Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Extranet berria, Euskadiko 40 udalerritan 52 egoitza dituen Itourbask - Turismo Bulegoen Euskal Sarearen azkartasuna eta lehiakortasuna hobetzeko

2016.eko otsailak 12
  • · Eusko Jaurlaritzak bere turismo-bulegoen sare guztiari informazio azkarra eta osoa emateko tresna berri bat aurkeztu du; batetik, Euskadi Basque Country destinoari buruzko informazioa emango du, bestetik, milioika bisitari artatzen dituztenen eguneroko lanerako baliabideei buruzkoa.

Eusko Jaurlaritzak Itourbask sarearen (Turismo Bulegoen Euskal Sarea) extranet berria aurkeztu du Gasteizen. Haren bitartez, Euskadiko 40 udalerritan dauden 52 egoitzetako jarduna hobetuko dute. Urtetik urtera bisitari gehiago artatzen dituzte sareko langileek. Zehazki, 2015ean, 1.799.954 bisitariri eman zioten informazioa; hau da, % 9 gehiagori.

Helburu nagusia kalitateko informazio turistikoko zerbitzu bat eskaintzea da: homogeneoa, estandarizatua, eta toki- nahiz lurralde-esparrutik haragoko informazio turistikoa, herrialde osoko baliabide turistikoei buruzkoa ere, emateko gai dena. Edozein bulegok Euskadiko edozein lekuri buruzko informazioa eman dezake.

Extranet berriari esker, Euskadiko turismo-informazioko bulegoen sare guztiari emango zaizkio eguneroko lana bizkor bete ahal izateko informazio eta baliabideak.

Proiektuaren ekarpen berritzaileen hau da: hainbat gizarte-kanalen eta bulego-sare horrexen bitartez elikatutako informazio-eskaintza sinplifikatzen duela. Extranet berriak puntu bakar batean biltzen ditu hala Twitterreko eta Facebookeko albisteak nola Itourbask sare guztiarenak; horrenbestez, ikuspegi etengabe eguneratua ematen du Euskadiko jarduera turistikoari dagokionez.

Horrez gain, sare osoko profesional guztiak lotzen ditu, bulego artean komunikatzeko aukera ere emanik, dela iruzkinen bitartez, dela albiste nahiz ekitaldiak jendarteratuz.

Etorkizunak ekar litzakeen premiak aintzat hartuta garatu dute aplikazioa, metodologia moderno eta jasangarriak, % 100ean Open Source eta hedagarriak, erabilita. Diseinua tabletetan erabiltzeko prestatu dute.

Tresna berriak etorkizuneko bulegoaren kontzeptua ekarri du Itourbaskeko bulegoetara, Euskadi helmuga adimendunago bihurtuta.

  • Liburuxken aplikazioa aldatu da gehien. Sistema berrian duen kokaguneari esker, alderdi eta funtzionalitateak eguneratu dira, eta orain argiagoak eta arinagoak dira.
  • Inkestak egiteko aplikazioa –funtsezko alderdi bat, urtero milaka bisitariren iritzi eta iradokizunak biltzen dituzten bulegoen lanean–, ere aldatu da, gaur egungo merkatuarekin akortago dagoen estetika bati erantzuteko. Itxura hobetu du, funtzionalitaterik galdu gabe.
  • Hobekuntza aipagarri gisa, halaber, nabarmentzekoa da responsive diseinu bat sartu dela, pantaila txikiagoko gailuetan ere erabiltzeko moduan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)