Berriak
Eu

Memoriaren Plaza ekimen partehartzailea Durangon ezarriko da

2016.eko otsailak 17

Memoriaren erakusketa Durangoko Ezkurdi Plazan kokatuko da otsailaren 24tik martxoaren 2ra

Durangoko Alkateak, Aitziber Irigorasek eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuko zuzendariak, Aintzane Ezenarrok, Memoriaren Plaza Durangon izango duen programazioa aurkeztu dute. Herritarrek parte hartzeko proiektu bat da; helburua da Euskadin azken urteotan gertatutakoei buruzko lekukotzak biltzea eta azaltzea, memoria plural eta partekatu bat eraikitzeko asmoz. Lekukotza-bilketari bide emateko, Durangoko auzokideengana hurbilduko da Memoriaren Plaza, otsailaren 24etik martxoaren 2ra bitartean Ezkurdia Plazan egingo den erakusketa batean.

Gaur goizean Durangoko Udaletxean egindako prentsaurreko batean, alkateak baieztatu du Durangok lan egin nahi duela  “herrialde hau beltzez tintatu duen arrazoirik gabeko biolentziaren biktima errugabe askoren historia aitortzeko eta memorian gordetzeko. Horixe da gure lana, hots, iragan tragiko hura gogoratu, ausardiaz aztertu eta ezarri, minak sendatu eta Bakea eraikitzeko zutabeak sendo jarri. Hori dela eta, elkarrekin lan egin behar dugu gorrotorik gabeko gizarte batean memoria partekatu eta plural bat sortzeko asmoz”.

HELBURUAK

Lau xede ditu Memoriaren Plaza proiektuaren fase ibiltariak:

-        Memoria jendarteratzea eta partekatzea, erakusketa baten bitartez, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea.

-        Herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko espazio bat eskaintzea.

-        Memoriak udalerrien eremuan lantzea, eta dinamikak sustatzea iraganari buruzko gogoeta kritikoak partekatzeko.

-        Gogora Institutua ezagutaraztea eta herritarrengana hurbiltzea.

ERAKUSKETAGUNEA

Otsaileko 24tik martxoaren 2ra Durangoko Ezkurdia Plazan izango da memoriari buruzko erakusketa. Honako gune hauek izango ditu:

-        Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek beren memoria-lekukotza in situ grabatzeko aukera izango dute.

-        Lekukotzen bideoak: Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere.

-        Proiekzio eta debate eremua: zenbait dokumental proiektatuko dira eta mahai-inguru batzuk antolatzea aurreikusi dute.

-        Mezuen hormairudia: bertaratzen direnek beren mezua hormairudian idatzi ahalko dute.

PROGRAMA

Aintzane Ezenarrok Memoria Plazaren programazioa azaldu du:

-        Otsailak 24, 18:00etan: Erakusketa zabaltzeko ekitaldia:

-        Otsailak 25, 19:00etan: memoria historikoari buruzko hitzaldia. (Paco Etxeberria eta Lourdes Errazti, Zientzietako Aranzadi Elkarteko kideak.)

-        Otsailak 29, 19:00etan: Terrorismoaren biktimen partehartzearekin mahai-ingurua. (Mari Carmen Hernandez, ETAren biktima eta Amaia Etxaniz, BVEren biktima.)

MEMORIA PLAZAREN AURREKARIAK

Memoriaren Plaza 2015eko ekainean hasitako ekimen bat da. Batetik, herritarren zuzeneko testimonio eta emozioak biltzean datza; bestetik, memoriari buruzko elkarrizketa bat hastea hainbat eztabaida taldeen artean. Lehen fasea amaituta, Gogora Institutuak memoria anitz horiek ikusgai egin eta zabaldu nahi ditu, bere lekukotza eskaini nahi duen ororentzako espazioak sortuz. Otsailaren lehen egunetan Memoriaren Plaza erakusketa ibiltaria Bilbon kokatu da eta aurrerantzean Durangon izango du geldiunea. Bilbon egin zen bezala, Durangon ere hurbileko eskoletako DBH eta Batxilergoko ikasleek hartuko dute parte. Dagoeneko 120ren parte-hartzea aurreikusita dago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Aitziber Irigoras, alcaldesa de Durango