Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzaren Inteligentzia Bulego Nagusiak profesionalak eta adituak batu ditu mintegi batean, islamismo erradikalaren fenomenoa hainbat esparrutik aztertzeko

2016.eko otsailak 24

Segurtasuneko sailburuak eman dio hasiera Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian gaur, bihar eta etzi artean egingo diren saioetan lehenari 

Ertzaintzaren Inteligentzia Bulego Nagusiak antolatu eta Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak gaur inauguratu duen mintegiaren helburua da islamismo erradikalaren arazoa ikuspegi erreal baten arabera lantzea, inplikatutako eragileek izan ditzaketen arriskuak aztertuta. Hiru egun horietan, Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hezkuntza, zuzenbide eta polizia-esparruetako profesionalak eta adituak bilduko ditu, baita kolektibo islamistetako eta musulmanetako ordezkariak ere, fenomenoaren gaineko ikuspegi orokorra osatzeko.  

Agenteek orotariko delituak prebenitzeko besteko prestakuntza izatea da Ertzaintzaren helburu orokorretako bat, hala nola Islamismo Erradikalaren aurkako Plan Estrategikoaren helburu zehatzetako bat. Onartu zenetik, Inteligentzia Bulego Nagusiak abian du ertzainen, udaltzainen eta segurtasun pribatuko agenteen gaitasunak hobetzeko prestakuntza-prozesua, era berean, bestelako kolektiboak, tartean, kazetariak, enpresa pribatuak eta udal-ordezkariak, informatzea eta sentsibilizatzea xede duena. 

Oraingoan, Inteligentzia Bulego Nagusiak hiru eguneko mintegia antolatu du, otsailaren 24, 25 eta 26an egitekoa. Bertan, garrantzi berezia izango dute segurtasun indarretako kideek, ordezkari islamistek eta buruzagi musulmanek, fenomenoa aztertuko dutenak hainbat alderditatik, besteak beste, hezkuntzaren, zuzenbidearen, poliziaren edo zigor-arloaren ikuspegitik. 

«Terrorismo mota ororen aurkako borrokan ezinbestekoa da fenomeno horiek sakon ezagutzea. Hiru eguneko mintegian landuko diren edukien xedea da erradikalizazioaren kausak hautemateko eta, ahal dela, erradikalizatzea eragozteko moduak aztertzea», adierazi du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egingo den mintegiaren irekiera-ekitaldian. 

Bertan, sailburuak ekimena azpimarratu du, islamismo erradikalaren aurkako Ertzaintzaren plan estrategikoaren ardatz nagusiaren barne azkenaldian egindakoei segida ematen dienez. «Inteligentzia Bulego Nagusiak gai horri buruz abian jarritako prestakuntza-programaren barne dago aipatutako mintegia», adierazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko arduradunak. 

Hiru eguneko mintegian bost eduki-bloke landuko dituzte. Lehen egunean, nazioarteko egoera eta islamismoaren esparru sozialak aztertuko dituzte. Bigarrenean, ostegunean, Euskal Autonomia Erkidegoko mugimendu erlijiosoak eta erradikalizazio islamista izango dituzte hizpide. Azkenik, ostiralean, erradikalizazioaren fenomenoari eta lege- zein administrazio-esparruari buruz jardungo dira.

Ertzaintzaren buruzagi Jorge Aldekoak emango dio amaiera mintegiari.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jorge Aldekoa, Jefe de la Ertzaintza