Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Irunek energia-eraginkortasunari eta energia aurrezteari begirako energia-politika sustatuko du, Alkateen Itunarekin bat eginda

2010.eko irailak 09
  • Itunak udalen konpromisoa eskatzen du, energia-eraginkortasun eta energiaren aurrezpen maila handiak lortzeari begira.
  • Bilbo, Donostia, Gasteiz, Areatza eta Irungo udalak dira Alkateen Itunarekin bat egindakoak orain arte Euskadin.
  • Guztira, Europako 1.900 hiri baino gehiago ari dira egitasmoa garatzen.


Irun, 2010eko irailaren 9a. Irungo Udaleko alkate Juan Antonio Santanok sinatu du atxikimendu-dokumentua, eta, beraz, Europar Batzordearen ekimena den Alkateen Itunarekin bat egin du Irungo Udalak, energia aurrezteko eta eraginkortasuna hobetzeko konpromisoa hartuz. Hala, Euskadin, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) zuzentzen duen egitasmoaren helburuak betetzen saiatuko da, hau da, 20-20-20 deritzon xedea lortzen edo gainditzen ahaleginduko da.

Burututako gogoeta estrategiko sakonaren ondoren, energia politika modu egokian kudeatzeko eta energia-iturri berriztagarriak garatzeko xedez, Alkateen Itunak eskaintzen eta eskatzen dituen abantailak eta konpromisoak aztertuta, Irungo Udalak erabaki du Itunarekin bat egitea. Hain justu ere, Irungo Udalak tradizio handia du alor horretan, aspalditik ari baita pausoak ematen energia-eraginkortasuna hobetzen eta energia-kontsumoa murrizten, eta ondorioz, udalerriaren energia egoera hobetzen.

Alkateen Ituna Europar Batzordeak abiarazi zuen ekimena da. Hain zuzen ere, Europar Batasunaren erakunde hori klima aldaketari aurre egiteko jardunaren liderra da mundu mailan, lehentasun nagusienetakoa baita erakundearentzat. Izan ere, asmo handiko helburuak ditu 2020. urteari begira, 20-20-20 zifrekin adierazita, EBn Ekintza Klimatikoaren eta Energia Berriztagarrien alorreko neurri eta helburuen barruan. Hala, EBko estatu kideek konpromisoa hartu dute euren CO2 emisioak gutxienez %20 murrizteko 2020 urterako.

Aipatutako helburu horiek lotzeko asmoz, Alkateen Ituna sinatzen duten udalek borondatezko konpromisoa hartu behar dute alor batzuetan; izan ere, 2020 urterako Europar Batasunak ezarritako helburuetatik haratago joan nahi dute. Hartara, CO2 emisioak gutxienez %20 murrizteko konpromisoa hartzen dute. Horretarako, energia-eraginkortasuna %20 hobetu eta energia-eskariaren %20 energia berriztagarrien bitartez ase edo beteko dute.

Azken batean, energia iraunkorraren aldeko politikari bultzada eman nahi dio Alkateen Itunak. Hori horrela, Irungo Udalak, ekimenarekin bat egindako Euskadiko beste udal batzuekin eta Europako 1.900 hirirekin batera, iraunkortasunaren aldeko energia-politika sustatuko du.

Alkateen Itunera atxiki berri den Irungo Udalak, energia-kontsumoa gutxitzeari begira, konpromisoa hartzen du hainbat ekintza aurrera eramateko. Horretarako, honako jarduera hauek garatuko ditu:

1. Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Planaren oinarri gisa, erreferentzia emisioen inbentarioa egitea.
2. Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Plana aurkeztea urtebeteko epean, Alkateen Ituna sinatzen duten egunetik kontatzen hasita.
3. Udalaren egiturak egokitzea, garatu beharreko ekintzak modu egokian egiteko, nahiko giza baliabideak hautatuz, besteak beste.
4. Ekintza Planaren garapenean parte hartzeko asmoz, tokian tokiko lurralde esparruetan gizarte zibila mobilizatzea.
5. Jarraipen txostena aurkeztea, Ekintza Planaren ebaluazioa, jarraipena eta kontrola egitea xedea duen txostena bi urtez behin, gutxienez, idatzi eta aurkeztea.
6. "Energiaren Eguna" edo "Alkateen Itunaren Eguna" antolatzea, Europar Batzordearekin eta interesatuta leudekeen beste erakunde batzuekin elkarlanean, energiaren erabilera adimendunak herritarrei dakarzkien onurak eta aukerak zehazki azaltzeko.

Euskadin, orain arte, bost udalek bat egin dute Itunarekin; horien artean, EAEko hiru hiriburuetako udalak daude. Hala, ekimen horrek datozen urteetan antolatuko dituen ekintzetan parte hartu ahal izango du Euskadiko biztanleen %40k baino gehiagok.

Europar Batzordearen laguntza egitura gisa Euskadin, Energiaren Euskal Erakundeak laguntza eta aholkularitza teknikoa ematen dizkie Itunarekin bat egindako udalei, ekintza plan zehatzak aurrera eramateko. Hartara, energia-kontsumoa gutxitu eta energia-iturri berriztagarriak erabili ahal izango dute udalek. Era berean, ahalik eta udal gehienen atxikimendua edo konpromisoa bilatzen ari da EEE, Alkateen Ituna sinatzeko asmotan. Era horretan, dagoeneko ekimenarekin bat egindako Europako 1.900 herri eta hirirekin batera arituko dira euskal udalak. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Xabier Garmendia, Industria eta Energia sailburuordea