Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskal Autonomia Erkidegoan kirolarekin lotutako lanbideak izateari eta horietan jarduteari buruzko lege aurreproiektua (Gobernu Bilera 2016-02-23)

2016.eko otsailak 23

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak eskatuta, Gobernu Kontseiluak Euskadin kirolarekin lotutako lanbideak izateari eta horietan jarduteari buruzko lege-aurreproiektua onartu du.

Autonomia Estatutuko 10.36 artikuluan jasota dagoenez, Euskal Autonomia Erkidegoak kirolaren arloan eskumen esklusiboa dauka. Eskumen hori gauzatuz, Eusko Legebiltzarrak Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legea onartu zuen. Aipatutako legeko 62. artikuluan xedatzen zenez, irakaskuntza-, zuzendaritza-, kudeaketa-, entrenamendu- eta animazio-zerbitzuak eta kirolarekin zuzenki lotutako bestelako edozein emateko, euskal botere publikoek dagokion titulu ofiziala exijitu behar dute.

Kirolaren arloko lanbideek gizartean gero eta eragin handiagoa daukatenez, arautu egin behar dira, gaur egun egin gabe dagoelako. Aipatutako jarduera profesionalek pertsonen osasunean eta segurtasunean eragin zuzena daukate, eta aholkularitza- eta tutoretza-lana, bereziki,  prestakuntza egokirik gabeko pertsonek egin izan dute. Lege-aurreproiektuaren bidez, kirolarekin lotutako hainbat lanbide-jardueraren funtsezko alderdiak arautu nahi dira, horiek aurrera eramateko beharrezko kualifikazioa zein den zehaztuz eta lanbide bakoitzari dagokion jarduera-eremu orokorra finkatuz.

Legearen ezaugarrietako bat hauxe izango da: kirolarekin lotutako lanbideetarako sarbidea izatea edo lanbideotan jardun ahal izatea ez dela esklusiboki goi mailako hezkuntzako titulu akademiko bat izatearen mende egongo, dagozkion kualifikazio profesionalak izatea frogatzearen mende baizik.  Eta kualifikazio horiek hainbat mailatako titulu akademikoen bidez ez ezik, bestelako bideak erabiliz ere frogatu ahal izango dira, adibidez, profesionaltasun-ziurtagirien bidez.

Legean arautuko diren lanbideek hezkuntza-arloa, aisialdi-arloa, lehia-arloa eta zuzendaritza-arloa barne hartuko dituzte. Beraz, hauetaz ari gara:

  • Irakasleez
  • Monitoreez
  • Entrenatzaileez
  • Kirol-zuzendariez

1. Hezkuntza-arloan, irakaslearen figura dagoeneko lanbide arautua da; Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan arautua, hain zuzen. Legearen bidez, Gorputz Hezkuntzako irakasleak adingabeei dagokienez betetzen duen funtzio garrantzitsua bermatu nahi da, eta horregatik, lehen sorospeneko gutxieneko prestakuntza izatea exijituko du. Hori lege honetan arautzen diren lanbide guztietan exijituko da. 

2. Lehiaz kanpoko kirolaren eremuan jarduten duten kirol-monitoreek protagonismo nabarmena hartu dute azken urteetan. Euskadin, kirolak –osasun-, aisialdi- eta dibertimendu- edo gizarteratze-helburuekin eginda– aparteko hazkundea izan du. Jarduera profesionalerako eremu erakargarri bihurtu da. Era berean, abenturarekin, arriskuarekin edo natura-ingurunearekin lotutako kirolak praktikatzeko interes gero eta handiagoaren eraginez, profesionalen eskaintza eta eskaria hazi egin dira. Monitore-lanbidearen barruan, honako hauek daude, besteak beste: 

  • Aerobikeko edo pilateseko gimnasioko monitorea, eskolaz kanpoko kirol anitzekoa, natura-eremuko abentura anitzekoa, surfeko monitorea, igeri egiten ikastekoa, ur zakarretako piraguismoko gidaria...

Praktika horietako bakoitzak eskakizun zehatz bat betetzea eskatuko du (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduduna, Jarduera Fisikoko eta Kirol Jardueretako Animazioko goi mailako teknikaria, profesionaltasun-ziurtagiria...). Eskola-kiroleko kirol anitzeko jardueretako monitoreen kasuan, foru-aldundiek eskainitako prestakuntza-ekintzak egin dituzten pertsonak gaituta daude. Eskola-kiroleko entrenatzaileen kasuan gauza bera gertatuko da.

