Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

UNESCOren txostenaren aurkezpena: "Hezkuntza berraztertzea: mundu osoko ongia lortzeko bidea?"

2016.eko otsailak 26

Txostenak, hezkuntzaren planteamendu integratua egiten duen ikuspegi humanistaren eredu aipatzen du Euskadin garatzen ari dena

UNESCO Etxeak antolaturik, “Hezkuntza Berraztertzea: Mundu osoko ongia lortzeko bidea” txostena aurkeztu da gaur goizez Bilbon. UNESCOren bi argitalpen historikoei jarraikiz, -Izaten ikastea: etorkizuneko hezkuntza (Faure Txostena, 1972) eta Hezkuntza, altxor ezkutua (Delors Txostena, 1996)-, erakundearen txosten berri honek hezkuntzari buruz berriz ere gogoeta sakon bat egiteko beharra planteatu nahi du.

Txostenak auzi hauei eman nahi die erantzuna: Zer hezkuntza mota behar dugu XXI. mendean? Zein da hezkuntzaren xedea gaur egungo eraldaketa sozialaren testuinguruan? Nola antolatu beharko litzateke ikaskuntza?

Mundua aldatzen ari da, eta hezkuntzak ere aldatu beharra du. Planeta osoko gizarteek eraldaketa sakonak bizi dituzte, eta horrek hezkuntza-molde berriak eskatzen ditu, gizarteek gaur eta bihar beharko dituzten gaitasunak sustatzeko. Horrek esan nahi du alfabetatzetik eta oinarrizko gaitasunen eskurapenetik harago joan beharra dagoela, eta justiziarekin, berdintasun sozialarekin eta mundu mailako elkartasunarekin lotutako gaitasunak eta balioak bultzatuko dituzten ikuspegi berrietan oinarritu beharra dagoela.

Horregatik, UNESCOren txosten honek, Delors Txostenari jarraiki, hezkuntzaren ikuspegi humanistaren aldeko apustua egiten du. Hezkuntzaren ikuspegi humanista horren alderik esanguratsuenetako bat pertsonaren garapen integrala bultzatzean datza, garapen ekonomikoarekin loturiko funtzio erabilgarriaz harago. Alde horretatik, hezkuntzaren lau zutabeei egiten zaien erreferentziek (ezagutzen ikastea, egiten ikastea, izaten ikastea eta elkarrekin bizitzen ikastea), eragin handia izan dute mundu zabalean, curriculumak osatzeko garaian.

Ikuspegi humanista horren eredu nabarmengarri gisa, Euskal Autonomia Erkidegoan oinarrizko konpetentzia transbertsalen arloan egiten ari den lana aipatzen du txostenak (Delors Txostenak aipatzen dituen hezkuntzaren lau zutabe horiekin harremanean). Ikuspegi humanista hori azaltzen duen kapitulu guztian ez dago beste aipamenik, ez Erregioenik ez Estatuenik, Euskadiri buruzko hori ez bada.

Hezkuntza arloko 80 profesional baino gehiago izan dira aurkezpen ekitaldian, eta tartean, aurkezpenean parte hartzaile izan dira:

  • Arantza Aurrekoetxea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea.
  • Carlos Vargas, UNESCOren Hezkuntza Sailaren hezkuntzaren erronka globalei buruzko ikerketa arloaren arduraduna.

Halaber, UNESCOren txostenean biltzen diren proposamenen adibide diren hezkuntza-esperientziak ere aurkeztu dira.

 

Informazio gehiagorako:

UNESCO Etxea, 94 427 64 32 / 618 999 682 (Monica Vazquez)

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @nievesfernvice1
    2016.eko otsailak 28

    Comentario de Twitter:
    Jornada de presentación del informe de la UNESCO "Replantear la educación: ¿Hacia un bien común mundial? https://t.co/5SEHqoUsJ1

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Carlos Vargas (UNESCO, Hezkuntza), Aitor Pagaldai (Lauaxeta Ikastola), Albert Sangrá (Catedra UNESCO Universitat Oberta de Catalunya)