IV. Kongresuari. Bertan, eskubide sozialei eta ongizate estatuaren etorkizunari buruz eztabaidatu dute.

Sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzak "sistemaren iraunkortasunaren aldeko apustu argi eta tinkoa" egiten duela. Bere ustez, "ez diegu uko egin nahi gizarte gisa urte askotan sakrifizioak eginez erdietsi ditugun lorpenei eta ezin diegu uko egin, gizarte bidezkoagoa, berdintasunezkoagoa eta kohesionatuagoa ekarri digute eta".

Justizia eta Administrazio sailburuak azaldu du krisi ekonomikoa "giza eskubideek lortu nahi duten gizartearen iraunkortasuna erdiesteko aparteko aukera" gisa ikusi beharko genukeela. Horretarako, beharrezkoa da eredu ekonomiko berri "iraunkorrago bat ezartzea eta bertan, pertsonengan inbertitzea eta lankidetzak, multilateralismoak eta gizarte erantzukizunak dagokien papera berreskuratzea".

Bere esku-hartzean, Idoia Mendiak adierazi du Eusko Jaurlaritza klima aldaketaren kontra borrokatzen ari dela, baita lanpostu berdeen eraketaren, teknologia berrien garapenaren, hezkuntza eta prestakuntzaren paperaren, desoreka ekonomikoen desagerpenaren eta berdintasunaren benetako sustapenaren eta gizarte kohesioaren alde ere, izan ere, horiek guztiak elementu "erabakigarriak" baitira Euskadiren etorkizunerako.

Halaber, sailburuak adierazi du "I+G+b-rekin lotutako jarduerak eta prestakuntza eredu ekonomiko berrira igarotzeko ardatz nagusia direla".

Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak Kongresuari amaiera eman baino lehen, John Roemer Estatu Batuetako Yale Unibertsitateko Politika eta Ekonomia Zientzien irakasleak hitzaldi bat eman du, estatu sozialaren etorkizunari buruzko mahai-inguru bat egin da eta bertan, Ramón Jáuregui, Carlos Trevilla, Mikel Mancisidor eta Ángel José Sánchez Navarrok parte hartu dute.

Bigarren jardunaldia (2010/09/16)

Giza Eskubideen Nazioarteko Biltzarraren bigarren egunean gizarte-politiken etorkizuna eztabaidatuko da. Politika sozialek etorkizunean izan dezaketen bilakaera aztertuko da mahai honetan, eta politika horien helburuak lortzeko bide eraginkorrenak eta ekitatiboenak proposatuko ditugu.

Laugarren saioak Eskubide sozialen etorkizuna izango du ardatz. Gizarte-ongizatea eskubide sozialetan gauzatu da juridikoki. Dena den, eskubide horiek auzitan jartzen dituzte zenbaitek oraindik, haien kopurua eta irismena zedarritzeko garaian ika-mika ugari sortzen dira eta eskubideok betetzen direla ziurtatzeko baliabide juridikoak oso mugatuak dira. Esparru honetan izan diren aurrerapenei helduko diegu mahai honetan, eta eskubideok bete-betean gauzarazteko onartu litezkeen prozedurei buruz jardungo dugu.


Gaurko eguneko bosgarren saioa ongizatearen gizarte-sareen etorkizunari buruz datza.

Botere publikoek erantzukizun handia dute gizarte-ongizatea sortzeko garaian. Halere, ez dute ongizate hori sortzeko monopolioa ez eta hura ziurtatzeko erabateko bermerik ere. Esparru honetan, asko eta asko dira eragile publikoek maila askotan egindako jarduerak, hirugarren sektoreak aplikatutako neurriak, gizarte zibilaren erantzukizun partekatua ere hor dago eta aintzakotzat hartu behar dugu bai komunitate-mailako egituren eragina bai boluntarioen lana justizia soziala lortzeko garaian. Sare sozial horiek gizarte-babeserako prozesu estatal eta burokratikoen osagarri eta, hein batean, alternatiba gisa aurkezten dituen kapital soziala aztertuko dugu mahai honetan.


Lehenengo jardunaldia (2010/09/15)

"ETAk eta bere munduak" Giza Eskubideen Adierazpena aldarrikatzen dutenean sortzen den paradoxa "odoltsua" salatu du Patxi Lopez Lehendakariak, izan ere, "ezin bateraezinagoa" dela uste du. Lehendakariak Giza Eskubideen Nazioarteko IV. Biltzarraren irekiera-ekitaldian egin ditu adierazpenok, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Lehendakariak esan du "pertsona izatea" dela "eskubideen zilegitasuna" bermatzen duen baldintza, "baieztapen unibertsala" omen da hori. "Giza eskubideen antonimoa Auschwitz da, zeren krimena ez baitzen hilketa masiboa izan, hildakoen gizaki izaeraren ukazioa baizik", gaineratu du.

Lehendakariaren arabera, "sistema demokratikoak soilik babesten ditu giza eskubideak eta, era berean, eskubideak babesteko eta aplikatzeko erakundeen sorkuntza ekarri du". "Diktaduran, giza eskubideak aldarrikatzen genituenean, horiek babesteko gai izango zen sistema demokratikoa eskatzen genuen", azpimarratu du lehendakariak.

Horren harira, Lehendakariak esan du eskubideak eta politika bereizteak, hau da, "eskubideak sistema politiko jakin batzuetatik urruntzeak, paradoxa arraroak" sortzen dituela.

Hori horrela, "ETAk eta bere munduak" Giza Eskubideen Adierazpena errespetatzeko eskatzen dutenean "paradoxa odoltsu bat" sortzen dela iritzi dio lehendakariak. "Nola izan liteke hori posible? Ezin bateraezinagoa da", azpimarratu du.

Lehendakariak berretsi du giza eskubideak direla sistema politiko demokratikoei "zilegitasuna" ematen diena, eta ohartarazi du botere publikoen lana dela horiek betearaztea, nahiz eta, "batzuetan, arazoak izaten ditugun, gure kasuan bezala, terrorismoak bizitzeko eskubideari eraso egiten diolako". Dena dela, "kasu batzuetan" botere publikoek bizitzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna babesteko lanari uko egiten diotela gaitzetsi du.

Frantziako ijitoen kanporatzeak aipatu ditu horren harira, izan ere, gaiak agerian uzten omen du "Europan atzerritarrak direnen eskubideak onartzeko dugun arazoa".

Bestalde, berdintasunaren alorrean, eskubide sozialen garrantzia azpimarratu du Lehendakariak, baina ohartarazi du bi arrisku dituela eskubide horrek: "iruzur fiskala" eta "laguntza zerbitzuen gehiegizko erabilera".

Idoia Mendia Justizia sailburuak, bere aldetik, "tentsio" sozialei aurre egiteko eskubide sozialen aldeko apustua egiten dutela azaldu du. Gainera, ongizate-estatuaren etorkizunari buruzko "gogoeta inoiz baino garrantzitsuagoa" dela iritzi dio, "gure seme-alabentzat" zein gizarte eredu nahi dugun jakiteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria, Idoia Mendia