Berriak Lehendakaritza
Eu

Urkullu: «Euskadi, Europako mugikortasun jasangarriaren diseinuaren eta kudeaketaren buruan»

2016.eko otsailak 17
  • Ana Oregi, Antonio Aiz, eta Imanol Lezarekin batera, Euskadiko lehendakariak Lezama/Lutxana lineako «950» tren-unitate berrien aurkezpenean parte hartu du; aurrerago, Metroaren 3. lineara ere bideratuko dira
  • Leza: Euskotrenek bat egin du Trenbideen Nazioarteko Batasunak (UIC), NBEren eskariz, sustatutako Ingurumen Erantzukizunari buruzko Adierazpenarekin
  • Oregi sailburua: «erabiltzaileek erosotasun handiagoaz gozatuko dute joan-etorrietan»

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean nabarmendu duenez, «Euskadi Europako mugikortasunaren diseinuaren eta kudeaketaren buruan dago» eta gaineratu du «Hendaia–Donostia–Bilbo–Bermeo linean eta Bilboko Metroan txartelen erabileraren elkarreragingarritasuna abiaraztea izango dela hurrengo erronka».  Ana Oregi sailburuarekin,  Euskotreneko presidentearekin eta zuzendari nagusiarekin –Antonio Aiz eta Imanol Leza– batera, Euskotrenen tren-unitate berrien aurkezpenean parte hartu du Urkulluk: 950 serieko unitateak dira eta Euskadiko CAF enpresak eraiki ditu, Lezama/Lutxana/Bilbo linearako eta Bilboko Metroaren 3. linearako.

Euskotrenen tren-flota berritzeko plana burutuko dute 950 serieko trenek eta, 3. linea berriari esker, Bilborekin lotuko dute Txorierri, bai eta Bermeo, Gernika eta Durangora, eta handik Donostialdearaino, doan Euskotrenen linea orokorrarekin ere, «Lezamatik Hendaiara bitartean etenik gabeko osotasuna» eraturik. Tren berriak Bilboko metroaren 1. eta 2. lineekin elkartuko dira, ezarritako eskakizunekin bat etorriko diren kalitate eta erosotasun-estandarrak eskainiz eta mugikortasun-eskaintza hobetuz.

Lutxana eta Sondika bitartean egindako ibilbide laburrean, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, tren berriek batez ere erosotasunaren arloan ekarritako berrikuntzen inguruan jardun du lehendakariarekin.  Unitate bakoitza hiru kotxez osatzen da: bi kotxe motordun, gidatzeko kabina batekin, eta tarteko kotxe bat, atoi moduan. Lau kotxeraino ere heda daiteke, hiru kotxeon hasierako prestaziorik galdu gabe. Guztira 296 plaza izango dituzte; horietatik 100 (94), eserlekuarekin. Eserlekuak antibandalikoak dira, ergonomikoak, erosoak eta buru-euskarridunak. Horrez gain, diseinua optimizatu da, segurtasun-eskakizunei erantzun emateko eta hala aurreko eragin kasuan ondorioak gutxitzeko. Talken aurkako beira batek ikusbide eta babes handiagoa eskaintzen dizkio gidatzen duenari. Ateek harrapatzeen aurkako segurtasun-funtzio bat dute.

Euskotrenek CAFi esleitu zion EMU Serie 950 tren-serie berrien fabrikazioa, 2014ko ekainean, eta Bilbon Euskotrenek berak operatutako Metroaren 3. linearen zerbitzua abiarazteak eragingo duen eskariari erantzun emateko ere baliatuko dute serie berria. Datozen urteetan, Euskotrenek 28 unitate berri gehituko ditu. Eraikibidean den Bilboko Metroaren 3. linean zerbitzu emateaz gain, trenbide-ibilgailuak berritzeko aukera emango dute. Gehikuntzoi esker, 2016-2019 aldirako aurreikusitako ustiapen-premiei erantzungo zaie eta unitate zaharrenak ordezkatuko dira.

Entregak

Hogeita zortzi tren berriak modu mailakatuan erosiko dira, 2015eko azaroaren (lehen trena entregatu zeneko egunaren) eta 2020ko maiatzaren artean, azkenekoa orduan jasoko delarik. Entrega-erritmoa honako hau izango da: sei unitate aurten eta datorren urtean, eta bost unitate 2018, 2019 eta 2020an.  Unitateok fabrikatzeak eta martxan jartzeak 150 milioi euroko inbertsioa ekarri du.

Ekitaldian Euskotreneko langileek,  Bizkaiko Foru Aldundiko eta CAFeko ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzako kideek parte hartu dute. Urkulluk Garraio Jasangarriko Gidaplana 2020ari erreferentzia egin dio: Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den plan bat da eta idazketaren azken faseetan da. Planaren helburua da Euskadik 2020 bitartean izango dituen mugikortasun-premiei erantzun ematea, ikuspegi hauek barne hartuta: jasangarritasuna, garraio publikoaren merkatu-kuota goratzea, eskaintza koordinatzea eta tren bidezko garraioa lehenestea, errentagarriagoa baita alderdi sozioekonomikoari eta baita ingurumenari dagokienez ere, garraiobide jasangarriena denez.

Lehendakariaren arabera, «Eusko Jaurlaritzak trenbideen alde egindako apustuak Europako abangoardian dauden kalitate-, segurtasun- eta elkarreragintasun-estandar batzuekin beteko du Euskal Trenbide Sareak kudeatutako trenbide-sare berezkoaren garapena.  Geure trenbide-sarean egindako inbertsioaren erakusgarri da, adibidez, Metroaren 3. linea, zeinak Txorierri Bilboko hirigunearekin lotuko baitu, eta Lezamatik Hendaiarainoko sareari jarraitutasuna emango baitio. Baita Donostiako metro-igarobidea (Metro Donostialdea): berori eraikitzeko proiektua jada lizitatu da eta, lehen urrats gisa, nabarmengarria da Topoaren Altzako sarbidea zerbitzu ematen hasiko dela.

