Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Spirit, Afrikan patataren balio katearen berrikuntza sustatzeko proiektu bat

2016.eko otsailak 18

Neiker, Inkoa Sistemas eta Tanzania, Ruanda, Uganda eta Kenyako ikerketa zentroek parte hartzen dute programan. Europako proiektuaren xedea da balio katean inplikaturiko eragile guztiak koordinatzea, ekoizleengandik hasi eta ikertzaileenganaino.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako Saileko enpresa publiko NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea, INKOA SISTEMAS SL enpresa eta Afrikako lau herrialdetako partzuergo bat ari dira gaur egun SPIRIT proiektuan parte hartzen (Strengthening the capacities for fostering innovation along potato value chains in East Africa), Afrikako Ekialdean patataren balio katean zehar berrikuntza sustatzeko helburuarekin. INKOA SISTEMAS da proiektuaren koordinatzailea eta, NEIKER-Tecnaliarekin batera, egitasmoaren alderdi teknikoaz arduratzen da, zeinean Tanzania, Ruanda, Uganda eta Kenyako hainbat ikerketa zentrok parte hartzen duten. Proiektua oso garrantzitsua da, patatak funtsezko rola jokatzen baitu gosearen eta muturreko pobreziaren aurkako borrokan.

SPIRIT lau helburu nagusi lortu nahi ditu: Afrikako Ekialdeko herrialdeetako ikerketa erakundeek osatutako talde berriak sortzea, patatari buruzko ikerketan inplikaturiko tokiko ikerketa zentroen finantzaketa handitzea, patataren balio katean inplikaturiko eragileak ikerketa proiektu berrietan integratzea (nekazarien erakundeak, prozesaketa enpresak, etab.) eta sektorean teknologia berritzaile garrantzitsuak praktikan jartzea. Xede horiek betetzeko, proiektuak Europar Batasunaren ACP S&T II programaren finantzaketa dauka.

Saharaz beheko Afrikan patataren ekoizpena bikoiztu egin da 1994az geroztik, eta hazkunde horren %70 Afrikako Ekialdean kontzentratzen da, gehien-gehiena eskala txikiko ekoizleek ekoitzita. Elikagai horrek gero eta eskari handiagoa dauka produktu freskoetan zein prozesatuetan (patata frijituak, chipak, izoztuak, etab.), batez ere azkar hazten ari diren hiriguneetan. Horrenbestez, SPIRIT proiektuak garapen bidean dauden herrialdeei lagunduko die inportazioarekiko duten mendekotasuna murrizten eta tokiko sektore indartsua garatzen. Gainera, labore horren sustapenak eta berrikuntzak enplegurako aukera berriak sortuko ditu –batez ere emakumeen artean–, eta elikagaien prezioan inflazioa murrizten lagunduko du.

Tokiko eragileen inplikazioa ezinbestekoa da SPIRIT programan; horregatik, partzuergo bat eratu da Tanzaniako Nekazaritza Ikerketarako Institutuak (ARI-Uyole); Ruandako Nekazaritza, Animalia Zientzia eta Albaitaritzako Medikuntzako Ikastetxeak (CAVM); Ugandako Makerere Unibertsitateak (MAK); eta Kenyako Nairobiko Unibertsitateak (UoN) osatuta. Erakunde horiek funtsezko rola jokatuko dute ezagutzak transferitzeko eta proiektuaren emaitzen zabalkundea egiteko helburua betetzeko. Gaur egun arazo handiak daude patataren balio katean zehar transferentzia egiteko eta, horregatik, SPIRITek fondoak lortzen jardungo du, patataren sektoreak sustatzeko eta garatzeko behar dituen behar besteko egitura eta teknologia eduki ditzan.

Premia biziko laborea

Patataren sektorea oso garrantzitsua da lau herrialde parte hartzaileetan, laborea lantzen duten nekazarien kopuruak erakusten duenez: 500.000 Ugandan, 700.000 Tanzanian, 1.109.000 Ruandan, eta 650.000 Kenyan. Nekazaritzak produktu nazional gordinean egiten duen ekarpena Kenyako %24,2tik Ugandako %42ra arte doa. Afrikako Ekialdean patata premia biziko laborantza da, eta Ruandari dagokionez kontsumoa 125 kg da pertsonako eta urteko. Beraz, nekazaritzako produktu hori erabakigarria da elikadura segurtatzeko eta herritarren diru sarrerak bermatzeko.

Afrikako Ekialdean patataren laborantzaren ezaugarria produktibitate txikia da, hektareako 7-15 tona lortzen baitira; Europan, berriz, produktibitatea 60 tonakoa da. Horren oinarrian dago, batez ere, ura urria dela eta ureztapenik ez dagoela, baldintza klimatikoetara egokituta ez dauden aldaerak erabiltzea, eta hazi ziurtatuak gutxi erabiltzen direla, beste faktore batzuen artean. SPIRITek alderdi horiek guztiak nabarmenduko ditu ekoizpenaren errendimendua hobetzeko.

Proiektuaren helburuetako beste bat da nekazarien elkarteak sortzea bultzatzea, eta daudenak hobetzea, gaizki antolatuta daudelako eta giza zein finantza baliabiderik ez dutelako. Programak erosleen, ekoizleen, instituzioen eta patataren balio katea osatzen duten gainerako eragileen arteko koordinazioa hobetzen lagunduko du.

SPIRIT proiektua (FED/2013/330-228) Europar Batasunaren ACP S&T II programaren bitartez finantzatu da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)