Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskadiko Dokumentu-Ondarearen eta Artxiboen Sistemaren Lege-Proiektua (Gobernu Bilera 2016-02-09)

2016.eko otsailak 09

Gobernu-kontseiluak Euskadiko Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Sistemaren Lege Proiektua onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak hala eskatuta. Behin Eusko Jaurlaritzak onarturik, Eusko Legebiltzarrera igorriko da dokumentua, han eztabaida dezaten.

Indarreango eskumen-esparruak jasotzen duen moduan, autonomia-erkidegoak eskumen esklusiboa du ondare historikoaren arloan –eta bertan txertatzen da dokumentu-ondarea (Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua)– eta Estatuaren titulartasunekoak ez diren artxiboen arloan (EHAEko 10.20 artikulua). Bestalde, Lurralde Historikoei dagokie erakunde komunek zaintzaren eta zaharberritzearen arloan emandako arauak garatzeko eta betearazteko eskumena, bai eta beren titulartasuneko artxiboen gainekoa ere. Azkenik, toki araudian, toki-administrazioei eskuordetzen zaizkie dokumentu eta espedienteak zaintzeko, antolatzeko-, sailkatzeko eta katalogatzeko eskumenak.

Lege-proiektuak hiru helburu nagusi ditu:

  • Euskadiko dokumentu-ondarea babestea, zaintzea eta jendarteratzea.
  • Euskadiko Artxiboen Sistema taxutzea.
  • Herritarrei dokumentuak eskuratzea erraztea.

Adierazitako lehen alderdian, Euskadiko dokumentu-ondarea zaintzeari eta antolatzeari dagokionez, aipatzeko modukoa da Legeak balio iraunkorra dutelako zaindu beharreko dokumentuak zehazteko asmoa duela. Dokumentuen balio iraunkorra ez zaio kulturalki edo historikoki izan dezaketen balioari soilik lotzen; balio administratiboari edo frogatzaileari ere lotzen zaio, herritarren eskubideen eta administrazio publikoen funtzionamendu gardenaren bermatzaile den heinean.

Onartutako testuak gidalerro malguagoak ezartzen ditu, titulartasun publikoko dokumentuen kudeaketa-praxiarekin akortagoak. Aintzat hartu beharrekoa da dokumentu-ondarean ez direla titulartasun publikoko dokumentu guztiak sartzen.

Hizpide dugun lege-proiektuan, honako hauek osatzen dute Euskadiko Dokumentu Ondarea:

  • Legearen 7. artikuluan zerrendatutako titulartasun publikoko dokumentuak, 40 urtetik gora badituzte.
  • 40 urte baino gutxiagoko titulartasun publikoko dokumentuak, Euskadiko Dokumentazioaren Ebaluazio, Hautaketa eta Irispiderako Batzordeak (CESAYDE) balio iraunkorra dutelako hautatu baditu (Legearen 24. artikuluak sortzen du Batzordea).
  • Pertsona fisiko nahiz juridiko pribatuek beren eginkizunen nahiz jardueren ariketan ekoitzi, bildu eta gordetako titulartasun pribatuko dokumentuak, berrogei urtetik gorako antzinatasuna badute.
  • Berrogei urtetik beherako antzinatasuna duten titulartasun pribatuko dokumentuak, Euskadiko Ondare Dokumental gisa izendatu badira, Legearen 14. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

*CESAYDE: Artxibo-teknikariek eta prestigio aitortuko pertsonek osatutako organo bat da. Berari dagokio dokumentazioa hautatzeko irizpideak ezartzeko zeregina. Herritarrek dokumentazioa eskuratzeko irizpideen aplikazio zuzena zainduko du, halaber.

Euskadiko Artxibo Sistemari (EAS) dagokionez, Lege-proiektuak lau organoren inguruan egituratzen du:

   a)    EASen Zuzendaritza. Dokumentu-ondarearen eta artxiboen arloan eskudundutako Eusko Jaurlaritzaren Sailari dagokio.

   b)    Organo kudeatzailea, Euskadiko Artxibo Sistemari dagokion eginkizuna. Legearen 30. artikuluari jarraikiz, legalki sortu da.

   c)    Parte-hartzeko eta aholku emateko organoa, Euskadiko Artxiboen Kontseilua.

   d)    Organo teknikoa, dokumentazioa aukeratzeko irizpideak zehazteko eta dokumentua eskuratzeko irizpideen aplikazio egokia zaintzeko.

Dokumentuen irispideari dagokionez, herritarrak dokumentu interesgarriak eskuratzeko eskubidea azpimarratzen da, betiere, hizpide dugun Legean jasotako araudiak horretarako zilegitzen badu.

   a)    Irispide-arloko araudia errespetatzen da.

   b)    CESAYDE ahalduntzen da irispiderako eskubidearen esparruan indarrean dagoen araudiaren aplikazio egokia zaindu dezan, dokumentazioa eskuratzeko eragozpen bidegabeen aurrean herritarrek duten babesgabetasuna galaraziz.

   c)    CESAYDE ahalduntzen da, 40 urtetik gorako dokumentuen kasuan, dokumentuok eskuratzea galarazten duten arrazoiak indarrean jarraitzen duten azter dezan.

   d)    Dokumentuetarako irispide partziala arautzen da.

Legeak dokumentu eta artxiboei buruzko zehapen-araubide espezifiko bat aurreikusten du. Gaurdaino, zehapen-araubide orokorra aplikatzen zen (Kultur Ondareari buruzko 1990eko Legean aurreikusitakoa).

   a)    Arau-hauste kontzeptua zehazten da eta Legean jasotako arau-hauste mota desberdinak deskribatzen dira.

   b)    Zehapenen mailaketa arautzen da, bai eta zehapen-prozedura, agindutako epeak eta eragindako kalteen ordainak emateko betebeharra ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko