Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Cristina Uriartek euskal artistek ARCO-n aurkeztutako sormen-proposamenak bisitatu ditu

2016.eko otsailak 25

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuorde Joxean Muñoz Madrilen izan dira gaur goizean, otsailaren 24tik 28ra egitekoa den ARCO, Arte Garaikidearen Nazioarteko Azoka bisitatzeko. Sailburua azokaren inaugurazio ofizialean egon da eta, euskal galeristen eskutik, Madrilen aurkeztutako proposamenak bertatik bertara ezagutu ditu, eta galeristetako batzuekin hitz egiteko aukera ere izan du.

Euskal arte garaikideak beti izan du presentzia nabarmena ARCOn. Aurtengoa 35. edizioa du Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokak eta bertan klasiko bihurtu diren bi euskal arte-galeriak parte hartu dute, hain zuzen Bilboko Carreras Múgicak eta Donostiako Altxerrik. Bi galeria horiek, gure artisten sormen-proposamenak azoka horretan aurkezteagatik nabarmendu dira urte horietan guztietan.

ARCO, irauten duen egunetan, artearen nazioarteko epizentroa da, eta, hori baliatuta, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko ordezkariak artearen munduko agenteekin harremanetan jarri eta bilduko dira. Arte-merkatuaren nazioarteko topagunea da azoka, eta Euskadin sortutako arte garaikidea erakusgai jartzeko plaza ezin hobea. Horrenbestez, euskal artea ikusgarri egiteko abagune paregabea da, hala nola gure galeristak arteari loturiko nazioarteko bildumazaleekin eta erakundeekin harremanetan jartzeko.

Eusko Jaurlaritzak arte garaikidean diharduten euskal artistei eta galeristei emandako babesaren seinale da aipatutako bisitaldia; izan ere, horien ospea zabaltzen ari da, gaur egungo artista-belaunaldiak nazioartean ibilbide oparoa egin duelako eta munduko museo prestigiotsuenetan erakusketak paratu dituelako. Belaunaldi horretako kide dira, besteak beste, Txomin Badiola, Esther Ferrer, Cristina Iglesias, Manu Muniategi, Asier Mendizabal edo Pello Irazu, guztiak ere ARCOn daudenak.

Alabaina, ez dira horiek ARCOn dauden euskal ordezkari bakarrak. Donostia 2016 Kulturaren Hiriburua, Tabakalera-Arte Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Etxepare Euskal Institutua ere bertan egongo dira bihar, ostirala, hiru erakundeok batera garatzen ari diren arte garaikideko proiektuak aurkezteko ekitaldian. Ekitaldi horretan izango dira Bilboko Consoni produkzio-etxeko zuzendari María Mur, La Publika proiektua aurkezteko, eta Equipo Rey kolektiboko Aimar Arriola, Anarchivo Sida proiektua aurkezteko. Gainera, topaketaren arreta-gune nagusietako bat artista-trukea sustatzeko Joan-etorrian ekimenaren barneko artisten egonaldiak izango dira. 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PNV_Indautxu
    2016.eko otsailak 25

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [ARTE AZOKA] Cristina Uriarte sailburuak euskal artistek ARCO-n aurkeztutako sormen-proposamenak bisitatu ditu ➡ https://t.co/

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)