Berriak Osasuna
Eu

Haur minbizidunen nazioarteko eguna

2016.eko otsailak 15
  • Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak bat egin du Haur Minbizidunen Nazioarteko Egunarekin
  • Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea eta Donostia Unibertsitate Ospitalea izango dira erreferentziako bi ospitaleak. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak Bizkaiko eta Arabako herritarrei eskainiko die zerbitzua; Donostia Unibertsitate Ospitalea, ordea, Gipuzkoako erreferentzia-zentroa izango da.
  • Haurren zainketa aringarriei dagokienez, eta berrantolaketa honen baitan, minbizi-kasu bat izan edo bestelako patologia-kasua bat izan, Osakidetzak Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko etxeko ospitalizazio pediatrikoaren zerbitzua izendatu du erreferentziako zentro gisa, gainerako unibertsitate-ospitaleetako (Araba, Basurtu eta Donostia) etxeko ospitalizazio-zerbitzuetarako.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak bat egin du Haur Minbizidunen Nazioarteko Egunarekin eta hainbat ekitaldi antolatu ditu gaixotasuna bistaratzeko. ASPANOVAS eta «La Cuadrilla del Hospi» elkarteek informazio-mahaiak paratuko dituzte ospitalearen sarreran, gaixotasunari buruzko informazioa emateko eta haur minbizidunei babesa adierazteko. Pazienteen solairuan, «La Princesa Calva» kolektiboko kideek pazienteak bisitatuko dituzte, ospitalea ilusioz betetzeko.

Dena dela, hori baino handiagoa da Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak gaixotasun hori jasaten duten haurrekin duen konpromisoa. Arreta-jarduera eraginkorragoa izateko ahaleginaz gain, aspaldi da hainbat prestazio eskaintzen dituela, tartean, tratua eta espazioak gizatiarragoak izatea, pazientea ahalduntzea eta haurren zein familien alderdi psikosozialak lantzea.

Hala, Ospitalearen elementu estrategikoetarik bat da pediatria gizatiartzea, eta, horretarako, dagoeneko bizikidetza-espazio berriak atondu ditu Haurren Onkologian, elkarteekin lankidetzan jarduteko ikuspegi berritzailearen emaitza dena. Esaterako, Irrikiclown elkartearekin egiten du lan, haurrak logeletan dibertitzeko. Aladina Fundazioak, berriz, babes psikoemozionala eskaintzen die paziente onkologikoei eta horien senideei, psiko-onkologa baten bitartez, eta ospitaleak eta fundazioak sinatutako hitzarmen bati esker. A3Media Fundazioaren «Poción de Héroes» kanpainako protagonisten egitekoa adin txikikoei kimioterapia-prozesuan laguntzea da, «superbotereak haurren esku utziz». Pablo Ugarte elkarteak onkologiako eguneko ospitalea margotu du indarraren eta ilusioaren kolorez eta Pequeño Deseoren helburua gaixotasun onkologikoa duten haurren ametsak betearaztea da.

Horrelako lankidetza eta jarduera gehiago egingo dira etorkizunean ere.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabaki du 14 urtetik beherako haurrentzako arreta onkologikoa bi zentrotan biltzea. Horren helburua da adingabeei eta haien familiartekoei eskaintzen zaien zerbitzuaren espezializazioa eta kalitatea areagotzea. Horrela bada, Haurren Minbiziaren Nazioarteko Eguna dela eta, Jon Darpón Osasuneko sailburuak zuzentzen duen Sailak iragarri du Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea eta Donostia Unibertsitate Ospitalea izango direla erreferentziako bi ospitaleak. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak (Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIn integratua dagoena) Bizkaiko eta Arabako herritarrei eskainiko die zerbitzua; Donostia Unibertsitate Ospitalea (Donostialdeako ESIn integratua dagoena), ordea, Gipuzkoako erreferentzia-zentroa izango da.

Haurren zainketa aringarriei dagokienez, eta berrantolaketa honen baitan, minbizi-kasu bat izan edo bestelako patologia-kasua bat izan, Osakidetzak Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko etxeko ospitalizazio pediatrikoaren zerbitzua izendatu du erreferentziako zentro gisa, gainerako unibertsitate-ospitaleetako (Araba, Basurtu eta Donostia) etxeko ospitalizazio-zerbitzuetarako; izan ere, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean espezializazio bat dago haurrentzako eta nerabeentzako zainketa aringarrietan, pazienteei eta familiei babesa emateko gaixotasunaren fase guztietan.

Tumoreak dira haurren hirugarren heriotza-kausa (0 – 14 urte) eta adin-talde horren heriotza-tasaren % 13 da. Haurren minbizia ohikoagoa da lehenengo bizi-urteetan eta tumorerik ohikoenak entzefalokoak edo garunekoak dira, leuzemiak eta gongoil linfatikoak. Gaur egun, biziraupena % 75-% 80 bitartekoa da, tumore motaren arabera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko