Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta LGTBI elkarteek Dokumentazio-Zentro birtual bat sortu dute informazio guztia partekatzeko

2016.eko otsailak 18

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Berdindu - lesbianei, gayei, transei, bisexualei eta intersexualei arreta emateko euskal zerbitzuaren bultzadarekin, Euskadiko LGTBI Dokumentazio Zentro Birtuala sortu da. Zentro horretan eskuragarri daude gure herrialdeko bost LGTBI elkarte handiren edukiak. Aldarte, Ehgam, Errespetuz, Gehitu eta Guztiok elkarteek euren artxiboak ireki dituzte gizarte guztiarentzat eskuragarri egon daitezen. Beste hiru elkartek ere ekimen honekin bat egingo dute laster: Hegoakek, Pikara Magazinek eta Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroak.

 

Dokumentazio Zentro bizia izango da, hazibidekoa, eta espazio ireki gisa diseinatu dute. Gainera, elkarte berrien ekarpenekin eta dagoeneko parte hartzen dutenen dokumentu berriekin hazten joango da. Zentzu horretan, Aldarte, EHGAM, Errespetuz, Gehitu eta Guztiok elkarteak dira beren dokumentazioa eskuragarri jarri dutenak, eta Hegoak, Pikara Magazine eta Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroak laster egingo dute horixe bera. Bildutako dokumentazioa ordezkatutako kolektiboen aldeko borrokaren testigantza da. Gainera, taldeon eskubideen aitortzaren aldeko borrokaren lekuko ere bada; edozein dela ere norbanako bakoitzaren genero- edo sexu-hautua nahiz identitatea, gizarteko gainontzeko kideekiko berdintasunaren aldeko borrokarena, hain zuzen ere.

Zentro berria Berdinduren webgunean egongo da eta dagoeneko prest dago kontsultak egiteko, gaur bertatik aurrera. Esteka hauen bitartez sar zaitezkete bertan: http:euskadi.eus/lgtbi-dokumentazioa euskarazko bertsiorako eta http:euskadi.eus/lgtbi-documentacion gaztelaniazko bertsiorako.

Eusko Jaurlaritzak eta elkarte parte-hartzaileek euskal LGTBI mugimenduaren historia antolatu, gorde eta ezagutarazi nahi du historia horrexen protagonisten bidez: hau da, azken hamarkadetan pertsona guztientzako eskubide guztien defentsan lanean aritu diren elkarteen bidez.

Javier Miguel, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariak esan duenez, «uste dugu beharrezkoa eta ezinbestekoa dela gizarteak elkarte horien lana eta pertsona guztien eskubideen berdintasunaren alde egin duten borroka ezagutzea eta baloratzea. Ukaezina da azken hamarkadetan norbanakoaren sexu- edo genero-nortasuna legez jazarria egotetik alor pribatuko errealitate bat izatera igaro dela, eta bide horretan ezinbestekoa izan da elkarte horien ekarpena». Hori dela-eta, Berdinduk eta beste elkarteek beren dokumentu-funts handia antolatu, digitalizatu, gorde eta gizartearen esku jartzeko lana sustatu dute.

Espazio horren helburua da LGTBI borrokaren eta beren sexu-identitate eta/edo orientazioagatik jazarriak izan diren pertsonen aitortzaren instrumentu bilakatzea.  Izan ere, zentroak LGTBI mugimenduaren azken urteotako historiaren ikuspegi labur bat ematen du, eta baita gizartean eta erakundeetan gertatu den pentsamolde-aldaketaz. Gainera, elkarteek egin dituzten ekintza esanguratsuenak ere jasotzen ditu, oinarrizko eskubideetan berdintasuna lortzeko balio izan dutelako. Horretaz gain, elkarteen iraganeko eta orainaldiko ondare historikoa gorde eta zabaltzen du, kolektiboa ezagutaraziz.

Hegoak elkarteak antolatutako Zinegoak zinemaldia aukeratu dute ekimena aurkezteko. Hamahirugarren edizio honetan, Bilboko Gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdian ehun film eta jarduera baino gehiago izango dira ikusgai.

Dokumentuak

Herritarren guztien eskura daude orain 1.583 dokumentu, honela banaturik: 17 erakusketa, 726 kartel, 532 espediente (458 testu eta 74 argazki), 149 audio, 141 bideo eta 18 pankarta.

LGTBI Dokumentazio Zentroa osatzeko, parte hartzen duten bost elkarteen artxiboak elkartu dira eta testuinguru historiko labur bat gehitu zaie. Honako atal hauetan antolatu da:

  • LGTBI Mugimenduen memoria: hemen LGTBI mugimenduaren azken urteotako historia kontatzen da labur-labur, Euskadin egindako jarduerak ardatz hartuta.
  • Mugarri historikoak: atal honetan, erdietsitako lorpen nagusiak kronologikoki antolatu dira. Aurreko atalarekin batera, gizartean eta erakundeetan gertatu den pentsamolde-aldaketa erakusten du, eta baita aldarrikapenen helburuen aldaketa ere.
  • Material grafikoa, erakunde parte-hartzaileek beren interes eta ekintza nagusiak erakusteko egin dituzten erakusketekin.
  • Baliabide materialak, LGTBI arloan lan egiten duten zenbait elkarteren txosten eta ikerketekin.
  • Materialen bilaketa: hemen Aldarte, Ehgam, Errespetuz, Gehitu eta Guztiok elkarteen artxiboen zati handi bat kontsultatu daiteke. Testuak, irudiak, argazkiak, audioak eta bideoak aurki daitezke. Bilaketa egiteko hainbat aukera gaitu dira: dokumentu-funtsaren arabera, dokumentu motaren arabera, landutako gaiaren arabera, izenburuaren arabera, etab.
  • Agenda: honen bitartez erakunde parte-hartzaileen agenda kontsulta daiteke (baldin badute). Gainera, hemen izango da Hegoak-en agenda ere eta, Zinegoak jaialdiaren antolatzailea denez gero, zinemaldi horren egutegia jarriko dute; laster, Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroaren eta Pikara Magazine-ren agenda ere eskuragarri egongo da.
  • LGTBI Elkarteak: LGTBI elkarteen zerrenda bat, eta haien jarduera-eremua, gehienbat estatu mailakoak.

Jaurlaritzak elkarteei eskerrak emateko baliatu nahi du aukera hau, lan handia egin baitute tratu-berdintasunaren eta LGTBI kolektiboaren diskriminazio-ezaren alde eta, bereziki, eskuzabaltasun handia erakutsi baitute Euskadiko LGTBI mugimenduaren Dokumentazio Zentro Birtuala sortzeko.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GlaciarBlue
    2016.eko otsailak 18

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Con asociaciones LGTBI hemos creado un Centro de Documentación virtual en el que se compartirá toda la información ➡ https://t

  • @Gob_eus
    2016.eko otsailak 18

    Comentario de Twitter:
    Con asociaciones LGTBI hemos creado un Centro de Documentación virtual en el que se compartirá toda la información ➡ https://t.co/kEXDzfsz8e

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)