Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak urte honetarako jarduera-plan bat aurkeztu dio Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordeari

2016.eko otsailak 19

Osoko bilkura Bilbon egin dute, gaur, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan (ETKZ)

Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordea, Josu Zubiaga, eta Trafikoko zuzendaria, Garbiñe Sáez Molinuevo, Bilbon izan dira gaur, ETKZn egin den Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen osoko bilkuran. Bertan, 2015ean egindako jardueren ebaluazioa eta urte honetarako jarduera-plana aurkeztu dituzte.

Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak 2015eko ezbehar-tasaren datuak laburbildu ditu: istripu-kopurua 2014koa baino % 7,4 txikiagoa izan arren, hildako gehiago izan dira. Segidan, iazko kudeaketa-planaren balantzearen berri eman du, aurreikusitako jardueren % 86 egin direla nabarmenduz.  Gainerako % 14 ezin izan dira egin, kasu batzuetan beste eragile batzuen inplikazioa beharrezkoa zelako, eta beste batzuetan prestatzeko denbora gehiago behar zela-eta 2016ra atzeratu direlako.

2015eko jardueren laburpena

Iaz Trafiko Zuzendaritzak egindako prestakuntza-, prebentzio- eta komunikazio-jardueren artean, hauek dira aipagarrienak: hemezortzi udalerrik hartu dute parte udaltzaingoentzako bide-segurtasuneko prestakuntza-ikastaroetan; adineko 1000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte kolektibo horrentzat antolatu diren sentsibilizazio-kanpainetan; bigarren hezkuntzako ikastetxeetan 268 prestakuntza-saio egin dira, 16.000 ikasle baino gehiagok parte hartu dutelarik; online ikastaroak eman zaizkie irakasleei bideko arriskuen prebentzioari buruz; «Hiriko Bide Segurtasuna eta Mugikortasun Segurua» jardunaldi profesionala egin zen eta gida bat argitaratu zen, udalerriei lana errazteko beren bide-segurtasuneko gida propioak egiterakoan. Azken puntu horren esparruan, Trafiko Zuzendaritzak Aiara, Muxika eta Debako planak egin zituen, Udalekin batera lan eginez.

Jarduera horietako batzuek jarraipena izango dute aurtengo kudeaketa-planean. Horrela, bide-segurtasunarekin duten inplikazio-maila ezagutzeko 803 enpresari egin zitzaien inkestaren emaitzak argitaratu ziren. Inkestako enpresen % 29k baino ez zuen gai hori lantzeko atal bereizi bat laneko prebentzio- eta segurtasun-planetan. Horri erantzuteko, lan-arloko bide-segurtasunaren jardunbide onak azaltzeko manual bat idatziko dute Trafiko Zuzendaritza eta Osalanen artean.

Gainera, zenbait ikerketa monografiko argitaratu dira eta kontzientziazio-kanpainak egin dira komunikabideetan. Era berean, Trafiko Zuzendaritzaren web-orrialdea eta sare sozialetako kanalak (YouTube, App eta Twitter) garatzeko lan egin da.

Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak azaldu duenez, «Segurtasun Sailak, Trafiko Zuzendaritzaren bitartez, zera lortu nahi du Bide Segurtasun eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarriaren Planean aurreikusitako jardueren bidez: gizartean kontzientzia sortu eta nabarmendu zein garrantzitsua den gidari bakoitzaren ardura errepideetako segurtasunerako. Gainera, erakunde eskudunetako bakoitzak egin beharreko ahaleginak zehaztu nahi ditugu. Ez dugu ahaztu behar -gaineratu du- giza-faktorea dela istripu gehienen kausa nagusia».

2016rako aurreikuspenak

Jarraian, Garbiñe Sáez Molinuevo Trafikoko zuzendariak aurten egingo diren jarduerak jasotzen dituen plana aurkeztu du. Aurreikusitako jardueren artean, martxo amaieran Aste Santuarekin batera martxan jarriko diren kontzientziazio-kanpaina berriak nabarmendu ditu. Horietan faktore hauek landuko dira: abiadura, arreta-galtzeak, alkohol- eta droga-kontsumoa, harrapatzeak eta motorrak.

2016an Ertzaintzaren Trafiko Unitateek prebentzio-lanarekin jarraituko dute kontrol- eta zaintza-kanpaina bereziekin. Era berean, prestakuntza-jardueren kanpainak egiten jarraituko dute (Udaltzaingoei, adinekoei eta ikasleei zuzendutakoak).

Bide-segurtasunari buruzko onlineko ikastaroak antolatuko dira, irakasleentzat eta Eusko Jaurlaritzako hainbat sailentzat,

Material berriak argitaratuko dira ere. Horietako bat 64 urtetik gorakoei zuzendutako bide-segurtasuneko azterketa-ikerketa bat izango da, 2014an gai horren inguruan egindako jardunaldia eta kolektibo horri egindako inkesta bat oinarri hartuta. Horretaz gain, motor-gidarientzako gida bat argitaratuko da bide-segurtasunari buruz. Gida hori ezagutarazteko, aurreikusita dago motor-gidarien kolektiboak antolatzen dituen ekitaldietan parte hartzea. Bertan, prebentzioaren, zuhurtziaren eta errespetuaren inguruko mezuak zabalduko dira, oinarrizkoak baitira mugikortasun segurua sustatzeko.

Bestalde, trafiko-istripuen ikerketari buruzko jardunaldi profesional bat antolatuko da ekainean eta beste bat irailean, Mugikortasunaren Europako Astearekin bat eginez.  Gainera Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroa egiteko lanek aurrera jarraituko dute, gaur egun eskura dauden datuak hobetzeko. Erregistro hori aurten martxan egotea espero da.

Herriei dagokienez, aurreikusita dago bide-segurtasun eta mugikortasun seguru eta jasangarriaren planak egitea Guardia, Zestoa eta Markinan, herri bakoitzeko udalarekin batera lan eginez.

Bide Segurtasun eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorreko 2015-2020 aldiko Plan Estrategikoan jasota daude jarduera hauek guztiak eta haien xedea eta helburua da bide-segurtasuna eta mugikortasun seguru eta iraunkorra sustatzea euskal bideen sarearen erabiltzaile guztientzat. Horretarako, Trafiko Zuzendaritzak uste du ezinbestekoa dela herritarren eta eragile pribatuen inplikazioa lortzea eta era koordinatu eta eraginkorrean lan egitea, trafiko-istripuen kopurua eta larritasuna txikitzeko.

«Batzorde honetako parte-hartzaile guztien lana garrantzitsua da. Esfortzu hauek guztiak Europar Batasunak ezarri duen helburu handia lortzeko dira, hau da, errepideetako hildakoen kopurua 2010eko kopuruaren erdira txikitzeko», esan du Garbiñe Sáez Molinuevo Trafikoko zuzendariak. «Iaz euskal udal askorekin izan ginen harremanetan, eta espero dugu harreman horietan eta sor litezkeen beste lankidetza-motetan sakontzen jarraitzea».

Osoko bilkuran honako hauek izan dira: Ertzaintzaren, udaltzaingoen, udalen eta aldundien ordezkariak, eta baita bide-segurtasunarekin lotura duten eskumenak kudeatzen dituzten Jaurlaritzako sailetakoak ere (Hezkuntza, Osasuna, garraioak, Larrialdiak). Gainera, mugikortasuna hobetzeko lanean inplikatuta dauden sektore ekonomiko eta profesionalen eragile sozialek ere hartu dute parte bileran.

Osoko bilkuraren aurretik Komite Iraunkorraren bilera egin dute Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundien eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaletako ordezkariek.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PNV_Indautxu
    2016.eko otsailak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: El Dpto. de Seguridad presenta su plan de actuaciones para este año a la Comisión de Seguridad Vial del País Vasco ➡ https://t

  • @Gob_eus
    2016.eko otsailak 19

    Comentario de Twitter:
    El Dpto. de Seguridad presenta su plan de actuaciones para este año a la Comisión de Seguridad Vial del País Vasco ➡ https://t.co/H6cgaEayhw

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)