Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak, Spri-ren bidez, atzerriko 22 inbertsio berri erakarri zituen 2015ean

2016-02-10
  • “Invest in Basque Country” unitateak laukoiztu egin zituen aurreko urteko emaitzak
  • Beraz, 137,05 milioi euroko inbertsioa lortu da eta 608 lanpostu berri sortu eta 1.027 mantendu dira

2015ean 22 proiektu industrial berrik Euskadin inbertitu dute, Invest in the Basque Country-k (IBC), atzerriko zuzeneko inbertsioak (AZI) atzeman eta atxikitzea helburu duen SPRIren unitate bereziak eginiko lanari esker. Horrela beraz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ekimen horren bitartez, lau aldiz baino gehiago biderkatu da aurreko urtean lorturiko bost inbertsioen kopurua.

Horrenbestez, unitate horren eskutik, 2015ean atzerriko 22 enpresak Euskadi aukeratu zuten, 137,05 milioi euroko balioa duten inbertsio berriak egiteko. Horri esker, 608 lanpostu berri sortu dira eta 1.027ri eutsi zaie. Urtebete lehenago, SPRIren atal honek 5 proiektu eskuratu zituen, 15 milioiko inbertsioa lortu zen, eta 175 lanpostu sortu eta 200 lanposturi eutsi zitzaien.

Euskadin atzerriko inbertsioak atzematea da Eusko Jaurlaritzak bere industria eta garapen ekonomikoaren arloan historikoki landu duen ildo estrategikoetako bat, eta hori beti SPRIren eginkizunen artean kokatu izan da. Hala ere, legealdi honetan indartu da lan-ildo hori, 2013an erabilitako metodologiaren inguruko hausnarketa baten ondorioz, eta landuriko proiektuen kopurua nahiz “atzemandako” enpresen kopurua emendatu egin dira.

Invest in BC estrategia indartu zenetik, soilik bi urtetan atzerriko 27 inbertsio erakarri dira, 152,05 milioiko inbertsioa lortu da, 783 lanpostu berri sortu dira eta 1.227 lanposturi eutsi zaie.

Invest in BC unitatea

IBCren estrategiaren xedea da Euskadi Europako Hegoaldeko erreferentziazko gune gisa kokatzea, AZIak beren hobi nagusietan atzemateko.

Helburua da AZIak egungo tokiko inbertsioen faktore osagarri gisa aitortzea, Euskadin jarduera ekonomiko berriak abian jartzeko orduan. Inbertsioak erakarriz indartu eta osatu egiten dira euskal estrategia eta politikek aberastasuna, enplegua eta aurrerapen soziala modu iraunkorrean sortzeko mugitzen dituzten baliabideak.

Invest in BC lagungarri da Euskadi Europako Hegoaldeko kokagune onena izan dadin jarduera berritzaile eta balio erantsi handikoentzat, batez ere energiaren sektorearekin eta fabrikazio aurreratuko soluzioak ezartzearekin loturiko arloetan.

After care, dagoena mantendu eta zaintzeko

Inbertsio berriak erakartzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren Invest estrategia horrek funtsezko egitekoa dauka indarrean dauden inbertsioak mantendu eta Euskadin jada inbertitu duten eta inbertitzen jarraitzen duten enpresei arreta eman eta zaintzeko orduan. “After care” deritzo horri.

Euskadin atzerriko kapitala duten 700 enpresa inguru daude, horietatik 350 gure ekonomiarentzat lehentasunezko diren esparruak lantzen dituzten sektoreetakoak eta RIS3 Espezializazio Adimendunaren Estrategiarekin lerrokatuak, hala nola energia, automobilgintza eta aeronautika. Eginiko inbertsioak “zaintzeko” estrategian, jarraipena eta egiaztapena egiteko bisiten egutegi bat eramaten da, enpresen egoera eta bilakaera ezagutzeko, eta, hori horrela, 2015ean enpresa horietako 28 bisitatu ziren.

Inbertsio berriak

Invest in the Basque Country (IBC) unitateak 22 inbertsio berri lortu ahal izateko, 72 proiektu kudeatu behar izan dira. Lan zaila da: munduan barrena balizko inbertitzaileak bilatu, munduko beste herrialde eta eskualdeetako agentziekin lehian aritu eta Euskadin ditugun tresna guztiak koordinatu, inbertitzaile horrek gure lurraldean inbertitzea erabaki dezan. Dagoen lehia izugarriaren adierazgarri da munduan gehiago direla inbertsioak “erakartzen” dituzten agentziak proiektu inbertitzaileak baino.

IBCk mundu osoan ditu zabalduta inbertsioak eskuratzeko antenak. Hasteko, SPRIren beraren kanpo-sarearen bulegoak eta SPRIren IBC unitateko kideak eurak; era berean, atzerriko abokatu-bulegoak, enbaxadak, kontsuletxeak edo Invest in Spain bera (ICEXen barne dagoena), zeinaren Euskadiko ordezkaria baita IBC.

Non eta nondik

Aipaturiko 22 proiektuetatik, 13 Bizkaian kokatu dira, 5 Araban eta 4 Gipuzkoan. Proiektu horien helburu nagusia izan da ekoizpen-plantak garatzea eta enpresetako I+G+B unitateak sortzea.

AZIentzat Euskadik dituen abantailak dira merkatu edo bezero interesgarriekiko gertutasuna eta gure herrialdean dagoen industria-ingurunea.

Inbertsio horien jatorrizko herrialdeak Estatu Batuak, Alemania eta Frantzia izan dira, eta negozio-sektore nabarmenenak automobilgintza, energia, aeronautika eta EIKTak (elektronika, informazio eta komunikazio teknologiak).

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @gananzia
    2016-02-10

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco, a través de Spri, atrajo 22 nuevas inversiones extranjeras en 2015 https://t.co/YmGjFD7M8Q

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)