Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Turismo legearen proiektua, aberastasuna eta enplegua sortzen duen eta hazten ari den sektore baten jarduna arautzeko (Gobernu Bilera 2016-02-09)

2016.eko otsailak 09

Eusko Jaurlaritzak turismoko enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta haiek babesteko konpromisoari erantzun dio, bidaiarien eskubideak eta Euskadi-Basque Countryren irudia munduan zabaltzea bermatuz

Sektorean adostasun handia lortuta iritsiko da testua Legebiltzarrera, Turismo Mahaiaren babesari esker. Mahai horretan, turismo-arloan eskumena daukaten Euskadiko sektore eta erakunde guztiak daude ordezkatuta

Eusko Jaurlaritzak turismoari buruzko lege berria onartu du gaur, Euskadin haziz doan eta horren ondorioz bertako ekonomian eta enpleguan, lurralde guztietan, egunetik egunera ekarpen handiagoa egiten ari den sektorearen errealitatea arautzeko helburuarekin.

Turismoko BPGa % 5,3koa izatetik % 6 ingurura igo da azken bost urteetan; hala, EAEko ekonomian ia 4 milioiko ekarpena egiten du. Enplegua lurralde guztietan handitu da, 2015ean Euskadik 3 milioi bisitari baino gehiago izateari esker.

Lege berria sektorearen gehiengoaren babesarekin iritsi da Legebiltzarrera, Turismo Mahaian bi urtez lan handia egin ondoren. Mahai horretan, turismo-industriako sektore eta erakunde eskumendun guztiak daude ordezkatuta eta proposatutako testua publikoki babestu dute.

Testuak turismo-sektoreko araudia eguneratzen du, 7 titulutan antolatutako 109 artikuluren bidez, gaur egungo beharrei erantzun errealistagoa emateko eta EAEko industria lehiakorragoa izatea lortzeko, jasangarritasun irizpideak ere kontuan hartuta.

Eusko Jaurlaritzaren ikuspegitik, lege honen alderdi azpimarragarrienak hiru hitzetan laburtzen dira: AZTERKETA, PARTAIDETZA ETA ARAUKETA.

AZTERKETA. Proposamen honen alderdi guztiak aztertu eta EBko herrialde aurreratuenen esperientziarekin konparatu dira, eta orobat gure erreferentziazko ingurunekoarekin, hots, Estatuko beste autonomia-erkidegoetakoarekin.

Bai sektorearen bai gizartearen ikuspuntutik konplexuenak diren gaiekin lotutako alderdi juridikoak tentuz aztertu dira, bai eta haien balizko ondorioak ere.

Idazketan parte hartu duten talde guztien 456 zuzenketa eta ekarpen aztertu dira guztira, eta horietatik %60,3 onartu dira.

Analisi horren eraginez, turismoan turismo-industriatzat hartuz pentsatzeko beharra sortu da, turismo adimentsuaren kontzeptuari gero eta lotuagoa dagoen sektore garrantzitsua delako.

PARTAIDETZA. Sektoreko eragileak beti hartu dira aintzat, eta dekretuak garatzeko, haiei entzuten jarraituko dugu.

Adostasuna izan da testu honen arrakastaren gakoetako bat. Arlo honetan eskumena daukaten erakundeekin, parte hartu duten udal eta foru-aldundiekin ez ezik, turismo-arloko elkarte, enpresa, prestakuntza-zentro eta sindikatuetako 26 ordezkarirekin batera lan egin da. Horiek aktiboki lagundu dute eta lege hau izapidetzearekin batera horren arau-garapena, dekretuak, egiten laguntzeko ere prest agertu dira.

ARAUKETA. Lege hau espiritu arautzailearekin jaio da, ez debekatzeko, baina bai babesteko. Baita ostatu emateko eskaintzari dagokionez ere. Oso argi geratu behar du Eusko Jaurlaritzak 2 urtez entzun duela sektoreak eskaintza arautzeko egindako eskaria, eta berau aztertu, kontrastatu eta adostasuna bilatu duela, ahalik eta modu onenean egiteko: ez debekatuz, baina ezta ostatu-eskaintza erabat eta bereizi gabe liberalizatuz ere.

Lege honi esker, turismo-erabilerarako etxebizitzen eta turismo-erabilerarako etxebizitzetako gelen alokairuaren erregulazioa gauzatuko da, azken testuan figura hauek jasotzen baitira:

  • Hotel-establezimenduak
  • Apartamentu turistikoak
  • Kanpinak
  • Nekazaritza-turismoko establezimenduak eta landetxeak
  • Aterpetxeak
  • Bestelakoak (etorkizunean figura berriak sortzen badira, kapitulu hau garatu egingo da)
  • Turismo-erabilerarako etxebizitzak eta turismo-erabilerarako etxebizitza partikularretako geletan ostatu ematea

Halaber, interes turistikoko enpresak aintzat hartzea da Lege honen berritasunetako bat. Legeak ez dauka horiek arautzeko eskumenik, ez direlako turistiko hutsak, baina turismoari balio argia ematen dioten jarduerak aitortzen dira. Hala, jarduera ekonomikoaren kontsiderazioa errealitatera egokituko da, non turistei askotariko esparruetan –esaterako, garraioa, kultura, sukaldaritza, eta abar– zerbitzua ematen dieten enpresek jarduten baitute.

Eusko Legebiltzarrari proposatutako testuko beste berritasunetako batzuk hirugarren kapituluan jasotakoak dira. Turismoko Lurralde Plan Sektorial bat garatzeko beharra aipatzen dute, baita helmugaren plan zuzentzaileak garatzeko beharra ere: hasteko, hiru hiriburuekin, euskal kostaldearekin, barnealdearekin eta Arabako Errioxarekin lotuta daude. Horrela, Legeak turismo-baliabideak antolatzeko beharrezko tresnak planteatzen ditu.

Tresna horiek garbi zehaztuko dute zer jotzen den turistikotzat eta zer ez, zergatik eta nola antolatu euskal turismo-mapa zehaztasun handiz.

Laugarren kapitulua turismo-arloko erabiltzaileen eskubideei buruzkoa da. Atal hori aurrerapauso handia da. Lege-proiektuaren idazketan parte hartu duten kontsumitzaile-elkarteek aitortu dute eta Euskadira eta Euskadin bidaiatzen duten pertsonen babes-maila «eredugarri» gisa kalifikatu dute; izan ere, legez, eskubide aitortuak dauzkaten kontsumitzailetzat hartzen dira, Europako estandar zorrotzenei jarraituz.

Azkenik, gogoan hartzekoa da lege honek turismo-jarduera guztia arautzen duela, erabilera eta ohitura berriak kontuan hartuta, orain arte existitzen ez ziren figurak sortuta –adibidez, ostatu-eskaintzan– eta bai enpresen bai bidaiarien eta bertakoen jarduna ere zaintzen dituela.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko otsailak 09

    Comentario de Twitter:
    [#EUSKADI #BasqueCountry] Eusko Jaurlaritzak turismoari buruzko lege berria onartu du gaur ➡ https://t.co/PowXCqmP2j https://t.co/UjnbwOo2y3

Komunikabideek behera kargatzeko