Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Gustoko azokaren 1go edizioak landa eta itsasertz ingurunea hirira hurbildu du

2016.eko otsailak 12

Asteburu honetan Gustoko azoka egingo da BECen. Azokak kalitatea, ekoizpen iraunkorra, eskulangintza eta egitea eta dastatzea gustuko dutenak ditu oinarrian, elikadurari lotuta gizarteak dituen premia berriei erantzuteko helburuarekin.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Bittor Orozek, inauguratu du azoka, Jean Pierre Raynaud Akitaniako sailbururarekin eta Gianni Fava, Lombardiako sailburuarekin.

Gustoko BECek antolatutako azoka da eta Akitania-Euskadi Euroeskualdea sustatzaile du. Frantziako Akitania eskualdeko ekoizle, erakunde eta erosle profesional ugari ere egongo da azokan bertako nekazaritzaren eta gastronomiaren produktuak eskainiko dituztela.
Italiako Lombardia eskualdea izango da Gustoko azokaren edizio honetara gonbidatuko den eskualdea; izan ere, hori adostu zen urrian, nekazaritzako elikagaien alorrean liderrak diren eskualdeen arteko sare bat bultzatzeko asmoz, Euskadiren eta Lombardiaren artean izenpetu zen akordioan.

Gustokok erakusketarako eta salmenta zuzenerako gune zabal bat izango du, eta bertako ekoizleek, produktuen lanketa eta jatorria zaintzen duten horiek, bere produktu autoktonoak eta kalitatekoak ikusgai jarriko dituzte. Erakusketarien artean, olioa, edariak (ardoa, likoreak, ura, sagardoa, kafeak eta teak), kontserbak, haragiak eta hestebeteak, esnekiak, arrainak eta itsaskiak, erdikontserbak eta ketuak, izoztuak, izozkiak, barazkiak, frutak eta lekaleak, delicatessen produktuak, gozogintzako produktuak eta gozoak erakusten dituztenak egongo dira, besteak beste.

Gustoko azokara doanak egiaztatutako kalitatea duten produktuak aurkitu ditzake, esaterako, Eusko Labelek eta Euskal Baserrik egiaztatutakoak edo Jatorri Izendapena duten produktuak; era berean, hainbat produkturen ibilbideak ere ikusteko aukera izango du, esaterako, Pirinioetako- Done Jakue Bideko gazten ibilbidea, Arabako Errioxako ardoen ibilbidea edo Rias Baixaseko ardoen eta Txakolinaren ibilbidea.

NIREA programak, zeinak Euskadiko lehen sektorea suspertzen eta landaguneak eta itsasertza biziberritzen laguntzen duen, Gustoko azokaren bisitarientzako gune bat prestatu du, beraien partaidetza eta sentsibilizazioa lortzeko. Bertan, halaber, bisitariek elkarrizketarako eta interakziorako gune bat aurkituko dute, non gure lurraren eta itsasoaren iragana, oraina eta etorkizuna eta ekoizle eta produktuekin duten harremana ezagutu ahal izango duten. Pertsona nagusiek txikienekin elkartzeko lekua izango da, ingurune biziago eta berezkoago batekiko harremanak tarteko.

Gustoko azokaren edizio hau bereziki aberasgarria izango da publiko profesionalarentzat. Denda espezializatu txikientzat zein saltoki handientzat, denentzat izango da aberasgarria; izan ere, denek gero eta gehiago egiten dute bertako produktuen alde, eta azokak enpresa parte hartzaileekin zuzenean negozioa egiteko bide berriak eskainiko dizkie. Horrez gain, azoka egiten den bitartean hitzaldiak, formaziorako eta informaziorako jardunaldiak eta dastaketak ere egingo dira, non elikaduraren munduko profesional adituek dakitena elkarrekin partekatuko duten.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)