Euskadiko garraio-azpiegituren garapenari erreferentzia egitean, lehendakariak gogora ekarri du «Euskal Trenbide Sare berriaren (Euskal Y) Gipuzkoako adarra eraikitzeko, Y osoaren eta hiru hiriburuetarako sarbidearen kudeaketaren partaidetzarako, Sustapen Ministerioarekin batera jorratzen ari diren proposamen batzuk aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak»

«Eskumen gehiago gureganatu nahi ditugu gaur egun ADIF´ek kudeatzen dituen tren-azpiegituren kudeaketan. Hala, Eusko Jaurlaritzak hainbat alegazio egin zizkion Interes Orokorreko Trenbide Sarearen Katalogoari, Estatuko Gobernuaren esku uzten baitzituen gaur egun ADIF´ek kudeatutako linea guztiak. Eusko Jaurlaritzak negoziazio bidezko konponbide bat iristeko ahalegin ugari egin baditu ere, Estatuko Gobernuaren aldetiko itxikeriak Katalogo horri buruzko konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso bat aurkeztera behartu du Eusko Jaurlaritza. Espainiako gobernuaren argudioak zentzugabeak dira erabat: Eusko Jaurlaritzak gaur egun kudeatutako sareak argi uzten du, kalitate- eta elkarreragingarritasun-estandarrak dituela medio, Eusko Jaurlaritza gai dela, hala teknikoki nola kudeaketari dagokionez, gaur egun ADIF esku dagoen sarea administratzeko» adierazi du Urkulluk.

Ingurumen-konpromisoa

Lehendakariak azaldu duenez, Euskotren Europar Batasunak zehaztutako trenbide-esparru berrirako prestaketetan ari da. Hala, oso epe motzean, Estatuko sare osoan operatzeko lizentzia eta segurtasun-ziurtagiriak izango ditu Euskotrenek. Europako operadore izango da Euskotren, eta Euskadiko trenbide-sare osoan zerbitzu emateko prest egongo da, edozein direela ere sarearen kudeatzailea, bide-zabalera edota ezaugarriak. Ez dugu ahaztu behar, gainera, Gernikako Estatutuan xedatutakoaren arabera Eusko Jaurlaritzari dagokiola Euskal Autonomia Erkidego barruko trenbide-zerbitzuen gaineko eskumena. Jaurlaritzaren nahia, bada, Balmasedarako trenak, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldiriko trenak eta, etorkizunean, euskal Yaren gaineko hiru hiriburuen arteko Intercity zerbitzuak operatzea da, eta horretan ari gara lanean».

«Euskal herritarrek, oro har, irrikaz eta luze itxaron dute elkarreragingarritasuna, txartel bakar delakoa. Jaurlaritzaren ekimenez, Master Plan bat abiarazi zen, hiru txartelak –BAT, BARIK eta MUGI– Gasteiz eta Bilboko tranbietan eta Larreinetako funikularrean erabiltzeko aukera ematen duena. Ezarri zenetik, 200.000tik gora pertsona baliatu dituzte txartelak beren lurraldetik at. Hurrengo erronka txartelen elkarreragingarritasuna Euskotrenen Hendaia–Donostia–Bilbo–Bermeo linean eta Bilboko Metroan abiaraztea da» adierazi du Urkulluk.

Ana Oregi sailburuarekin eta Antonio Aiz sailburuordearekin batera, Euskotren´eko zuzendari nagusiak, Imanol Lezak, esan duenez: «Euskotren´en tren berriek inbertsio handia eragin dute; helburua da garraio publikoko eskaintzak egunetik egunera hobetzea, ez soilik Txorierri eta Bilbo artean, baita Euskadi osoan ere. Horien bitartez urrats handiak ematen ditugu Euskadik joan den Parisko goi-bileran, Europako herrialde aurreratuenen artean, isuriak murrizteko eta planeta zaintzeko ezarritako helburuak lortzeko bidean. Euskotrenentzat bereziki, lehentasun dira horiek ere, eta horren erakusgarri da Trenbideen Nazioarteko Batasunak (UIC), NBEren eskariz, sustatutako Ingurumen Erantzukizunari buruzko Adierazpenarekin bat egin duela Euskotrenek.

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2016.eko otsailak 17

    ¿Está en el ánimo del Gobierno que Euskotren opere a nivel estatal o europeo como empresa ferroviaria? Muy buena la noticia sobre la adquisición de estos trenes.

  • @Iigo16593410
    2016.eko otsailak 17

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [@euskotrenEJGV] Lehendakaria Txorierrin zerbitzua emango duten tren unitate berrien aurkezpenean izan da ➡ https://t.co/BHW0W

  • @josuandoni
    2016.eko otsailak 17

    Comentario de Twitter:
    #LOIU RT @Gob_eus: Lehendakaria #Txorierri n zerbitzua emango duten tren unitate berrien aurkezpenean izan da ➡ https://t.co/1rgRpMj8c9

  • @Gob_eus
    2016.eko otsailak 17

    Comentario de Twitter:
    @iurkullu: “Euskadi, en los lugares de cabeza en el diseño y gestión de la movilidad sostenible europea” ➡ https://t.co/vVcIl5tliT

  • @Gob_eus
    2016.eko otsailak 17

    Comentario de Twitter:
    [@euskotrenEJGV] Lehendakaria Txorierrin zerbitzua emango duten tren unitate berrien aurkezpenean izan da ➡ https://t.co/BHW0Wou6m4

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)