Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

EITBrekin kontratu programa berria 2016-2019 aldirako (Gobernu Bilera 2016-02-09)

2016.eko otsailak 09

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2016-2019 aldirako EiTB erakundearen kontratu programa berria onartu du. Dokumentu honetan, EiTBri esleitzen zaion zerbitzu publikoko misioaren edukiak definitzen dira, eta finantziaziorako jarraibideak ezartzen.

Kontratu programak EiTBk eskaintzen duen zerbitzu publikoaren deskribapena zehazten du, eta  honako beste arlo hauek jasotzen ditu: zerbitzu horiek eskaintzeko hartzen dituen konpromisoak, EiTBk eta bere elkarteek bete beharreko helburu eta jarduerak, Eusko Jaurlaritzak erakunde honen finantziaziorekiko dituen konpromisoak, eta exekuzioaren kontrolerako mekanismoak. Konpromiso zehatzak eta hauen jarraipena egin nahiz betetze maila ezagutzeko adierazleak jasotzen dituen finantziazio-formula da.

Hori guztia oinarri hartuta, kontratu programak zerbitzu publikoaren kontzeptuan egiten du azpimarra, zerbitzu horren misioak zeintzuk diren azalduz:

.- Kalitatezko informazioa bermatzea, errealitatea zintzo islatuko duten edukiekin, erreferentziazko informazio-iturrietan kontrastatua eta profesional talde batek landua. Profesional hauen jarduna, halaber, egia, askatasuna, pluraltasuna eta giza eskubideak defendatzera bideratua izango da.

.- Euskara eta gizarte gero eta elebidunago bat sustatzea. EiTBk, eremu sozial ezberdinetan euskaraz egin eta garatutako edukien, sorkuntza lanen eta jardueren difusioa sustatuko du. Bere emisioetan errealitate sozial elebiduna islatuko du, eta elebitasunaren balioa agerian jartzeko lana egingo du, gizartean ekitatea, kohesioa eta modernitatea sortzeko elementu gisa.

.- EiTBk euskal kulturaren zabalkundearekin eta kirolaren sustapenarekin duen konpromisoa ere jasotzen du kontratu programak. Kirolaren sustapenari dagokionez, komunikazio taldeko medio ezberdinetan sustapenak izan beharreko adierazle zehatzak ere jasotzen ditu.

.- Ikus-entzunezko industria sustatzea, gizartearentzako ekarri ekonomiko eta kulturalak sortaraziz itzuleran.

.- Kohesio sozialerako plataforma izatea.

.- Herritar guztientzako informazio-gizartea sustatzea

.- Euskal erakundeek onartutako Bake eta Bizikidetza Planarekiko konpromisoz jokatzea

.- Normalizaziorako eta aurrerabiderako erakunde planen garapenean parte hartzea. Hala nola, Emakume eta gizonen arteko Berdintasun Planetan, Ingurumen Planetan, Ekonomia suspertzeko Planetan, Enplegu edo Ikerketa planetan.

.- Aplikatu beharreko printzipiotzat hartzea Gobernu arduratsua, enpresa-gardentasuna eta gizartearen parte hartzea.

EiTBrekin harturiko konpromisoei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak konpromiso horiekin bat datorren finantziazioa aurreikusi du:

Horrela, kontratu programa berriak EiTB erakundearen ustiapenerako ondorengo lau urteetarako aurrekontua jasotzen du; 115,7 milioi 2016 urterako, 116,7 milioi 2017rako, 119,1 milioi 2018rako eta 121,6 milioi 2019an. Diru-kopuru hauen helburua honako hau da:  taldeak publizitate salmentatik nahiz kudeaketatik eskura ditzakeen diru-sarreren eta EiTBri eskatzen zaion zerbitzu publikoko zereginean sortutako gastuen arteko desberdintasuna orekatzea.

Bestalde, erakunde publikoari ezartzen zaizkion helburuak betetzeko beharrezko duen egonkortasuna emateaz gain, kontratu programa berriak telebista, irrati eta internet bidez euskaraz nahiz gaztelaniaz ari den Irrati-telebista publikoaren zerbitzua ere definitzen du: jeneralista; askotariko programazio orekatua duena; jasangarria, finantziazio publikoa eta diru-sarrera osagarriekin; eta arduratsua, kudeaketa gardena eginez bere gobernu-organoen eta gizartearen aurrean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau