Berriak
Eu

107/2012 Dekretuaren bitartez, 187 pertsonari aitortu zaie 1960 eta 1978 bitartean botere abusuen edo poliziak indarekeria legez kontra erabiltzearen ondorioz giza eskubideen urraketen biltima izatea

2016.eko otsailak 18
  • 1107/2012 Dekretuaren Balorazio Batzordeak txosten bat bidali du Legebiltzarrera, 1960 eta 1978 arteko giza eskubideen onartutako urraketen xehetasunekin
  • Lehendakaria 107/2012 Dekretuak aitortutako biktimen omenezko ekitaldi instituzionalean izango da larunbatean

1960 eta 1978 urteen artean botere abusuen edo poliziak indarkeria legez kontra erabiltzearen ondorioz izan ziren giza eskubideen urraketen Balorazio Batzordeak 187 biktima aitortu ditu. Legebiltzarrera bidalitako txosten batean, Batzordeak azken hiru urte eta erdietan Dekretuaren alorrean aurkeztu eta onartu diren eskaeren zerrenda aztertu du. Lehen aldiz, biktima horiek omentzeko ekitaldi instituzional bat egingo da, larunbat honetan (otsailak 20) Donostian, eta Urkullu lehendakaria han izango da.

Kasuen balantzea

Aurkeztu diren 239 kasuen % 80k lortu du biktima-aitortza, 107/2012 Dekretuaren babespean. Aitortutako biktimak honela banatzen dira:

  • Kasuen % 16 Estatuaren segurtasun-indarrek suzko armak erabiliz eragindako heriotzak dira, gehienak manifestazioetan, errepideko kontroletan edo kaleko istiluetan, besteak beste.
  • Kasuen % 29,5 lehen aipatutako egoeretan zauritutako pertsonak dira.
  • Kasuen % 6,7 manifestazioak desegiteko gailuek zauritutako pertsonak dira.
  •  Kasuen % 38,5 atxilotu eta gero komisarian tratu txarrak eta torturak jasan dituzten biktimak dira
  • Kasuen % 7,5 objektu sendo batez emandako kolpeen ondoriozko ziren.
  • Gainontzeko % 1,6 bestelako gertakari edo egoeretan gertatutako kasuak dira.

Batzordeak 52 eskabide ezetsi ditu, ez giza eskubideen urraketen biktima ez izateagatik, forma-arrazoiengatik baizik. Erdiak ez ziren aztertutako aldiko kasuak eta gainerakoak epez kanpo aurkeztu ziren.

Balorazio Batzordea:

Biktima horiek aitortzeko 107/2012 Dekretuaren 6. artikuluak Batzorde bat sortzen du, aurkeztutako eskaerak izapidetzeko eta baloratzeko. 2012ko ekainaren 20an sortu zen Batzordea, eta ordutik hona 73 bilera egin ditu, 210 pertsonaren testigantza bildu du eta 239 irizpen eman ditu. Gaur bertan Legebiltzarrera bidali den txostena aurrerapen bat baino ez da. 2016 urtean zehar osatuko da eta egindako lanaren eta biktimen esperientziaren berri emango du.

Ekintza motak

Txostenean zehazten dira giza eskubideen urraketa horien ezaugarriak: bereizketarik eza eta nahitasuna, indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen zabaltasuna, segurtasun-falta eta bizitzarako arriskua eta babes-falta eta zigorgabetasuna. Batzordeak giza eskubideen urraketa horiek gertatu diren testuinguruak deskribatzen ditu:

-         Manifestazioak eta indarraren gehiegizko erabilera

-         Atentatuak

-         Errepideko kontrolak

-         Atxiloketa arbitrarioak eta torturak

-         Sexu-indarkeria: bortxaketa kasu bat eta hainbat sexu-eraso aztertu eta onartu dira.

Testuinguru historikoa

Erregimen frankistak protesta eta oposizio politiko ororen kontrako errepresioa areagotu zuen 60ko hamarkadan. Ordena Publikoaren Epaitegia 1963an sortu zen erregimenaren aurkako oposizioari jazartzeko. Diktaduraren errepresiorako instrumentu garrantzitsua izan zen, gerra-kontseilu sumarioekin batera. Aztertutako kasu gehienak 1975tik 1978ra arteko aldian eragindako biktimei buruzkoak dira; Batzordera aurkeztutakoen artean, 1976 urtean eragin ziren biktima gehien; batik bat, Gasteizko martxoaren 3ko gertakariengatik.

Gomendioak

Batzordearen txostenean gomendio batzuk biltzen dira giza eskubideen urraketen biktimak aitortzeko eta haiei ordainak emateko politika publikoak era egokian egin daitezen:

  1. Lehenbailehen osatzea gaur egun arteko motibazio politikoko giza eskubideen urraketen biktimak aitortzeko eta haiei ordainak emateko araudia.
  2. Omenaldi publiko bat egitea eta biktimak antolatzen diren memoria-ekitaldietara gonbidatzea.
  3. Batzordeak nabarmentzen du garrantzitsua dela biktimak aitortzeko eta haiei ordainak emateko martxan jartzen den edozein prozesuk beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak izatea. Gisa honetako beste edozein prozesu diseinatzerakoan, alor hori kontuan izatea gomendatzen du.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 18a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko