Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskararen erabilera areagotzeko eta sendotzeko hiztegi berriak aurkeztu ditu

2016.eko otsailak 11

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskararen erabilera areagotzeko eta sendotzeko hiztegi berriak aurkeztu ditu gaur goizean Donostian. Ekitaldian, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikaz gain, Jokin Azkuek, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, Xabier Legarretak, Kontsumobideko zuzendariak, Xabier Balerdik, Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko ordezkariak, Iñaki Laskurainek, Euskadiko Errugbi Federazioko lehendakariak, Olatz Osak, Elkar Argitaletxeko zuzendariak, Josu Aztiriak, Elhuyar Fundazioko ordezkariak, Eneko Oregik, IVAPeko Euskara zuzendariordeak eta Araceli Díaz de Lezanak, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren Hizkuntza Plangintzako arduradunak, parte hartu dute.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eginkizun nagusietako bat da euskararen erabilera areagotzeko neurri eta ekimenak martxan jartzea. Noski, hizkuntzaren erabilera handitzeko bide horretan, erreminta paregabeak dira Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak).

Gaur goizean aurkeztu diren hiztegi berriak Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Agenda Estrategikoan (2013-2016) aurreikusitako konpromiso bati erantzutera datoz. Izan ere, Euskararen Agenda Estrategikoan 13 lan-ildo eta 168 ekintza definitu ziren. 13 lan ildo horietako bat zuzen zuzenean lotuta dago IKTekin. 168 ekintza horietako batek, 3.11 atalean, honako hauxe dio: ““Hiztegi elektronikoak, hiztegien pluginak, corpusak, hiztegi entziklopedikoak, itzulpengintzari laguntzeko tresnak, itzultzaile automatikoa eta bestelako tresnak sarean erabiltzaileen eskura jartzen jarraitzea”.

Hiztegi berriak

Aurkeztu diren hiztegi guztiak on line kontsultatu daitezke EUSKARA webgunean (www.euskara.euskadi.eus).

Bi hiztegi elebidun aurkeztu dira:

-       Lehenengoa, Elhuyar hiztegiaren on line bertsio eguneratua izan da. Hiztegi hau 2000. urtetik kontsultatu daiteke EUSKARA webgunean.

-       Bigarrena, alemana-euskara/euskara-alemana hiztegia izan da. Elkar Argitaletxeak paperezko formatuan kaleratu zuen 2006. urtean. Gaurtik aurrera, ordea, on line dago kontsultagai.

Bi hiztegi orokor horiez gain, Euskararen Aholku Batzordearen barruan dagoen Terminologia Batzordeak onartutako sei hiztegi terminologiko argitaratu berriak aurkeztu dira (martxan jarri zenetik, hau da 2002tik, Terminologia Batzordeak 52 hiztegi terminologiko onartu ditu). Hauek dira sei hiztegi terminologikoak, arloka sailkatuta:

-       Hizkuntza-paisaian, Merkataritza eta Kontsumoaren arloan:

  • Merkataritza eta Marketina Hiztegia
  • Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsa Hiztegia

-       Kirolaren arloan:

  • Errugbi Hiztegia
  • Mendizaletasuna Hiztegia

-       Herri-administrazioa eta Zuzenbide arloan:

  • Herri-ogasuna Hiztegia
  • Prozedura Kriminala Hiztegia

Aurkezpenean, hiztegi terminologiko horiek erabiliko dituzten erabiltzaileen ordezkari adituek parte hartu dute eta, bakoitzaren alorrean, terminologia berezitu hori euskaraz normalizatua izateak duen garrantzia azpimarratu dute.

