Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Txingudiko Plan Zuzentzaileak 26 milioi euroan finkatzen du paduran 2026ra arte egin beharreko guztizko inbertsioa

2016-02-18
  • Txingudiko Badia, hegaztientzako babes bereziko eremu (BBE) bakarra Gipuzkoan Europako Natura 2000 sarearen barruan
  • Eusko Jaurlaritzaren Ekoetxe Txingudi interpretazio-zentroak milaka bisitari jasotzen ditu, ingurune naturalaren adituen, eskola-ikasleen eta familien artean

 

Txingudiko padurak orotara 26,36 milioi euroan zenbatetsitako inbertsioak beharko ditu 2026 urtera arte. Bidasoa-Txingudiko Badia kudeatzen duen batzorde politikoak azaldu ditu premia horiek, gaur, udal berriak osatu ostean, egindako lehen bileran. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Iosu Madariaga, Ingurumeneko sailburuordea, eta Alexander Boto, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria.

 

Bileran hainbat ordezkari bildu dira: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailekoa; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoena, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketaren eta Bide Azpiegituren departamenduetakoak; Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeriokoa; eta Hondarribia eta Irungo udaletakoak. Bertan, 1991an sinatutakoa ordezkatuko duen lankidetza-hitzarmen berriaren zirriborroa aztertu dute. Hain zuzen, 1991ko hitzarmen hura izan zen Txingudiko padurako ekosistemak lehengoratzeko lanen abiapuntua.

 

Hitzarmenean, Bidasoa-Txingudi Badian babesaren xede den «eremua lehengoratzeko eta kontserbatzeko» alderdi nagusiak hitzartzen dira, Alexander Botok adierazi duenez. Horrez gain, zehaztu du esku hartzen duen administrazio bakoitzaren funtzioak identifikatuko direla.

 

Batzorde horretan, gainera, ordezkatutako administrazio bakoitzak inguruan sustatu dituen proiektuak ere azaldu dira, martxan jarritako jarduerak koordinatzeko eta, hartara, efikazia eta efizientzia handiagoa lortzeko.

 

Txingudiko Badia Europako Natura 2000 sarearen barruan dagoen hegaztientzako babes bereziko eremu (BBE) bakarra da Gipuzkoan. Gipuzkoan hoberen kontserbatutako padura gunetzat ere jotzen dute.

 

Txingudiko Badiak pribilegiozko kokagune bat du hegaztien migrazio-prozesuetan, Pirinioetako mendebaldeko igarobidean baitago. Lehengoratu zenetik 257,4 hektarea berreskuratu dira eta 265 hegazti espezie ikusi dira paduran; hau da, EAEn ikus daitezkeen hegaztien % 74 (347) eta Espainian ikus daitezkeen hegaztien % 47 (569).

 

Txingudiko padurak bertan du Ekoetxe-Txingudi interpretazio-zentroa, eta milaka bisitari jasotzen ditu urtero, ingurune naturalean adituen, eskola-ikasleen eta familien artean. Urtero Europa iparraldetik inguru epelagoetara migratzen duten hegaztien habitata ikertzera eta ezagutzera datoz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • J Santano, Peli Basozabal, Ander Arrieta