Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna

Euskal Nazioartekotze Partzuergoak deialdia zabaldu du euskal enpresariek aukera izan dezaten 50 herrialdetan espezializatutako Spri-ko teknikari adituekin banaka elkarrizketatzeko

2016.eko otsailak 18
  • SPRIko ordezkariak Bilbon izango dira martxoaren 16, 17 eta 18an, ‘Mundura Begira – Mirando al mundo’ jardunaldian. Euskal Nazioartekotze Batzordean (ENB) bildutako erakunde eta organismoek elkarrekin egingo duten lehen ekimena izango da Bilbokoa

 

  • ‘Mundura Begira – Mirando al mundo’ ekitaldia Euskalduna Jauregian izango da martxoaren 16an, eta han bilduko dira Alemania, Txina, AEB, Mexiko eta Hego Afrikako egoera ekonomikoan espezializatutako hainbat analista 

Dagoeneko hainbeste euskal enpresarik hitzordua egin dute SPRIko Nazioartekotze sareko 50 teknikarietako batekin banakako elkarrizketa izateko. Teknikari aditu horiek Bilbon izango dira martxoaren 16, 17 eta 18an, ‘Mundura Begira – Mirando al mundo’ jardunaldirako etorrita. Aipatutako ekitaldia hilaren 16an izango da Euskalduna Jauregian, Euskal Nazioartekotze Partzuergoak antolatuta. Enpresariez gain, 250 konpainiak baieztatu dute ekitaldian izango direla. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta hiru lurraldeetako merkataritza ganberek nazioartekotzearen esparruan elkarrekin egingo duten lehen ekimena izango da jardunaldi hori. Bai jardunaldietara joateko izen-ematea bai SPRIko adituekin elkarrizketatzeko hitzordua web-orrialde honetan egin daiteke: http://www.spri.eus/es/eventos/mundura-begira.

Mundura Begira – Mirando al mundo’ ekimenaren bidez aurkeztuko zaie euskal enpresariei Euskal Nazioartekotze Elkargoa bera eta elkargoak eskainiko dituen zerbitzuen katalogoa. Jardunaldian, Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotze Estrategiaren arabera lehentasunezkotzat hautatu diren merkatuetako negozio-aukerak eta ezaugarri espezifikoak aztertuko dituzte lehen mailako adituek. Hain zuzen, hauek dira hautatutako merkatuak: Alemania, Txina, AEB eta Mexiko, herrialde garatuen artean, eta Hego Afrika, garapen bidean direnen artean. 

Gainera, bertaratzen direnek egokiera paregabea izango dute sartzeko interesa duten merkatuan espezializatutako adituarekin pertsonalki elkarrizketatzeko, SPRIko nazioartekotze-sareko 50 teknikari espezializatu bilduko baitira jardunaldian.  Martxoaren 16an bertan, jardunaldiak irauten duen denboran, baita hurrengo bi egunetan ere, SPRIko kanpo sareko 15 bulegokoetako ordezkariek (Alemania, Argentina, Ameriketako Estatu Batuak, Brasil, Txile, Txina, Kolonbia, India, Mexiko, Polonia, Singapur, Txekiar Errepublika-Eslovakia, Errusia eta Turkia) eta sareak beste 35 herrialdetan dituen beste horrenbeste aholkularik banaka-banaka hartuko dituzte interesa duten enpresariak. Horretarako, hitzordua eskatu behar da aldez aurretik, jardunaldiaren web-orrialdean.

Euskal Nazioartekotze Partzuergoa, plataforma bateratua

2014ko maiatzean, Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, eta hiru lurraldeetako merkataritza ganberek Euskal Nazioartekotze Partzuergoa (ENP) sortzeko hitzarmena sinatu zuten. Organismo hori sortzeko xedea izan da plataforma bateratu baten bidez erakunde eta organismo horietako bakoitzak planteatutako estrategiak eta ekimenak koordinatzea, helburu nagusi batekin: euskal enpresak nazioarteko merkatura atera daitezen sustatzea.  Hala ere, ENPk ez du izaera juridiko eta aurrekontu propiorik; hitzarmena sinatu zuten zazpi erakundeek bideratutako baliabideak baino ez ditu, eta zazpi sustatzaileek urtero berrituko dute hitzarmena.

ENPk honako eginkizun hauek ditu: Euskadiko nazioartekotzeko eragile publikoei aholkularitza ematea;  esparru berean diharduten Euskadiko bestelako administrazio, erakunde publiko zein pribatuekin lankidetzan eta elkarlanean aritzea; euskal enpresentzako prestakuntza-zerbitzuak diseinatzea; nazioartekotzea sustatzeko eta kanpoko inbertsioak erakartzeko laguntzak eta ekimenak koordinatzea; SPRIren kanpo sareko kanpoko zerbitzuak modu partekatuan erabil daitezen sustatzea, kanpoko merkatuetako elementu iraunkorrak diren aldetik; eta dagokion politika publikoaren eta bere inpaktuaren aldizkako ebaluazioak egitea, bai eta politika horren tresnena eta programena ere.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)