Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasuneko sailburuak Ondarroako ertzain-etxea eraberritzeko eta birmoldatzeko proiektu berria aurkeztu du; helburua herritarrei zerbitzua hurbiltzea eta arreta hobetzea da

2016.eko otsailak 17

2008ko atentatuaren ostean komisaria sendotu behar izan zen, aurrez zegoen hesiaren ordezko horma perimetral batekin

Segurtasuneko sailburuak, Estefanía Beltrán de Herediak, hedabideen aurrean aurkeztu du Ondarroako ertzain-etxea eraberritzeko proiektua, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagarekin, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Iñaki Gurtubairekin eta ertzain-etxeko buruekin batera. Eraikinaren ingurunea eta harreragunea zabalago eta atseginago egitea da proiektuaren xedea, herritarrei eskainitako arreta hurbiltzeko eta hobetzeko, non eta 2008ko atentatuaren ostean, segurtasun-arrazoiak tartean, horma perimetral batekin sendotu behar izan zuten eremu batean.

Hurbiltasuna Ertzaintzak herritarrei eskainitako zerbitzuaren oinarrizko balioetako bat da, eta Ertzaintzaren 2016 Horizontea Plan Estrategikoaren esparruan garatutako polizia eredua egituratzen duen ardatzetako bat.

2016 Horizontea Planean aurreikusitako hobekuntza-ekintza guztien artean, lantaldeetako batek gertutasunaren balioa garatu eta zehaztu du, bai eta herritarrei harrera egiteko eta arreta emateko guneek izan beharreko ezaugarriak ere, hala ertzain-etxeetarako nola herritarrentzako arreta-guneetarako. Eremu horien definizio berria arian-arian aplikatuko da zentroetan, adeitsuagoak, atseginagoak eta herritarrekiko komunikazio eta zerbitzuaren premiei irekiagoak izan daitezen.

«Ondarroako ertzain-etxearen kasuak agerian uzten duen moduan, eta mehatxupeko beste erakunde eta talde batzuk bezala, ETAren eraso terroristek autobabeseko neurri apartekoak hartzera behartu zuten Ertzaintza ere. Horrenbestez, eraikinen eta barruan jarduten zutenen segurtasuna lehenetsi zen, poliziak herritarrei eskainitako beste balio batzuen gainetik.  Ondarroako ertzain-etxea, argi eta garbi, horren erakusgarri da. Salbuespenezko neurriak hartu behar izan ziren, 2008an jasandako eraso terroristaren ostean beste eraso bat galarazten saiatzeko; orduan, ehun kilo lehergaiez kargatutako bonba-auto batek hamaika pertsona zauritu zituen» gogorarazi du Segurtasuneko sailburuak, Estefanía Beltrán de Herediak.

Gaur egungo testuinguruan, heldu dakioke Ondarroako ertzain-etxe sinbolikoa birmoldatzeko proiektuari, eta segurtasun zioak zirela medio babesmolde jakin bat hartu zuen eraikin eta zerbitzu bat ireki. «Proiektuaren helburua –jakinarazi du Segurtasuneko sailburuak– bikoitza da, zeren eta, batetik, partzela inguratzen duen horma perimetarala arindu nahi baita, irtenbide irekiagoarekin, eta, bestetik, herritarrei harrera- eta arreta-gunea gerturatu nahi baitzaizkie, bai eta hiri-bilbea ere, modu askoz ere zuzenagoan.

Bestalde, gune publikoa hobetzea da harrera eta arreta-gunea zabaldu eta birmoldatzearen xedea, zabalagoa, adeitsuagoa eta erosoagoa izan dadin, eta irisgarritasuna eta zerbitzua erraztuko duten elementu guztiak bil ditzan.

Gaur egungo partzela-itxituraren ordezkoa ere aurreikusi da proiektuan. Horretarako, egitura metaliko bat erabiliko da, eta irekiera maila aldakorra izango du bi fatxadetan, zer-nolako erabilera emango zaion eraikinari.

Proiektuak Plan Berezi bat izapidetzea eskatzen du. Iragan urtarrilean aurkeztu zen, Ondarroako Udalean. Eraikinaren birmoldaketak 365.111 euroko aurrekontua du eta lau hilabeteko epean egikarituko dela zenbatetsi da.

Aurretiaz, Ondarroako ertzain-etxeko Unitate Kontseiluan azladu dute proiektua, baita udalerriko alkateari ere.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2016.eko otsailak 17

    Comentario de Twitter:
    Ondarroako ertzain-etxea eraberritzeko eta birmoldatzeko proiektu berria; helburua herritarrei zerbitzua... https://t.co/PPdbbpPzIU

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)