Berriak Kultura

Helduen Euskalduntzearen 2010-2011 ikasturtea inauguratu du Eusko Jaurlaritzak

2010.eko irailak 10

Guztira 1.500 irakasle inguru ariko dira lanean 2010-2011 ikasturtean HABE-k kudeatutako 105 euskaltegitan. Matrikulazio epea itxi gabe dagoen arren, 40.000 ikasle inguru izatea espero du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Hala azaldu du Blanca Urgell Kultura sailburuak gaur goizean Gasteizko Europa Jauregian, ikasturte berriaren inaugurazioaren aurretik egindako prentsaurrekoan. Urgellekin batera, prentsaren aurrean izan dira Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Eugenio Mujika HABEren zuzendari nagusia, Patxi Iturregi Udal euskaltegien ordezkaria eta Ion Zabala Euskaltegi pribatu homologatuen ordezkaria.

Euskararen normalizaziorako bidean Helduen Euskalduntzeak berebiziko garrantzia duela azpimarratu du Blanca Urgell Kultura sailburuak, eta horren baitan, euskaltegiek egiten duten lan itzela goraipatu du. "Hurbiltasuna, profesionaltasuna eta aukera aniztasuna". Hiru hitz horiekin deskribatu du sailburuak euskaltegien -publikoen nahiz pribatuen- eguneroko jarduna: "Euskarari bultzada emateko euskaltegiek egiten duten lana ezinbestekoa eta goraipatzeko modukoa da. Eskerrak beraz, egunero-egunero euskaltegietan buru-belarri lanean ari zaren guztioi".

Euskaltegiei ez ezik HABE-ri ere bere esker ona adierazi dio Urgellek eta euskaltegietako ikasleak ere gogoan izan ditu. 2009-2010 ikasturtean guztira 39.373 ikasle ari zirela euskara ikasten gogoratu du; aurreko ikasturtean (2008-2009an) baino 416 ikasle gehiago: "Azken urteetan gora egin du euskaltegietan euskara ikasten ari diren ikasleen kopuruak. Benetan positiboa da gorakada hori. Beste ikasturte bat hastera goaz eta zinez espero dut ikasleen kopuruak orain arteko norabide bera jarraitzea". Horrexegatik, euskaltegian izena ematekotan dauden horiei guztiei dei egin die apunta daitezen, "esperientziaz badakidalako merezi duela".

Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ere argi du euskaltegi publikoak nahiz pribatuak ezinbesteko bitartekariak direla euskararen normalizaziorako: "Hori hala, guk gure esku dagoen guztia egin dugu helduen euskalduntzeak arrakasta izan dezan beharrezko baliabideak euskaltegien esku jartzeko, eta aurrera begira ere horretan jarraituko dugu".

Jarraian, datorren ikasturterako HABE-k euskaltegiak diruz laguntzera bideratutako kopuruak izan ditu hizpide Auzmendik. 2010-2011 ikasturterako, Udal Euskaltegien kasuan 11.042.662 euroko diru-laguntzak emango dira; Euskaltegi pribatu homologatuen kasuan berriz, 21.550.505 eurokoak. 2009-2010 ikasturtearekin alderatuta murrizketa egon da, koiuntura ekonomikoak hala behartuta. Halere, 2008-2009 ikasturtearekin konparatuz gero, datuek positiboak izaten jarraitzen dute: "Iaztik aurtengora diru-partidak jaitsi egin badira ere, orain bi urtetik igo egin dira. 2008-2009 ikasturtearekin alderatuta beraz, 2010-2011 ikasturtean Udal Euskaltegietara %1,31 euro gehiago bideratuko dira eta Euskaltegi pribatuetara %4,07 euro gehiago".

HABE-ren zuzendari Eugenio Mujikak, bere aldetik, helduen euskalduntzearen gaineko balorazioa egin du eta haren esanetan, "osasuntsu eta indarrean dago, eta beraz, beharrezkoa da euskara berreskuratzea herritarren borondatea hori baita". Horrez gainera, Mujikak HABE-EUSKALTEGIAK binomioaren garrantziaz hitz egin du. Haren hitzetan, HABE-ren lana eta euskaltegien jardun profesionala eredu bihurtu dira Europako hizkuntza askoren berreskuratze ahaleginetan ari diren erakundeentzat: "Honek bide egokia jorratzen ari garela esan nahi du". Mujikaren aburuz halere, HABE-k eta euskaltegiek erronka garrantzitsuak dituzte aurrera begira ere: finantziazio sistema hobetu, curriculuma osatu, azterketak kudeatu, ikas-materiala sortu, teknologia berriak irakaskuntzan txertatu, komunikabideekin elkarlana areagotu, eta irakaskuntza prozesua ebaluatzea, besteak beste.

Prentsaren aurreko agerraldiaren ostean, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgell, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendi eta HABE-ren zuzendari Eugenio Mujika Euskadiko euskaltegietako 100 ordezkari ingururekin elkartu dira Helduen Euskalduntzearen 2010-2011 ikasturtea inauguratzeko. Bertan hizlari moduan aritu da Ernesto Martín Peris, Filologia Hispanikoan eta Filologia Germanikoan lizentziatua eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan doktorea, irakasle emeritua Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean Departament de Traducció i Ciénmcies del Llenguatge sailean. "Ikaslea hizkuntzaren erabiltzaile: hizkuntza irakas-geletako praktika" izeneko hitzaldia eskaini du.


HELDUEN EUSKALDUNTZEA DATUETAN:

- Ikasle kopurua:

Ikasturtea

ikasleak

batez besteko jaiotze-data

batez besteko urteak

Adin-tarteak

16-20

21-25

26-30

31-35

36-45

>45

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

1986-1987

45.974

30/08/1961

25

32,64

32,00

17,78

8,98

6,40

2,20

1995-1996

44.855

26/08/1967

28

22,65

22,51

19,24

14,04

17,51

4,04

1999-2000

41.837

19/03/1968

31

13,56

20,12

17,62

16,71

23,33

8,66

2000-2001

37.141

24/07/1968

32

12,51

18,90

17,09

16,70

25,14

9,67

2004-2005

37.862

24/06/1970

34

10,79

13,48

16,55

15,64

28,41

15,13

2005-2006

39.530

31/01/1971

34

10,98

12,33

16,17

15,76

28,07

16,69

2006-2007

37.073

07/12/1971

34

12,08

11,23

15,23

15,96

27,69

17,82

2007-2008

36.575

24/07/1972

35

12,41

10,29

14,21

15,73

28,14

19,22

2008-2009

38.957

21/11/1973

34

13,52

10,78

14,03

15,79

27,25

18,63

2009-2010

39.373

24/12/1974

34

14,27

10,88

13,62

15,96

26,63

18,64

 

- Ikasleak 2009-2010ean lurraldeka:

Lurraldea

ikasleak

%

Araba

6.745

16,97%

Gipuzkoa

10.650

26,79%

Bizkaia

22.360

56,24%

 

39.755

 

 

- Ikasleak 2009-2010ean euskaltegi motaren arabera:

Publiko/pribatu

ikasleak

%

Udal

10.816

27,10%

Pribatu

29.097

72,90%

 

39.913

 

-  2010-2011 ikasturterako diru-laguntzak:

 

2010-2011

2009-2010

2008-2009

Udal euskaltegiak

11.042.662

12.603.700

10.900.000

Euskaltegi pribatuak

21.550.505

22.186.000

20.707.100

Ikasleak 

1.850.000

1.850.000

1.850.000

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Sailburua