Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2016/02/19)

2016.eko otsailak 19

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Gizarte Segurantza nazionaletik aparte euskal gizarte-segurantza bat sortzea proposatzearen arrisku eta arduragabetasunari buruz. 

Iñigo Urkullu lehendakariak gogoratu duenez, Eusko Jaurlaritzak Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketaren inguruan duen jarrera hau da: Euskadik «ukatu ezineko eskumen bat dela» dela. Gainera, esan du Legebiltzarrak eta herritarrek bere egindako aldarrikapen bat dela, eta legezko oinarria duela. Lehendakariak gaineratu du Gernikako Estatutuan jasota dagoela eskumen hori eta, ondorioz, legea betetzea baino ez dela eskumena ematea.

Iñigo Urkulluk ukatu egin du Euskadirentzako arrisku bat izango litzakeenik, justu kontrakoa: «Begien bistan ditugu frogak: osasunaren, hezkuntzaren edo gizarte-babesaren kudeaketa publikoa onuragarria izan da herritarrentzat», Legebiltzarrean esan duenez. Lehendakariak uste du pentsioen berme indibiduala handiagoa izango dela horiek Euskadin bertan kudeatzen badira, kontuan izanik EAEn 100 pertsonatik 64k kotizatzen dutela, eta Espainian 57k baino ez. «Euskal gizarte-segurantza pentsio-berme bat da», esan du.

Interpelazioa, Julen Arzuaga Gumuzio EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, NATOri herri honek emandako ezetza praktikoki betearazteari buruz. 

Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, NATOn jarraitzeko erreferendumean ezezkoa eman eta 30 urte joan direnean, euskal gizarteak «konponbide ez belikoekin, bide diplomatikoekin eta elkarrizketarekin» identifikatzen jarraitzen du. Herritarrek hori hala dela frogatu dute, indarkeriaren kontra azalduz, baita nazioarteko gertakarien aurrean ere, hala nola, Iraken inbasioan edo duela gutxiko Paris, Afganistan edo Maliko atentatuetan. Hori dela-eta, lehendakariak azaldu du Eusko Jaurlaritzak, kanpo-ekintzaren bitartez, jarraitu egingo duela eragina duen foroetan parte hartzen, «nazioarteko legeria errespetatzearen, giza-eskubideen eta alde anitzeko elkarrizketen balioetan oinarritutako» nazioarteko elkarbizitza defendatzeko.

Lehendakariaren iritziz, erreferendumaren urteurrena (datorren martxoaren 12a) aukera ona izan liteke hausnarketa egin eta elkarbizitza baketsua eta justizia bezalako balioak eguneratzeko, horiek baitzeuden euskal gizarteak egun hartan adierazi zuen iritziaren oinarrian. Zentzu horretan, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko duela balioetan oinarritutako heziketa eta kultur aldaketa bat sustatzen, elkarbizitza sendotzeko.

Interpelazioa, Antonio Damborenea Basterrechea Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, pentsio-sistemari buruz. 

Iñigo Urkullu lehendakariak uste du garaia dela Transferentzien Batzorde Mistoko elkarrizketa-mekanismoak eta hitzarmenak aktibatzeko, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa errealitate bihur dadin. Izan ere, 36 urte dira eskumen hori Gernikako Estatutuan jaso zela, eta oraindik ez da transferentzia egin. Lehendakariaren ustetan, pentsioak Eusko Jaurlaritzak kudeatzen baditu, horiek bermatuak eta seguruak izango dira, gaur egun osasuna, hezkuntza edo gizarte-babesa dauden bezala. Euskal gobernuak pentsio duinak bermatzeko asmoa du eta horren erakusgarri da gaur egun Jaurlaritzak 20.000 pertsonari baino gehiagori ematen diela alarguntza-pentsioa osatzeko osagarri bat, gogoratu duenez. 

Urkullu ziur dago pentsioen zuzeneko kudeaketa onuragarria litzakeela herritarrentzat, Euskadik gizarte-babeseko sistema integral bat lukeelako. Zentzu horretan, zalantzan jarri du Espainiako gobernuaren kudeaketa, lau urte eskasetan pentsioen erreserba delakoaren erdia baino gehiago erabili duelako. Izan ere 66.815 milioi izatetik 32.485 milioi izatera pasa da 2011 eta 2015 artean. «Euskadiko herritarrek barneratuta dute pentsioak seguruagoak eta bermatuagoak egongo direla Jaurlaritzak kudeatzen baditu», gaineratu du. Horrela, lehendakariak «borondate politikoa» izateko deia egin du, Legebiltzarrak legealdi honetan hainbatetan eskatu duen transferentzia hori galdegiteko.

Galdera, Txarli Prieto San Vicente Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, ekonomiaren okerragotzeari aurre egiteko planei buruz.  

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu du Eusko Jaurlaritzak ekonomiaren hazkunderako aurreikuspenei eusten diela eta horretarako industria bultzatzeko eta enplegua sortzeko planak prest dituela. Politika ekonomikoa, izatez, fruituak ematen ari da, datu hauek erakusten dutenez: hazkundea izan da azken zortzi hiruhilekoetan eta langabezia % 13,5eraino jaitsi da, lehendakariak gogoratu duenez.

Horrek, ordea, ez du esan nahi Jaurlaritza arazoak izaten ari diren enpresa eta sektoreen unean uneko zailtasunez ahaztu denik, eta haien eragin ekonomiko eta soziala gutxitzeko lanean ari da, zailtasunak izaten ari diren enpresei laguntza eta babesa emateko politikarekin.  Lehendakariaren iritziz, hazkundearen oinarria lankidetza eta konfiantzari eustean datza.

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @OrrantiaTar
    2016.eko otsailak 19

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Pleno de Control (19/02/2016) https://t.co/fdJ2w1puI7

  • @GlaciarBlue
    2016.eko otsailak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [VÍDEO] Respuestas del @Gob_eus a las preguntas de los grupos parlamentarios en el Pleno de Control ➡ https://t.co/dighL7uM9v

  • @Gob_eus
    2016.eko otsailak 19

    Comentario de Twitter:
    [VÍDEO] Respuestas del Gobierno Vasco a las preguntas de los grupos parlamentarios en el Pleno de Control ➡ https://t.co/5yGhfWE73y

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)