Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritza Europako energia eta altzairugintzaren egoera aztertzeko konferentzian izango da, komisarioarekin eta ministroekin batera

2016.eko otsailak 12

Eusko Jaurlaritza Europako energia eta altzairugintzaren egoera aztertzeko konferentzian izango da, komisarioarekin eta ministroekin batera

  • Konferentzia «goi-mailakoa» izango da; aditu, enpresa eta erakundeetako ordezkariak joango dira Bruselara.

 

  • Eusko Jaurlaritzak Soria ministroaren utzikeria salatu du, baita euskal industriaren alde ezer egin ez izana ere.

 

  • Tapia sailburua idatziz zuzendu zaie Energia, Industria eta Merkataritzaren ardura duten komisarioei eta Europan altzairugintzak bizi duen egoera latzaren aurkako neurriak azkartzeko eskatu die.

 

  • Oso balorazio positiboa egin du Bruselan dumpingaren aurka gaur hasi duten ikerketari buruz. Ikertzen ari diren produktuak Sestaoko ACB enpresan eragina izan lezake.

 

Datorren astelehenean (otsailak 15) Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, Arantxa Tapia, goi-mailako konferentzia batean izango da. Barne-merkatu, industria, ekintzailetza eta ETEen Batzordeak antolatu du bilkura, eta bertan aztertuko dute zer-nolako eragina duen energiak kontsumitzaile intentsiboak diren industrien gain, Europako altzairutegiek bizi duten egoera zailaren testuinguruan.

Konferentzia horretan adituek eta enpresen ordezkariek hartuko dute parte, baita Herbehereetako, Erresuma Batuko eta Frantziako industria-ministroek ere. Industriako komisarioak berak, Elzbieta Bienkowskak, emango dio amaiera bilerari.

Eusko Jaurlaritzak dioenez, «konferentzia honetan, eta euskal industriarentzat hain garrantzitsua den une batean, sakonean aztertuko dira altzairugintza-sektorearen arazoak. Horrexegatik, badira nahitaez joan beharreko bilerak, eta gaitzesten dugu Soria ministroa bertara ez joatea. Argi eta garbi utzi du sentsibilitate gutxi duela industriarekiko, oro har, baita altzairugintza gaur egun sufritzen ari den egoerarekiko ere».

Konferentzian gertatukoak agerian uzten du zergatik den garrantzitsua Euskadik bere ahotsa izatea Europan; izan ere, onartutako eta baimendutako ordezkariak uko egiten dio bileran parte hartzeko aukerari. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak ez dauka beste aukerarik, azken momentura arte gure interesak eta eskaerak entzunarazteko modua bilatzea baino».

Era berean, azken egun hauetan Eusko Jaurlaritzak gutun bana igorri die Klima eta Energiaren Komisario Miguel Arias Cañeteri; Merkataritzaren Komisario Cecilia Malmstromi eta Barne Merkatu, Industria, Ekintzailetza eta ETEen Komisarioari; hiru horiek dira, hain zuzen ere, altzairutegiek dituzten arazoei erantzuna emateko egoeran dauden komisarioak.

Gutun horretan, Eusko Jaurlaritzak «EEri eskatzen dio EBk merkataritza defendatzeko dituen tresna guztiak erabiltzeko, bai altzairugintzari eragiten dion merkataritza desleialaren kontra egiteko, bai gure industriaren lehiakortasuna bultzatzeko ere».

Era berean, Eusko Jaurlaritzak dioenez, «EB ezin da ezer egin gabe geratu» eta Euskadiren kasuan «mehatxua ez da industria-jarduera baten kontrakoa bakarrik, baita etorkizuneko inbertsioen gainekoa ere». Hori dela-eta, eskatu egiten die «energia-kontsumo intentsiboko industrien kostuak Europa mailan berdintzera egingo duten neurriak hartzeko».

 

ACBri eragiten dion produktu baten dumping-aren aurkako ikerketa

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritza pozik agertu da gaur goizean Europako Batzordeak egin duen iragarpenarekin. Dumpingaren aurkako hiru ikerketa martxan jarri dituzte, eta ikertzen ari diren kasuetako batek  harreman estua du Sestaoko ACBri zuzenean eragiten dion bobina-motarekin («hot-roler flat Steel»). «Horrela jakinarazi digu Europako Batzordeak berak, urtarrilaren 27an esan baikenien ACBrentzat oso garrantzitsua zela ikerketa hori lehenbailehen abiaraztea».

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)