Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Cristina Uriartek ikasleak lan mundura hurbiltzen dituen ekimena aurkeztu du

2016.eko otsailak 26
  • DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako ikasleek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte interesatzen zaizkien goi-mailako ikasketekin lotura zuzena duten arloetako enpresen lanbide-jarduerak
  • 2015-2016 ikasturte honetan jarriko da abian, 1.000 ikasle parte-hartzailearekin.
  • Heziberri 2020 planaren helburuekin bat etorriz, ekimenak ikasleen ekintzailetza-gaitasuna areagotzea du xede.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaiera aldera, ikasleak etorkizun pertsonal, akademiko eta profesionalean eragina izango duten erabaki pertsonalak hartzen hasi behar dira. DBHko 4. mailan amaitu aurretik, Batxilergoa (eta batxilergo-modalitateak), Gradu Ertaineko Lanbide Heziketa (eta lanbide-familietako bat) edo arte- zein kirol-ikasketak hautatu beharko dituzte. Batxilergoa aukeratuz gero, ondoren, unibertsitate-ikasketa jakin baten edo Goi Mailako Lanbide Heziketaren artean hautatu beharko dute. Hala ere, erabaki horiek, askotan, aurre egin beharreko errealitate profesionalaren gaineko ezagutzarik batere gabe hartzen dituzte. 

Horrenbestez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek programa berri bat aurkeztu gaur goizean, hezkuntza-esparruaren eta lan-munduaren artean dagoen tartea txikiagotzeko xedea duena. Ekimena 2015-2016 ikasturtean jarriko da abian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publiko zein itunpekoetako DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako 1.000 ikasleren parte-hartzailerekin. Ikasleek tailerretan parte hartu, eta enpresak bisitatuko dituzte, bertatik bertara ezagutzeko lan-munduaren egoera.

Zertan datza proiektua?

Proiektua hezkuntza-zentroan abian jarri eta bat, Lanbide-gaitasunak garatzeko tailerrak egingo dituzte tutoreekin eta orientatzaileekin batera. Era berean, ekimena, sormena edo ekintzailetza sustatzeko beharrezkoak diren trebetasunak eta balioak landuko dituzte.

Tailer horien ondoren, ikasleek, nahi izanez gero –eta betiere familiaren baimenarekin– Jarduneko profesionalei laguntzea eskatu ahal izango diete.Hau da, ikasleek lantoki bat bisitatzea eska dezakete, beti ere egin nahi dituen goi-mailako ikasketekin lotura zuzena duen lantoki bat. Laguntza eskaintzeko prest dauden profesionalen eskaintza ezagutu ahal izango dute ikasleek, interesekoa hautatuz. Behin lantokian, profesional bat izango du lagun ikasleak bisitaldi osoan zehar. Egun bateko bisitaldia izango da eta, besteak beste, gai hauek izango dituzte hizpide: zertan diharduen, zer-nolakoa den egunez egunekoa, zein gaitasun eta ahalmen behar diren lanpostu horretan edota zer sentitzen duen egiten duen lanarekiko.

Esperientzia horren ostean, ikasle parte-hartzaileek Trukearen tailerra egingo dute bere ikastetxean bertan. Lantokira egindako bisitaldian lagun izan duten profesionalarekin izandako esperientzia azalduko diete gainerako gelakideei.

Azkenik, Jardueraren memoria egin beharko dute, aurreko faseetan ikasitakoaren gainean gogoeta eta balorazioa eginez. Era berean, ekintzailetza pertsonaleko proiektu bat egin beharko dute, ikasle parte-hartzaileak lagun izan duen profesionalaren egunez eguneko jarduna hobetzeko egingo dituen iradokizunak jasota.

Ekimenak ikasleei ekarriko dizkien onurak

Hezkuntza-esparruaren eta lan-munduaren artean dagoen tartea txikiagotzea du xede proiektu honek; ikasleak prestakuntza handiagoa jaso dezala, gerora egin nahi dituen ikasketei buruz. Ekimenaren bidez, ikasleek lan egin nahi duten lanbidean diharduten profesionalen eskutik ezagutu ditzakete jarduera horren ingurukoak prestakuntza akademikoa hautatzeko erabakia hartu aurretik

Gainera, baliagarria da honako gaitasunak garatzeko: ahozko komunikazioari, ahozkoa ez denari eta komunikazio digitalari loturiko zeharkako gaitasunak; ekimena eta ekintzailetza; norbera izaten ikasteko gaitasuna; eta bizikidetza-gaitasuna.

Esperientzia horren helburuetako bat da goi-mailako ikasketak hasi, eta bertan behera uzten edo aldatzen dituen ikasle kopurua murriztea. Euskadin, pasa den 2014-2015 ikasturtean, unibertsitate-ikasketak lehen mailan uztearen indizea % 17koa izan zen; ikasketa-aldaketarena, aldiz, % 9,8koa. Lanbide Heziketaren kasuan, ikasketak heziketa-zikloaren lehen mailan uztearen tasa % 14koa izan zen.

Heziberri 2020

Ekimen hau erabat bateragarria da Heziberri 2020 planean jasotako helburuekin; hau da, ikasleak goi-mailako ikasketei edo laneratzeari begira prestakuntza ematea, erabat bermatuta izan dezaten bizitza oso bat izatea, gizabanako diren aldetik eta herritar aktibo eta konprometitu diren aldetik gizartean.

Halaber, ekimen honen bidez, ikasleen ekiteko gaitasuna, ekimen pertsonala izatea eta ekintzaile izatekoa indartzen dira, baita ahalmen sortzailea, oinarrizko gaitasunak eta diziplina-gaitasunak ere, Heziberri 2020 planak ikaslearen amaierako profilean zehazten dituenak.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @eduardo_a01
    2016.eko otsailak 27

    Comentario de Twitter:
    Una nueva iniciativa que acerca al alumnado al mundo laboral https://t.co/V5M6qHOMes

  • @Gob_eus
    2016.eko otsailak 26

    Comentario de Twitter:
    [INNOVACIÓN EDUCATIVA] Cristina Uriarte presenta una nueva iniciativa que acerca al alumnado al mundo laboral ➡ https://t.co/T1poTH1yy4

  • @Gob_eus
    2016.eko otsailak 26

    Comentario de Twitter:
    [HEZKUNTZA-BERRIKUNTZA] Cristina Uriartek ikasleak lan mundura hurbiltzen dituen ekimena aurkeztu du ➡ https://t.co/SbRC1aVeux

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)