3. Lehiaketazko kirolaren eremuan –hainbat mailatakoa–, entrenatzaileen figurak  errealitate oso ezberdinak barne hartzen ditu: lehiaketazko eskola-kiroletik hasita errendimendu handiko diziplina bateko prestaketaraino. Lege honek dagokion kirol-modalitateko edo -diziplinako entrenatzailearen lanbidea aitortzen du. Entrenatzailearen lanbideak, funtsean, kirolariak edo kirol-taldeak zuzentzea ahalbidetzen du, entrenamenduen plangintza zuzenduz lehiaketari begira. Barne hartzen dituen errealitateak: 

  • Ikastetxe bateko entrenatzailea, 10-11 urteko haurren kirol jakin bateko entrenatzailea, gazte-talde baten (16-18 urte) entrenatzailea, etab. 

Errealitate horietako bakoitzak, entrenatzailearen figuraren barruan, horretan jarduteko prestakuntza jakin bat eskatzen du. Prestakuntza-mailak (baxua, ertaina edo altua) eta kirolaren ezaugarriek baldintzatuko dute zein titulazio edo ziurtagiri behar diren.

4. Legeak, halaber, kirol-zuzendari  lanbidea arautzen du. Lanbide horrek zuzendaritza, programazio, plangintza, koordinazio, kontrol eta gainbegiratze teknikoekin lotutako jarduera profesionalak egitea ahalbidetzen du. Kasu horretan, jarduera-esparruaren araberako titulazioa beharko da: ikastetxe bateko eskola-kiroleko koordinatzailea, kirol-elkarte jakin bateko koordinatzailea, elkarte federatu bateko kirol-zuzendaria edo fitness-zentro bateko ur-jardueretako koordinatzailea. 

Aipatzekoa da lege-proiektu honek, lehengo aldiz, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidezko zerbitzuak (plataforma birtualak) arautzen dituela, zerbitzuak ematen dituzten pertsonek Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza baldin badute, eta gainera, zerbitzu profesionalak herritarrek erabil baditzakete. Aipatutako zerbitzuen erabiltzaileek ere beren osasuna eta segurtasuna babesteko kualifikazio egokia exijitzea merezi dute.

Aipatutako arloak alde batera utzita, lege-proiektuak ordainsaririk gabeko kirol-jarduera teknikoetan parte hartzen duten boluntarioei zuzendutako kualifikazio-eskakizunak ere jasotzen ditu. Beren lanak entrenatzaileen eta monitoreen esparruan garrantzi handia duela jakinda, testuan boluntarioek kirolarien osasuna eta segurtasuna bermatzeko bete beharko dituzten kualifikazio-exijentziak aipatzen dira.  Printzipioz, legea zerbitzuen hartzaileen osasuna eta segurtasuna bermatzen ahalegintzen den neurrian, profesionalei exijitzen zaien kualifikazio bera eskatzen zaie, baina araubide malguagoa jasotzen da, gaur egungo gizarte-errealitatea kontuan hartuta: kolektibo batzuetan kualifikazio-maila txikiagoa exijitzeko aukera, arauak hautsiz gero zehapen arinagoak, kualifikazioak egiaztatzeko epe luzeagoa, eta abar.

Gaur egungo arauketarik ezaren eta lege berriak eragingo duen kualifikazio-exijentziaren artean ohiko trantsizio-arazoak saihesteko, legea berau indarrean jartzen denean lege-arauketa honen barruan sartzen diren lanbideak bertan eskatutako kualifikaziorik gabe garatzen ari diren pertsonen eskubideak errespetatzen saiatuko da. Era berean, legea pixkanaka eta traumatizatu gabe ezartzeko mekanismoak jasoko dira.

Legea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean, baina pixkanaka egokitzeko epe bat aurreikusiko da. Hala, profesionalei 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera exijituko zaizkie kualifikazioak; boluntarioei, berriz, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera.

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Eleia90
    2016.eko martxoak 02

    Comentario de Twitter:
    Anteproyecto de Ley sobre Acceso y Ejercicio de las Profesiones del Deporte en el Pais Vasco (Consejo de Gobiern... https://t.co/lknQzjuFCN

  • @MendizabalaFP
    2016.eko otsailak 26

    Comentario de Twitter:
    Anteproyecto de Ley sobre Acceso y Ejercicio de las Profesiones del Deporte en el Pais Vasco https://t.co/1K9XxtQOV4

  • @MarquitusMT
    2016.eko otsailak 24

    Comentario de Twitter:
    Irekia Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco :: Anteproyecto Ley Acceso y Ejercicio Profesiones Deporte Pais Vasco https://t.co/zts5msjGUg

  • @XLeizea
    2016.eko otsailak 24

    Comentario de Twitter:
    RT @olicoach: Anteproyecto de Ley sobre Acceso y Ejercicio de las Profesiones del Deporte en el Pais Vasco (Consejo de Gobiern... https://t

  • @olicoach
    2016.eko otsailak 24

    Comentario de Twitter:
    Anteproyecto de Ley sobre Acceso y Ejercicio de las Profesiones del Deporte en el Pais Vasco (Consejo de Gobiern... https://t.co/DIFj9K3rSi

Komunikabideek behera kargatzeko