Azkenik, Terminologia Batzordeak onartutako lan berezi bat ere aurkeztu da: ‘Hizketa-ereduak/Modelos de conversación’. Lan horrek hainbat egoeratarako elkarrizketa-ereduak eskaintzen ditu eta euskaratik nahiz gaztelaniatik kontsulta daiteke. Argitalpen hori oso erabilgarria izango da euskara ikasten ari direnentzat.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak adierazi du: “Hemen aurkeztuko dizkizuegun tresna hauek Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Agenda Estrategikoan hitzez hitz aurreikusitako konpromiso bat betetzera datoz. Hain juxtu, Euskararen Agenda Estrategikoan jasotzen dira, Eusko Jaurlaritzak 2013-2016 aldirako, euskara biziberritzearen alde aurrera eraman behar dituen ekintzak eta jarduera nagusiak; batzuek jadanik burutuak eta beste batzuk burutze bidean daudenak”

Eta gehitu du: “Euskararen Agenda Estrategikoak (2013 – 2016) duen izenburua oso esanguratsua da: “euskara, bizikidetzarako hizkuntza bizia”. Bizikidetza dugu helburu. Eta euskara, ez edonolako hizkuntza izatea, hizkuntza bizia izatea baizik. Komunikazio-hizkuntza ohikoa izatea da euskararentzako bilatzen dugun etorkizuna. Komunikaziorako erabilia izatea da hizkuntza bizia izateko ezinbesteko baldintza. Dagoeneko ondo dakigunez, hiztun izateko, hizkuntza bat erabiltzeko, ez da nahikoa nahi izatea; gainera, besteak beste beharrezkoa da, hiztuna hizkuntza horrekin komunikaziorako eroso sentitzea. Adierazi nahi den hura adierazteko hitzak eta termino egokiak eskura izatea. Horretarako lagungarri dira gaur hemen aurkeztu ditugun bederatzi produktuak”.

Josu Aztiriak Elhuyar fundazioaren izenean hitz egin du: “Elhuyar hiztegia erabiltzen duten erabiltzaileen %98ak erantzun egokia aurkitzen du gure hiztegian”.

Olatz Osak, Elkar Argitaletxeko zuzendariak, esan du: “Gure helburua da, zubi hizkuntzarik erabili gabe, erabiltzaileak zuzenean euskaratik alemanierara edota alemanieratik euskarara jardun ahal izatea”.

Kontsumobideko zuzendari Xabier Legarretak esan du: “Ziur naiz hiztegi hau kontsumo harremanetan dihardugun kontsumitzaile, saltoki eta enpresen oinarrizko hizkuntza premiak asetzeko baliagarri izango dela”.

Iñaki Laskurainek esan du: “Guretzako hiztegi hau oso inportantea da. Orain errazago izango zaigu euskaraz irakastea”.

Justizia Saileko ordezkari Xabier Balerdik esan du: “Lan hau ez da hemen geratu behar. Ez du interneteko esteka batean geratu behar. Epaitegietara joaten garenean, lurrera jaisten garenean, oso gutxi erabiltzen ditugu. Etekina atera behar diogu lan honi eta egiten ditugun beste askori”.

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @HombreyLeyenda
    2016.eko otsailak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [#EUSKARA SUSTATZEA] Euskararen erabilera areagotzeko eta sendotzeko hiztegi berriak aurkeztu dira ➡ https://t.co/tgDaJKDfcL

  • @capelastegui
    2016.eko otsailak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [#EUSKARA SUSTATZEA] Euskararen erabilera areagotzeko eta sendotzeko hiztegi berriak aurkeztu dira ➡ https://t.co/tgDaJKDfcL

  • @GoYiTa250
    2016.eko otsailak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [#EUSKARA SUSTATZEA] Euskararen erabilera areagotzeko eta sendotzeko hiztegi berriak aurkeztu dira ➡ https://t.co/tgDaJKDfcL

  • @maiidertxo
    2016.eko otsailak 11

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [#EUSKARA SUSTATZEA] Euskararen erabilera areagotzeko eta sendotzeko hiztegi berriak aurkeztu dira ➡ https://t.co/tgDaJKDfcL

  • @SeveZubiri
    2016.eko otsailak 11

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [#EUSKARA SUSTATZEA] Euskararen erabilera areagotzeko eta sendotzeko hiztegi berriak aurkeztu dira ➡ https://t.co/tgDaJKDfcL

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Eneko Oregi (IVAP),Xabier Balerdi (Justizia); Iñaki Laskurain (Rugbi Federazioa), Olatz Osa (Elkar), Josu Aztiria (Elhuyar), Araceli Diaz de Lezana (Hizkuntza Politika