Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ikerketa ornitologikoari buruzko akordio berriak egingo dituzte asteburu honetan zientziako profesionalek eta elkarteek

2016.eko otsailak 26
  • Alexander Boto: «400 hegazti-espezie daude Euskadin, horietatik 101 Hegaztiei buruzko Europako Zuzentarauan sartuta daudenak, eta habitatean kontserbazio bereziko neurriak aplikatu behar zaizkienak»

 

Busturia, 16/02/26

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzako zuzendari Alexander Botok adierazi duenez, Urdaibai Biosfera Erreserban gaurtik aurrera egingo den I. Ornitologiaren Biltzarra «ikerketa eta kudeaketa ornitologikoan diharduten profesionalen eta erakundeen artean lankidetza-esparru egonkor baten oinarriak adosteko abiapuntua izan behar da».

 

Gaurtik (ostirala) igandera bitartean egingo da Madariaga dorretxean Euskadiko I. Ornitologiaren Biltzarra, Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatua Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Bertan hartuko dute parte 80 biologok eta ornitologia-adituk, herri-administrazioan, enpresan, unibertsitatean, ikerketa-zentroetan, elkarte naturalistetan eta ekologistetan dihardutenak. Gogoeta aberastuko dute, zalantzarik gabe, Euskadiko hegaztien kontserbazioari buruz egin ditzaketen ekarpenekin.

 

«Lehen aldia da Euskadin ornitologiari buruzko biltzar bat antolatzen dena, eta bertan ingurumen-kontserbazioaren esparru horretan lan egiten duten elkarteen, erakundeen, fundazioen eta herri-administrazioen ordezkariek parte hartuko dutela. 30 hitzaldi eta solasaldi baino gehiago egingo dira. Baita bina mahai-inguru eta aditu-panel ere», adierazi du Aranzadiko idazkari nagusia Juantxo Agirre-Mauleonek.

 

Batzorde zientifikoaren kideak honako hauek izango dira: Juan Arizaga (Aranzadi ZE), Iván De la Hera (College Cork Unibertsitatea), Aitor Galarza (Bizkaiko Aldundia), Maite Louzao (AZTI-Tecnalia), Javier Rodríguez (Aranzadi ZE), Jabier Zabala (Aberdeeneko Unibertsitatea), Zuberogoitia eta Iñigo Galarza (Icarus, Ingurumen Ikerlanak / Aranzadi ZE).

 

Saioka antolatu dira hitzaldiak: batetik, monitorizazio- eta segimendu-programak, hegazti-populazioen tamainari eta bilakaerari buruzko informazioa, ikerketa ornitologiari buruzko doktore-tesiak, zientzia esperimentala, oinarrizkoa eta aplikatua; eta bestetik, hegaztien kontserbazioa. Mahai-inguruen helburua Euskadiko hegaztien segimendu-programak hobetzea da, bai eta Euskadin hegazti-faunari buruzko batzordea eratzea ere.

 

Natura 2000 Sarea eta hegaztiak Euskadin

Alexander Botok azaldu duenez, Hegaztien eta Habitaten gaineko Zuzentarauak dira tresna legegile nagusiak, batez ere, Natura 2000 Sarea, Europar Batasuneko naturaren kontserbazioa eta erabilera jasangarriari dagokionez.

 

«Euskadin 400 hegazti-espezie ezagutzen ditugu. Horietatik 101 espezie Hegaztiei buruzko Europako Zuzentarauan sartuta daude eta horien habitatetan kontserbazio bereziko neurriak aplikatu behar dira, dagokien eremuan bizirautea eta ugaltzea ziurtatzeko. Horretarako, 8 hegaztientzako BBE izendatu dira», adierazi du Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko zuzendariak.

 

Botok gaineratu duenez, «biodibertsitatearen arloko helburuak betetzeko, ezinbestekoak dira lankidetza estua izatea, eta oinarrizko eragileek esparru guztietan erabateko parte-hartzea izatea, zehazki, Natura 2000 espazioen kudeaketa eraginkorra bermatzeko eta Zuzentarauen babespeko espezieen eta habitaten egoerari eta bilakaerari buruzko kalitatezko ezagutza-oinarria eskuratzeko, funtsezkoak direnez horiek zuzentarauok modu eraginkorrean aplikatu ahal izateko».

 

Euskadiko naturaren informazio-sistemak aukera ematen du datuen berrerabilera eta pertsonen eta erakundeen arteko lankidetza egiteko, informazioa txertatzeko, kontsultatzeko eta aztertzeko tresna denez.

 

«Hegaztien segimendu- eta erroldatze-programetako asko boluntarioen datu-ekarpenari eta diru publikoaren bidezko finantzaketari esker gauzatzen dira. Funtsezkoa da, alabaina, programa horien diseinua eta metodologia adituek normalizatuta, adostuta eta baliozkotuta egotea eta parte-hartzaile guztiei premiei erantzutea, bai erabakiak hartzeko garaian, bai ikerketa zientifikoan», gaineratu du Botok.

 

Herritarrentzako zientzia-webgunea da Ornitho.eus, Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatu duena eta Eusko Jaurlaritzako Euskadiko Naturaren Informazio-sistemari atxikita dagoena. Gainera, hainbat herri-administrazio, erakunde naturalista eta ingurumen-kudeaketako enpresa ari dira plataforman elkarlanean.

 

Egitaraua

26an

18:00   Inaugurazio-hitzaldia, José Luis Tellería (Madrileko Unibertsitate Konplutentsea). Euskadiko ornitologiaren historia.

19:00   Hitzaldia. Aitor Galarza (Bizkaiko Foru Aldundia). Hegazti urtarren neguko erroldetatik arrano arrantzalea lehengoratzera: ornitologia eta kontserbazioa Urdaibai Biosfera Erreserban.

27an   

09:00 - 11:00 1. saioa. Segimendu-proiektuak.

11:30 - 13:30 2. saioa. Ikerketa ornitologikoa Euskadin.

16:00 - 17:30 3. saioa. Mahai-ingurua: Euskadiko hegaztien segimendu-programen hobekuntza.

18:00 - 19:30 4. saioa. Mahai-ingurua: Hegazti-faunari buruzko Batzordea eratzea Euskadin.

28an

09:00 - 11:00 5. saioa. Hegaztien kontserbazioa Euskadin.

11:30 - 12:00 6. saioa. Ondorioak.

12:00   Bisita gidatua Urdaibaira.

 

INFO +:   ARANZADI Zientzia Elkartea + 34 943 46 61 42 http://www.aranzadi.eus  Euskadiko Biodibertsitate Zentroa – Madariaga dorretxea, Busturia, Bizkaia +34 94 687 04 02 http://www.torremadariaga.net  Informazio gehiago: http://birding140.es/event/congreso-ornitologico-de-euskadi/#sthash.Vl7B1t04.dpuf.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)